Ebatzi dute burua ongi zuela haur bat hiltzeagatik epaitutako gizonak

Umearen ama hiltzen saiatzea ere egotzi dio epaimahaiak. 2016ko urtarrilean izan zen,Gasteizen

arantxa iraola
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Epaiketan argi eta garbi geratu da akusatuaren erruduntasuna; hain justu, berak aitortu du haurtxo bat hil zuela. Alicia zen, 17 hilabetekoa. 2016ko urtarrilaren 25ean izan zen, Gasteizen, Askatasuna kaleko etxe batean; lehen solairutik jaurti zuen umea. Oso larri eraman zuten erietxera, eta han hil zen. Epaiketa herenegun amaitu zen, eta berehala eman du kasuaren gaineko ardura izan duen herri epaimahaiak ebazpena: atzo arratsaldean izan zen, bederatzi orduko gogoeta saio baten ostean. Adierazi dute gizona haurtxoa hiltzearen erruduna dela, eta akusazioen salaketekin bat egin dute: ildo horretan, leporatu diote, era berean, umearen ama hiltzen ahalegintzea, eta ukatu egin dute burutik nahastuta zegoenik erasoa egin zuenean. Aho batez onetsi dituzte epaimahaiko kide guztiek auzi horiei buruzko itaunak; ez du inork ere kontra egin. Erruduna dela ebatzi dute, eta «defentsarako era oro» eragotzi ziela biktimei.

Akusatuaren defentsak ahalegina egin du adierazteko burutik ongi ez zegoela gizona erasoa egin zuenean; are gehiago, era horretan haren absoluzioa eskatzea izan du helburu. Eskizofrenia zuela adierazi zuten hasiera batean, psikosi agerraldi batek jokatzeko era aztoratu ziola argudiatzen ere saiatu ziren. Gau hartan hainbat ahots aditzen zituela esplikatu zuen gizonak epaiketan: haien agindua bete zuela. Hitza hartu duten perituek, ordea, ez dute tesi hori berretsi. Akusazioak «antzerkia» egiten aritzea egotzi dio akusatuari, eta herri epaimahaiak ere ez du ikusi haren jokabidea zuritzeko erarik argudio horietan: atzera bota dute akusatua ez zela bere buruaren jabe erasoa egin zuenean.

Defentsak, halaber, umearen amari egindako erasoan lesioak bakarrik egoztea nahi zuen, baina herri epaimahaiak hura hiltzeko ahalegina ikusi du epaiketan jaso dituen azalpenetan. Erasoa egin zuenean gizonezkoak 30 urte zituen; umearen amak, 18. Aste batzuk lehenago ezagutu ziren biak, eta gizonak proposatuta joanak ziren biak haren etxera. Irakasle ziharduen akusatuak Gasteizen.

Haurraren amak ereukatu egin du akusatua burutik nahastuta zegoela. Harekin elkarrizketa «normalak» izan zituela esplikatu du, eta jokatzeko era arraroa sumatzen hasi zitzaiola behin bere umetxoarekin batera haren etxera joan zenean. Adierazi du, gainera, jokatzeko era hori agertu zela berak uko egin zionean gizonarekin sexu harremanak izateari. Orduan eraso egin ziola esplikatu du. Akusatua, ordea, beste bertsio bat ematen ahalegindu da epaiketan: bien arteko «borroka» bat izan zela esan du. Andreak kontatu du hiltzeko mehatxua egin ziola gizonak, eta kolpeak eman zizkiola. Droga kontsumoaren aldagaia sartzeko ahalegina ere egin du defentsak epaiketan, baina atzera bota dute emakumezkoaren azalpenek: adierazi du ez zuela ikusi gizona alkohola edo marihuana kontsumitzen.

Zigorrik gogorrena

Herri epaimahaiaren ebazpena aintzat hartuta helduko dira orain epaia eta zigorra. Espainiako legediko zigorrik gogorrena nahi dutela berretsi zuten atzo akusazioek —umetxoaren gurasoak eta Clara Campoamor elkartea— eta fiskaltzak; espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzea nahi dute. Euskal Herrian zigor hori eskatzen den lehen aldia da hau. Defentsak jakinarazi du ebazpenaren —edo atzetik datorren epaiaren— kontrako helegitea jartzeko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.