Jazarpena, ohikotasun

Ospa Eguna egingo dute larunbat honetan Altsasun (Nafarroa). Sakana da Europako Batasunean polizia dentsitate handiena duen eremua; hala salatu du Ospa mugimenduak.

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, iaz, Altsasuko Ospa Egunean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Indar polizial zein militarren kanporatzea galdegiteko» antolatu dute aurten ere Ospa Eguna, larunbaterako, Altsasun (Nafarroa). Argudiorik eman dute horretarako. Sakana da Europako Batasunean polizia dentsitate handiena duen eremua; hala salatu du Ospa mugimenduak. Egoerak bultzatuta, Altsasuko Udalak errepresioaren kontrako instantziak tramitatzeko bidea ere ireki behar izan du, polizia indarren gehiegikeriak salatzeko guztiak erregistratuak gera daitezen.

Ospa mugimenduko kideek BERRIAri adierazi diotenez, ETAren iragarpenaz geroztik Euskal Herriaren desmilitarizazioaren gaia «berriz mahai gainean» jarri da, eta Espainiak ez du afera horretan urratsik egiteko «prestasunik» erakutsi. Horren adibidetzat jarri dute, hain zuzen, Sakanan duten egoera. Ibarrean Guardia Zibilaren bi kaserna daude, Irurtzunen eta Altsasun, baita Nafarroako Foruzaingoaren polizia etxe bat ere. Espainiako segurtasun indarrek eragindako militarizazio egoeraren kasu nabarmenetako bat da Altsasu. «Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren egoitzetan, hurrenez hurren, 30 eta 40 polizia inguru daudela kalkulatu da. Hala ere, kopurua handiagoa izaten ahal da, Iruñeko egoitza nagusietatik joan-etorrian ibiltzen baitira Guardia Zibilaren GAR taldeko destakamentuak nahiz Foruzaingoaren eliteko taldeak», esan dute Ospako bozeramaileek. Hala bada, mila biztanleko bederatzi polizia leudeke, Europako Batasunak milako bi gomendatzen dituen arren.

Altsasun eta ibarreko gainerako herrietan Poliziaren presioa neurrigabea dela salatu dute. Kontrol sozialak eguneroko bizitzan eragiten diela: «Patrolen motor hotsarekin, umeek badakite patruila plazatik atera arte ezinen diotela berriro jolasari ekin. Horiek ez dira baldintzak gure seme-alabak bizitzeko».

Kontrolen begipean

Errepide kontrolak dira polizia jazarpenaren erakusgarri argienak. «Batez beste, urtarriletik martxora bitarte, egunero izan ziren kontrolak herrian, horietariko batzuk 48 ordukoak. Altsasuarrontzat kontrol hauek kontrolgune modukoak bilakatu dira, gure mugimendu oro kontrolatzen baitituzte». Kontrol sozialari, isunen bidezko jazarpena ere gaineratu behar zaio. «Herri mugimenduko kide ezagun bati zirkulazio isunak etengabe heltzen zitzaizkion, autoa hondaturik eta, hark eskatuta, udaltzainek zerrapoaz ibilgetu izan arren», adierazi dute. Guardia Zibil nahiz Foruzainaren jazarpenari Espainiako indar militarrena ere gehitu behar da, Aitzoaingo baseko militarrek inguruko mendietan praktika militarrak egiten baitituzte. Mugimenduko ordezkarien hitzetan, «maiz jarrera oldarkorrak izan dituzte menditik ibiltzen zenbiltzan zenbait pertsonak: laidoak, jipoiak edota armekin burura apuntatzea».

Ospa mugimenduko kideek aski argi adierazi dute Altsasun elkarbizitza eta normalizazioa erdiestea «ezinezkoa» izanen dela «Espainiako indar polizial eta armatuek bere horretan mantentzen badira». Hori dela eta, Ospa Eguna antolatu dute beste behin. Halere, formatu ezberdina eman nahi izan diote aurten egunari. Iaz ehun guardia zibil inguruk hartu zuten herria, eta pertsona bat ere atxilotu zuten. Azaldu dutenez, «bertan nork agintzen duen argi gera zedin, indar erakustaldia egin zuten poliziek, Carmen Albak aginduta». «Horregatik, herrian herritarrek agintzen dutela erakutsiko dugu Ospa Egunean». Horrela, larunbat honetan momotxorroek, sorginek, dantzariek eta musikariek hartuko dituzte Altsasuko karrikak.

Era berean, Sortu alderdiak atxikimendu osoa adierazi dio Ospa mugimenduaren dinamikari. Alderdiko eledun Maite Intxaurragak adierazi duenez, «estatuak ez du bere errepresio aparatua deseginen gogo onez; herriaren presioak behartuko ditu pauso horiek ematera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.