Plan berriak ez dauka babesik

Corbynek Johnsoni egotzi dio 'brexit'-aren itunerako alternatiba ez dela «errealista». Tusk ez dago «konbentzituta». Ipar Irlandako Poliziak ez du mugarako pertsonal gehiago kontratatzeko asmorik

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan, brexit-aren akordiorako egindako proposamen berria aurkezten. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak «esfortzu gehigarri bat» egin duela iruditzen zaio Boris Johnsoni, «malgutasun handia» erakutsi duela «Europako lagunengana» iristeko. EB Europako Batasunarekin hilaren 19rako brexit-erako egin beharreko akordiorako proposamen alternatiboaren berri eman zuen herrialdeko lehen ministroak herenegun, eta plan berria Komunen Ganberan plazaratu eta defendatu zuen atzo. Baina Theresa May aurreko lehen ministroak joan den azaroan Bruselarekin adostutako itunak parlamentuan babesik ez baldin bazuen eduki—hirutan bozkatu zuten kontra—, Downing Streeteko 10. zenbakiko maizter berriarenak ere ez. Ez etxean, ez Irlandako Errepublikan, ez eta Bruselan ere.

Irlanda banatzen duen mugan ezarri beharreko erregimenean egin ditu aldaketak Johnsonek. Backstop delako protokoloa ordezkatu nahi du. Dibortzioaren ondorengo bi urteko trantsizio epean Londresek eta Bruselak etorkizuneko harremanerako akordiorik gabe bukatuko balute ere, Irlandan ez lukete muga gogorrik ezarriko, eta backstop-a indarrean sartuko litzateke, Mayk negoziaturikoaren arabera. DUP Ipar Irlandako alderdi unionistakoek, brexiteer gogorrenen aliatuek, ez dute hori onartzen, eta, horrenbestez, Johnsonek planteatu du Ipar Irlanda EBko aduana batasunetik ateratzea, baina hori bermatzeko muga fisikorik ezarri gabe, eta Ipar Irlandak merkatu komunean jarraitzea, gutxienez 2025era arte.

Johnsonek atzo nabarmendu zuenez, formula berriarekin «politika komertzialaren kontrola» hartu ahal izango du Erresuma Batuak. Izan ere, bermatu nahi du Erresuma Batua guztia aduana batasunetik aterako dela, modu horretan merkataritza itun berriak negoziatzen hasteko. Hori dela eta, Jeremy Corbyn oposizioko buruak «[Donald] Trumpen moldera egindako brexit bat» nahi duela aurpegiratu zion. Alderdi Laboristako liderrarentzat, proposamena ez da «errealista»,eta pentsatzen du Erresuma Batuko ekonomiari «kalte egingo» liokeela; «batez ere Ipar Irlandakoari»—hango enpresa taldeek ez dute begi onez hartu lehen ministroak proposatutakoa—. Iruditzen zaio, gainera, Ostiral Santuko Akordioak, 1998ak, Irlandan gatazka armatua bukatu eta aldaketa politikoak eragiteko oinarriak ezarri zituenak, «zulatuko» lituzkeela.

Muga fisikorik ez dela egongo esan du Johnsonek, baina modu batera edo bestera, bi muga egongo dira haren plana aintzat hartuta; horietako bat, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean mugituko diren merkataritzarako gaiak kontrolatzeko. Horren harira mintzatu zen Simon Byrne Ipar Irlandako Poliziaren burua, atzo, eta azpimarratu zuen ez dutela langile gehiago kontratatuko horretarako. «Normaltasuna eta eguneroko zaintza bermatzeko gaude; ez, ordea, kontrol pertsonalizatuak egiteko». Erresuma Batuko hedabideek filtratu dutenez, lehen ministroari hori jakinarazi zion Byrnek, joan den ostiralean.

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak atzo esan zuenez, Johnsonen alternatiba «motz» geratzen da «hainbat aspektutan». Haren iritziz, gainera, Irlanda aduana eremu diferenteetan egoteak «zailtasun handiak» eragingo lituzke. Mugako erregimena 2021etik 2025era ezarriko lukete, eta lau urtean behin berritzeko aukera edukiko lukete bi aldeek. Ipar Irlandako Asanblea da aldeetako bat —Brusela bestea—, baina itxita dago 2017tik.

Varadkarrentzat, bestalde, Irlandako Errepublikako Parlamentuak ere eduki beharko luke brexit-erako akordioaz bozkatzeko aukera. «Europako Parlamentuak bozkatzen badu, Komunen Ganberak bozkatzen badu, gure parlamentuak ere bozkatu beharko luke».

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak herenegun adierazi zuenez, planak «aurrerapauso baikorrak» ditu, eta Donald Tusk Europar Kontseilukoak atzo nabarmendu zuenez, berriz, Irlanda «babesten» du,eta ez dago «konbentzituta» Johnsonen asmoekin. Hilaren17an eta 18an dira Europar Kontseilua egitekoak.

Bigarren erreferenduma

People's Vote bigarren galdeketaren alde lanean ari den plataformaren arabera, YouGov enpresak egindako azken inkestak erakusten du britainiarren %52 leudekeela brexit-erako bigarren galdeketa egitearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.