DSBEak 244 euro gehiago beharko lukeela esan dio ELAk Jaurlaritzari

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren herri ekinaldi legegilea legebiltzarrean eztabaidatzeko eta onartzeko eskatu du sindikatuak

Mikel Noval, Amaia Muñoa eta Janire Landaluze, atzo. ELA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Diru sarrera bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonek jaso beharko luketena baino %28 gutxiago jasotzen dute. Zenbaki zehatzagoetan, 244 euro gutxiago oinarrizko errenta jasotzen dutenek, eta 301 euro gutxiago erretiratuek. «Legeak dio gutxieneko soldataren %88 jaso beharko luketela DSBEa jasotzen duten pertsonek, eta pentsiodunek zenbateko horren %100», gogorarazi zuen atzo Mikel Noval ELAko Azterketa arloko buruak. Haren kalkuluen arabera, lege horren zenbatekoak errespetatuko balira, 903 euro jasoko lituzkete DSBEa jasotzen duten pertsonek, eta 1.050 euro pentsiodunek. 2019ko aurrekontu proiektuaren arabera, ordea, 659 euro eta 749 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren. «Murrizketen bideari eusten diote», Amaia Muñoa sindikatuko idazkari albokoaren esanetan.

Muñoak esan zuen irtenbidea badagoela joera hori bideratzeko: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak legebiltzarrean erregistratu zuen herri ekinaldi legegile bat. Otsailaren 7an erabakiko dute ekinaldia tramiterako onartuko duten, eta egun horri begira daude gutunaren eragileak—haien artean ELA bera—.

Iazko otsailean erregistratu zuten herri ekinaldi legegilea, eta urtebeteko bide «luzeegi» baten ondoren iritsiko dira eztabaida horretara. «Atzerapena ez da kasuala izan, EAJk eta PSE-EEk behar izan duten denbora izan da euren DSBEaren lege proposamena idazteko», Novalen irudiko. Apirilaren 27an erregistratu zuten proposamena gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, herri ekinaldia erregistratu eta bi hilabete geroago. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak 51.000 pertsonaren sinadurak batu zituen.

«Demokraziaren aurka»

Muñoak salatu zuenez, legebiltzarkideek ekinaldi legegilea tramitatzearen aurka bozkatuko balute, «demokrazia parte hartzailearen aurkako kolpe bat» izango litzateke. Haren iritziz, garrantzitsua da ekinaldiak aurrera egitea, herritarren babesa izan duelako eta horri babesa emango liokeelako legebiltzarrak. «Pobreziak gora egin du, eta horri aurre egiteko ekinaldia da; Jaurlaritzakoek diote zerga bilketa inoizko handiena izan dela. Hori horrela baldin bada, DSBEak lehentasuna izan beharko luke, eta ez da horrela». Jaurlaritzari «propaganda egiteari uzteko» eskatu zion ELAko buruzagiak.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko beste kide batek, LABek, oinarrizko errentaren gaian «murrizketen bideari» jarraitzea leporatu zion atzo Eusko Jaurlaritzari. «Astelehenero kalera ateratzen diren pentsiodun horiek ez zaizkio axola»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.