Hondakinen Legeak dei egiten die udalei atez atekoaren gisako sistemak erabiltzeko

Espainiako Kongresuak ontzat jo du Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legea, eta hondakinak gaika biltzea lehenetsi du. Atea ireki die ontziak eta botilak itzultzeko sistemei

Gaikako bilketa.  Hiri hondakinak atez ateko biltzeko azpiegitura bat, Astigarragan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaki petxarroman
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu egin du Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legea. Orain Senatura eramango dute, tramite luze baten azken urratsa egitera. Ekologistek «anbizio falta» leporatu diote, eta hondakinekin dauden arazo larriei behar den moduan ez erantzutea. Hauexek dira oihartzunik handiena izan duten legearen puntuetako batuk.

Plastikoarengaineko zerga

Kutsatzen duenak ordaintzen duelako premisari helduta, legean aurreikusi dute zerga bat ezartzea birziklatu ezin den plastikoari: 0,45 euro kilo bakoitzeko. Neurri hori, baina, ez da berehala ezarriko. PSOEk eta PPk adostu dute 2023ko urtarrilaren 1erako uztea. Ekologistek kritikatu egin dute atzerapen hori. Julio Barea Espainiako Greenpeaceko Hondakinen Kanpainaren arduradunak gogoratu du «planeta mailako larrialdi egoera bat» dagoela plastikoen kutsaduragatik. «Europan eta Espainiako Estatuan, plastikoaren %40 erabili eta bota egiten diren ontziak sortzeko baliatzen da. Esku artean lehertuko zaigun pandemia isil bat da hori, eta, lege honetan, erabaki dute plastikoaren gaineko zerga hori atzeratzea. Ikusiko dugu nork gobernatzen duen 2023an, eta hark erabakiko du zer egin».

Ontziak itzultzeko sistema

Atzeratzeko arrisku hori bera ikusten du Bareak legeak dakartzan neurri nagusietako batekin; hots, botilak eta ontzi arinak itzultzeko sistema martxan jartzeko aurreikuspenarekin.

Sistema horrekin, edari eta janari latak eta ontziak berreskuratuko lirateke, eta kontsumitzaileak haiengatik ordaindutako dirua berreskuratuko luke itzultzean. Europan badira halako sistemak, eta berreskuratze emaitza oso onak lortu dituzte.

Atzo onartutako legeari ekologistek ikusten dizkioten gabezietako bat da beirazko botilak eta ontziak ez dituztela sartusistema horretan. «Ezinbestekoa da beira sistema horretan sartzea», ohartarazi du Bareak. Beste gabezia bat, hauxe: legeak aurreikusten dituen epeak. 2023an eta 2027an ontzien berreskuratze datuak berrikustea planteatzen dute, eta horren arabera erabakitzea. Izan ere, 2023rako plastikozko botilen %77 bereizita jasotzea jarri dute legean helburu gisa, eta 2030erako %90.

Helburu horiek bete ezean, Ontziak Itzultzeko eta Biltzeko Sistema ezarriko lukete 2023tik aurrera. «Beraz, ez dakigu noizko edukiko dugun ontziak itzultzeko sistema hori. Adarjotze bat da, dagoeneko hamarkada bat galdu baitugu gai honetan alferrik, eta egunero 35 milioi edari lata eta botila botatzen ari gara ingurumenera Espainian», kexatu da Barea. Alemanian, Suedian, Herbehereetan, Danimarkan eta Europako beste zenbait estatutan martxan daude halako sistemak, eta Portugalen laster jartzekoak dira. Hego Euskal Herrian eta Espainian ezarriko den sistemaren ezaugarriak garatu beharko ditu gobernuak errege dekretu baten bidez, behin legea martxan jarri ostean.

Neurri hori atzeratzeko lanean, Ecoembes aritu da —Espainian ontzi arinak kudeaketaz arduratzen den konpainia—, eta banaketa sareko enpresek osatutako lobbya ere bai, ekologistek salatu dutenez.

Egoera pixka bat aldatzen ari da, hala ere, edari enpresa handiak itzultze sistemaren alde jartzen ari direlako pixkanaka. Izan ere, PET motako plastiko berrerabiliak erabiltzeko derrigortasunaezartzen baitu legeak. Plastikozko botilei dagokienez, adibidez, materialaren %25 gutxienez izan beharko da birziklatua. «Espainian, PET plastikoaren %25 bakarrik berreskuratzen da, eta, horregatik Alemaniatik inportatzen ari da birziklatutako PET hori», ohartarazi du Bareak. Botilak egiteko erabiltzen den plastiko mota da PET.

Legea indarrean denerako, hori bai, erabilera bakarreko plastikoak ezin izango dira merkaturatu Hego Euskal Herrian: basoak, platerak, mahai tresnak, kotoi zotzak eta lastotxoak, besteak beste. Uztailaren 1etik egon behar zuten debekatuta, Europaren agindua baita, baina Espainian eta Hego Euskal Herrian atzeratu egin da neurria.

Zabortegien eta erraustegiengaineko zerga

Hiri hondakinak gaika biltzearen garrantzia jasotzen du legeak. Egungo datuak hobetu beharra ere azaltzen du, eta, hala, 2025erako udal hondakinen %55 bereizita jasotzeko derrigortasuna ezartzen du; 2030erako, %60ra iristea; eta 2035erako, %65era. Horretarako, gaikako bilketa sustatzearen garrantzia azpimarratu dute legean, eta «kontuan edukitzea arrakastaz» aurrera eraman diren sistemak, «atez atekoari» erreferentzia eginez.

Materia organikoa bereizita jasotzeko egutegi bat ezartzen du, pixkanaka derrigorrezkoa izan dadin udalerri guztietan. 2022ko uztailetik aurrera, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrientzat nahitaezkoa izango da bio-hondakinak bereizita jasotzea. Gainerakoek, 2024an ekin beharko diote.

Bareak ondo ikusten du hori, baina gaitzetsi du oraindik ere materia organiko horren zatiki inpropioan kantitate handia baimentzea legean, %15 hain zuzen ere. «Hori ezin da horrela izan, konpost horrek ez duelako sarrerarik merkatuan; zorrotzago jokatu behar da horretan».

Euskal Herrian, Gipuzkoan dago hiri hondakinen birziklatze tasarik handiena, 2020an %55era iritsi baitziren, foru aldundiak emandako datuen arabera. Gainerako herrialdeetan nabarmen txikiagoa da tasa hori: %33 ingurukoa Araban eta Bizkaian, eta %40 ingurukoa Nafarroan. Ipar Euskal Herrian %25en bueltan dabiltza, Bil ta Garbik emandako datuen arabera. Europak estatuei eskatu die 2020rako %50eko birziklatze tasara iristeko, eta 2035erako %65era.

Hondakinen prebentziorako helburu batzuk ezartzen ditu: 2030erako %15 hondakin gutxiago sortzea 2010ean baino. Horretarako, hainbat neurri ezarriko dira; besteak beste, erraustegiei eta zabortegiei kanon bat ordainaraztea. Hori ere 2023ra arte atzeratzea adostu dute PSOEk eta PPk.

Bareak ontzat jo du «behingoz» zerga bat ezartzea zabortegiei eta erraustegiei —1,5 eta 40 euro artean, tona metriko bakoitzeko—, eta garrantzia eman dio hori erkidego guztietan ezartzeari. Izan ere, orain arte Katalunian bazen halako zerga bat. Alderdi independentista katalanek gobernuari eskatua zioten legean hango zerga errespetatzeko, baina ez diete onartu eskaera, eta bai ERCk bai Juntsek kontrako botoa eman dute. Hego Euskal Herrian ez dago halakorik; beraz, hori da Euskal Herrira legeak ekarriko dituen beste berritasun nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.