Erregulazioak luzatzeko aukera, «gertu»

2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gertu dago ABEE aldi baterako enplegu erregulazioei buruzko akordioa. Beharko, datorren asteartean amatuko delako pandemiari lotutako erregulazioen azken luzapena, eta azken hilabeteetan izan duten babesa galtzeko arriskuan daude dozenaka mila euskal herritar. Ez da, ordea, halakorik gertatuko, Espainiako Gobernuak iragarri baitu ABEE berezi horiek irailaren 30era arte luzatuko dituela. Nola luzatzen dituen, horixe dago eztabaidan.

Luzapen hori adostuta egiteko beste aukera bat dute gaur. Azken bilera izateko aukerak baditu, astelehen arratsaldean egindakoan izan zirelako aurrerako urrats batzuk, eta, gainera, epeak ate joka ari direlako. Espainiako Gobernua aztertzen ari da ostiralean ministroen kontseilu berezi bat egitea erregulazioen luzapena onartzeko. Agian, bilera horretan eman diezaioke oniritzia autonomoen langabezia sari bereziak luzatzeari.

Asteak daramatzate negoziazioan Espainiako Gobernuak, CEOEk, CCOOk eta UGT. Sindikatu horiek eta patronalak eskatu zioten gobernuari abenduaren 31era arte luzatzeko, argudiatuta sektore batzuk ez direla itzuliko egoera normal batera COVID-19aren aurkako txertoa aurkitu arte. Gobernuak, ordea, ez ditu hainbeste luzatu nahi, kostu handia dakartelako eta enpresak bultzatu nahi dituztelako langileak berriro hartzera.

Abendura arte ez dituztela luzatuko argi esan zuen atzo Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, Tele 5 telebistan, baina iradoki zuen egoerak hartara behartuko balu egingo luketela. «Begirada luzearekin ari gara». Akordioa «gertu» ikusten du ministroak, baina horretarako amore eman beharko dutela esan die sindikatuei eta patronalari: «Berriro ere Espainiarekiko konpromisoa erakutsi behar dute,enpresak eta lanpostuak salbatzeko». Konpromiso hori zertan datza? Onartzea enpresek gizarte kotizazio handiagoak ordaindu beharko dituztela orain erregulazioan dituzten langileen truke, eta enpleguari sei hilabetez eusteko konpromisoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.