urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Heldu da Boris

2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek lortu du azkenean. 2016an David Cameronek dimititu zuenean ez bezala, oraingoan gidoia bete da, eta Atzerri ministro ohiak Downing Streeteko 10.eko giltza lortu du. Hiru urteotako errusiar mendian iragarritakoa betetzen den lehen aldietako bat da. Iragarpenik okerrenak bete direla ere esango luke batek baino gehiagok, gobernua nazionalismo ingeles baztertzailearen esku ikusita.

Theresa Mayk lortu ez duena berak egingo duela aginduz lortu du toryen buruzagi eta Erresuma Batuko gobernuburu izatea. Herrialdea gidatuko omen du urriaren 31n Europako Batasunetik (EB) irteteko, eta, hala dioenez, hala sinetsi behar zaio, ahoa irekitzen badu bere egia sinetsi behar zaion beste ilehoriaren antzera.

Marka da: Mayk eskuak libre izateko 2017an aurreratu zituen boz horien ondorioz, toryek gehiengo osoa galdu zuten eta, besteak beste, DUPeko unionisten esku gelditu zen gobernabidea. Parlamentuan eragiteko sartu ziren DUPekoak, eta emaitza ezin eskasagoa izan da: gobernurik ezin adostuta, Londresko aginte zuzenari esker lortu dute gainditzea unionisten abortuaren gaineko jarrera atzerakoia. Brexit gogorraren aurkako dimisioak iritsi dira Johnsonen garaipenaren berri izan bezain laster —bestela ere, hark kanporatuko zituen, ziurrenik, itunik gabeko muturrekoekin osatzeko—.

Bost axola zaio edonora begiratuta ere bere asmoen ezina agertzea. Westminsterrek aurrea hartu zuen iragan astean: udazkenean parlamentua Erdi Aroko lege berezien bidez ixteko eta bere oniritzirik gabe brexit-a gauzatzeko tentazioaren aurrean, ezetz esan dio, ez duela onartuko diputatuek bozkatzen eta onartzen ez duten irteerarik.

«Laino Mantxako kanalean, kontinentea bakartuta gelditu da» esaera ezagunaren antzera bereiz daitekeela saldu gura du, biharamunean bertan legokeen segurtasun falta eta kaosa gezurtatuta. Itsasartearen beste aldetik datorkion mezua argia da: beharrezkoak izango dira bilerak aurrerantzean ere, baina Mayrekin onartutako ituna ez dago ukitzerik, besteak beste urte eta erdiz landutako testua delako, eta EBko beste 27ek onartu dutelako —Espainiak Gibraltarrerako klausula berezia inposatu nahi izan zuen—.

Kanalaren beste aldean daukan oztopo nagusiak «beste» itsasora begiratzen du; mendebalderantz, Irlandako itsasoaz gaindik. Ohiko bihurtu da «50 urte ilargira heldu garela eta, nola ez dugu ba...» esaldia, eta Irlandako mugarako erabili gura izan zuen Johnsonek. Baina ez, ez da erdibiderik: EBtik erabat bereizita egon gura baduzu, merkantzien eta pertsonen kontrol zehatzarekin, mugak behar dituzu. Uhartea zarelarik, lagungarri zaizu geografia, baina zure eremua uhartetik kanpo ere baden neurrian, aduanarekin arazo bat duzu: itsasoan jarri gura ez baduzu, zure lurraldea amaitzen den lekuan jarri behar duzu. EB hasten den lekuan. Irlandako uhartearen erdian, Derrytik Donegalera edo Newrytik Dundalkera, eta ehunka kilometroan dauden kamio, bidexka eta zubietan. «Teknologia» da Irlandako mugarako brexit-aren aldekoen berma magikoa, macguffin-a, baina oso errealak dira mugaldeko komunitateak eta Ipar Irlandako herritarren kezkak.

Paradoxikoa da gobernua DUP itsuaren botoen menpe egotea, baina Irlanda batuak inoiz baino hurbilago dirudi. Berdin Eskoziako bigarren galdeketak. Ideia aspaldi zebilen egosten, 2014ko hutsak azpimarratuta daude eta eskoziarrek gehien gorrotatzen duten politikarietako batek agintzen du, beren erabakien aurka. Erreferendumak izan zezakeen akuilurik indartsuena joan da Downing Streetera.

Hurbileko itsasoetatik arazoak eta oztopoak ditu Johnsonek, bere etxean bertan ere ez dira gutxi, eta uharte berean iparraldea matxinada betean sartzear du. Irlandako itsasoko sardinzarra astindu zuen berriki ekitaldi batean, Maneko itsasoko kontserba fabrikak Europaz nazkatuta zeudela jakinarazteko. Eta mandarrek berehala egin diote burla: uhartea ez da EBko kide —ezta Erresuma Batuko zati ere, Koroaren dependentzia bat da—. Hau da, brexit-aren beharrik gabe daude 28en klubetik kanpo, baina, era berean, EBko arau guztiak betetzen dituzte, ezinbesteko baitzaie Europan saltzeko. Horixe azaroan Cityko enpresei datorkien panorama: europar araudiak bete behar, baina haietan eragiteko gaitasunik eza.

Babesik garrantzitsuena, itsasorik handienaren beste aldetik datorkio. Inperio zaharraren miran Europako burokratez libratu gura, eta kolonia zaharren morroi agertu da Johnson, erarik umiliagarrienean, Kim Darroch enbaxadoreari babesik eman ez eta Donald Trumpen txakur leialarena jokatu duenean. Gezur sasoia dator Westminsterrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.