Baionako eguneko harrera gunea hetsi dute, lokaleko baldintza txarrengatik

Etxegabeentzako eguneko zentroa kudeatzen duen elkarteak hartu du erabakia. Herriko Etxeak «aterabide bat» hitzeman die egunotarako

Etxegabe bat Baionako karrika batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Herenegun hetsi zuten etxegabeentzako Baionako eguneko harrera gunea. Lekua kudeatzen duen elkarteko bulegoak hartu zuen erabakia. COVID—19ari aurre egiteko neurrien ondorioz, leku eskasean geratu dira langile, laguntzaile eta etxegabeak. Izan ere, maiatzetik irailerako tartean, konfinamendua arintzeko denboran, 150 bat lagun heldu ziren egunero harrera gunera. Gainera, azken egunetako aro gaiztoak lokala erabilezina utzi duela esan dute; Lesseps kaian kokatua da gunea, eta urak gainezka egin zuen leku horretan.

Atherbea eginkizun sozialerako elkarteak kudeatzen du gunearen funtzionamendua, baina Herriko Etxeak du lokalaren ardura. Christine Lauque gizarte aferetako axuantak azaldu du «komunikazio arazo bat» gertatu dela bi egituren artean. Segurtatu du Herriko Etxea harrera gune berri baten bila ari dela; epe motzerako lehenik, eta epe luzerako ondoren. «Lokal berri baten bila ari gara duela zenbait aste. Asteartean gune bat bisitatzeko proposamena egin nion Atherbeako zuzendariari, eta hark lokaleko arduraduna abisatu zuen. Baina ez nuen harekin hitz egin ahal izan hesteko erabakia hartu aurretik», deitoratu du Lauquek.

Halere, atzo arratsaldean lokal berria bisitatu ahal izan zuten harrera guneko arduradunek, eta bi asteren buruan ireki beharko lituzke ateak. Anartean, Herriko Etxeak gela bat prestatuko die, konfinamendua egiteko etxegabeentzako behin-behineko harrera lekuak «gainezka egin» ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.