PUNTUZ PUNTU

2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ebatzita ditu eskola jazarpen kasuetan ikastetxeek bete beharreko urratsak. Hona hemen pauso horiek, zerrendatuta:

Lehen urratsa: abisua. Jazarpen kasuaren berri izatea da lehen urratsa. Susmoren bat duen profesionalak lehenbailehen jakinarazi behar die inguruko lankideei, eta zentroko zuzendaritza ere jakinaren gainean jarri behar du. Protokoloak dio jazarpen kasuak ikusten oso zailak direla sarri, eta horregatik garrantzitsua dela, portaera bortitzak zuzenean ikusi gabe ere, adi erreparatzea ikasleen jarrera edo umore aldaketei. Zenbaitetan, biktimen familiek zuzenean jotzen dute zentroko zuzendaritzara, susmoren batekin; kasu horietan, akta bat ireki behar izaten da familiarekin bileran hitz egindakoekin.

Bigarren urratsa: lehenengo bilera. Lehen bilera egiten da gaia aztertzeko. Bullying kasu bat izan daitekeela uste bada, administrazioak halakoetarako duen protokoloa abiatu behar du zentroak. Hezkuntza Departamenduko Ikuskaritza jakinaren gainean jarri behar du.

Hirugarren urratsa: babes neurriak. Informazioa biltzen da, eta, komeni bada, ikaslea babesteko neurriak hartzen dira. Kasuarekin lotura duten adingabeen familiak jakinaren gainean jartzen dira. Biktima babesteko hainbat behin-behineko neurri har daitezke: haren inguruko zaintza handitu, babesa eman diezaiokeen pertsona heldu bat aukeratu, harekin mintzatu... Neurriak hartuko dira ustezko erasotzaileei begira ere: haien gaineko zaintza areagotuko da, kontu hartuko zaie, eta abar...

Laugarren urratsa: 'A txostena'. Aurreko urratseko neurri guztiak hartutakoan, eskolak hamabost egun ditu Hezkuntzako Ikuskaritzara txosten bat bidaltzeko: A txostena esaten zaio. Txosten hori oinarri hartuta ebazten bada ez dagoela bullying kasurik, gatazka konpontzeko neurri hezitzaile batzuekin bideratuko da auzia. Aldiz, ebazten bada jazarpen kasu bat izan dela, auzia administrazioarekin batera lantzen jarraitu behar da.

Bosgarren urratsa: 'B txostena'. Bullying kasu bat dela ebatzita, eskolek B txostena esaten zaiona lantzen hasi behar dute. Zuzendaritzak zer neurri zentzagarri hartuko dituen erabaki behar du, ekintza plan baten bidez; Lehen Hezkuntzan neurri arinagoak izaten dira; Bigarren Hezkuntzan, zorrotzagoak, ezohiko prozedura baten bidez bideratzen baitira. Hartzen diren neurriek egindako kaltearen ordaina bilatu beharko dute, eta, ikasle adingabeen kasuan, haien gurasoek ere parte hartu beharko dute zenbaitetan. Neurriek helburu hezitzailea izan behar dute, betiere. Ekintza planaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dira. B txostena ikuskaritzara bidali behar da, eta betetzen ari dela ziurtatu behar da. Egoera guztiz bere onera etorritakoan ere horren berri eman beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.