Pastor
DARWIN ETA GU

Gogorik ez gaur arratsean

2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ba ote dago ezetzik gabeko ezetzik? Noiz eta non? Jean Claude Kaufmann soziologo frantziarrak erantzun ditu galderak: bikoteen logeletan, emakumearen eta gizonaren desirak elkartzen ez direnean. Kaufmannek bikoteen harreman intimoak aztertu ditu Pas envie ce soir: le consentement dans le coupleGogorik ez gaur arratsean: onespena bikotean— liburuan. Batez ere, bikote heterosexualenak.

Ikerlaria France Inter irratian mintzatu da kaleratu berri duen lanari buruz. Hark adierazi duenez, oraindik badago tabu bat bikotean. Tabu hori desira da. Haren ustez, Me Too mugimendua ez da ohera iritsi. Kalean arrakasta izan du, baina logelan betiko arauek agintzen dute oraindik: andre askok gogorik gabe izaten dituzte sexu harremanak. Erlazio intimoetan tabu bat dago desirarik eza azaldu, ulertu eta onesteko garaian. Soziologoak elkarrizketatutako hainbat emaztek aitortu dutenez, sexu-gogorik izan ez arren gizonari bere lana egiten uzten diote, hura ez frustratzeko. Ezkontzako eginbidea barneratu dute. Ez dira zama horretatik askatu. Haien jokaerak aspaldiko esaldia gogorarazten du: «Masturba zaitez nire izterren artean eta lehenbailehen bukatu, mesedez».

Kaufmannen arabera, kontraesan batean bizi gara. Gaur egun inoiz baino libreago hitz egiten dugu sexuari buruz. Hamaika liburu, bideo eta tutorial ditugu eskura. Horiei esker, hainbat teknika ikasiei ditugu. Kleopatra felazioen erregina eta Rasputin zakil fina amateurrak dira gure ondoan. Baina bada kontu bat,deskodetzen ikasi ez duguna: desira.

Izan ere, adituak jakinarazi duenez, emakumearen sexu-onespena eremu gris bateko alderik grisena da. Ezezkorik ez agertzeak, «ez» ez esateak, ez du nahitaez «bai» esan nahi. Gizonak baiezkoa dela pentsa dezake, baina emakumeen aldetik ez da horrela. Kaufmannen ikerketan agertu denez, erlazio sexualak andrazkoaren desirarik gabe izaten dira sarri. Indarkeria, bortxarik gabekoak dira, baina emazteak ez du sexu jardun hori nahi. «Gaur ez dut gogorik», esaten du batzuetan, baina ez beti. Orduan, makurtu egiten da, senarraren nahiari men egiteko. Semaforo berdea ematen dio gizonari. Eta ezkontzako eginbidearen itzalak logela argitzen du berriro ere. Onespenari dagokionez, Erdi Aroko arauek agintzen dute gure XXI. mende moderno hipersexualizatuan.

Liburuan azaltzen denez, emakumeek ez dute desirarik ezaren berri eman nahi, bikotea hautsiko ote duten beldur. Bestalde, andreak desirarik ez izatea maitasuna bukatu izanaren seinaletzat jotzen dute gizonek. Inkomunikazio itzela. Esperientzia horretan «sufrimendu sexualaren mugagabetasuna» sumatu du Kaufmannek. Hala ere, bikote asko «drama horrekin» bizitzera ohitzen dira. Sexua tristea bada ere, senar-emazteek aurrera segitzen dute erlazioan. Sexuarekin edo sexurik gabe. Plazerarekin edo plazerik gabe. Izan ere, Kaufmannen esanetan, bikotearen barruan egotearen plazera plazer sexuala bera baino plazer handiagoa da: «Sexualitatea pastelaren gaineko gerezia da». Gerezia gozoa da, baina segituan amaitzen da. Pastela, ez.

Maitasun erotikoa desirari lotua da. «Maite zaitut, baina ez zaitut desiratzen». «Desiratzen zaitut, baina ez zaitut maite». Zein da esaldirik mingarriena? Bada okerragorik: «Ez zaitut maite eta ez zaitut desiratzen». 40 urte izango ez zituen emakume ezkondu baten kasua ezagutu nuen behin, horren adibidea. Lantokiko bulegoko mahaian bi argazki jarriak zituen. Eskuineko koadroan, seme-alabak zeuden, bi ume txiki irribarretsu. Ezkerrekoan, gizon eder bat—guapo-a, esango genuke euskaldun modernook—. Halarik ere, ez dut uste haien aita zenik. Haurrak inoiz bulegora joan balira, ez zuten jakingo gizona nor zen. Eta ez zuten ulertuko zer egiten zuen koadro horretan, haien argazkiaren ondoan. Urte batzuk geroago, bai: ezagutu egingo zuten. Eta, agian, aise ulertuko zuten haien amak zer sentitzen zuen goizero Hollywoodeko aktore ezagun haren begirada seduzitzaileak bere desira laztantzen zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.