Beste molde batean bilduko dute janaria

COVID-19a eragiten ari den krisia dela eta, Hego Euskal Herriko elikagai bankuek datorren asteko bilketaren garrantzia nabarmendu dute

Boluntario bat, joan den martxoan, Nafarroako Elikagai Bankuaren biltegian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Urteko bilketa handiena Gabonen aurreko kanpainan egin ohi dute Hego Euskal Herriko elikagai bankuek. Datorren astelehenetik larunbatera egingo dute, 16tik 21era, eta, COVID-19a eragiten ari den krisi sozioekonomikoa dela eta, aurtengo bilketaren garrantzia nabarmendu dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako elikagai bankuetako ordezkariek. Bada berritasunik, gainera, izurriak eragindako segurtasun neurriak direla medio: nagusiki, erosketa txarteletan erosleek gehitu ahal izango dituzten elikagai bonuen bidez egingo da bilketa kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. Bonuekin eta diru donazioekin erosiko dituzte, gero, beharrezko elikagaiak.

Araban, nolanahi ere, ohiko bilketa fisikoari ere eutsiko diote, eta hori zazpi supermerkatutara mugatu dute: bost Eroski saltokitara, Gorbeia merkataritza guneko Carrefourrera eta Makrora. Leku horietan azaroaren 20an eta 21ean egin ahal izango da bilketa fisikoa. Arabako Elikagai Bankuaren arabera, molde hori mantendu dute pertsona askok «elikagai fisikoarekin» lotzen dutelako elikagai bankuek bilketa handia esaten diotena. Nabarmendu dute iaz 4.700 pertsona artatu zituztela, aurten 5.500 direla, eta janaria gordetzeko erabiltzen dituzten pabiloietako apalategiak husten ari direla.

Nafarroako Elikagai Bankuak erezenbakiak plazaratu ditu kanpainaren aurkezpenean: joan den otsailean 22.400 pertsona artatzen zituen, eta bederatzi hilabete geroago 25.100 dira; hau da, 2.700 gehiago. Hori kontuan hartuta, elikagai bankuak «elkartasunezko ahalegin bat» eskatu die herritarrei. Ramon Navarro presidenteordeak herenegun egindako aurkezpenean esan zuenez, azken urteotako bilketa garrantzitsuena da aurtengoa.

Bizkaiko Elikagai Bankuak nabarmendu duenez, Gabonen atariko bilketan haien urte osoko jardunaren %25 biltzen dute. «Egoera zein den kontuan hartuta, bilketa urgentziazkoa eta beharrezkoa da», esan zuten kanpainaren aurkezpenean. «Saltokietan ez da boluntariorik egongo erosleak orientatzeko».

Janari banaketa «duintzeko» asmoz, elikagai bankuak banaketa gune bat ireki zuen Bilboko Errekalde auzoan herenegun. 1.500 bat lagun artatuko ditu, eta, horren bidez, «pobrezia begien bistako izatea» eragotzi ahal izango dute. Antzeko azpiegitura bat dute, hain zuzen, Santutxu auzoan.

Gipuzkoako Elikagai Bankua gaur da kanpaina aurkeztekoa. Elkarteak «bilketa birtuala» deitu dio. Ohar baten bidez jakinarazi du aurreko urteetan 600 bat tona bildu zituztela bilketa handiko asteburuan —aurtengo kanpaina luzeagoa da—, eta aurten ere kopuru horretara heldu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.