Europak Espainia babestu du, eta Junqueras baztertu

Europako Parlamentuak ukatu egin dio eurodiputatu izaera. Torrari diputatu akta kentzeko agindu du hauteskunde batzordeak

Oriol Junqueras, Espainiako Kongresuan, iazko maiatzean. GUILLEN / EFE.
Gorka Berasategi Aitor Manterola
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Oriol Junqueras eurodiputatu modura onartzeari utzi dio Europako Parlamentuak. Diputatu gisa aitortu zuen joan den asteartean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hari eurodiputatu izaera eta immunitatea onartu zizkion epaian oinarrituta. Atzo, ordea, atzera egin zuen. Parlamentuak bere egin du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzitakoa, horrenbestez. Gorenaren esanetan, Junqueras ezin da eurodiputatu izan, iazko urriaren 14an hamahiru urteko espetxealdira eta inhabilitaziora zigortu zuelako Espainiak. Argudio hori bera erabili zuen Espainiako Hauteskunde Batzordeak.

Hain zuzen, Europako Parlamentuak Hauteskunde Batzordearen erabakia hartu du erreferentzia gisa. «Europako Batasuneko jurisprudentziaren arabera, Parlamentua behartuta dago estatuetako epaitegiek behin betiko hartzen dituzten erabakiak aintzat hartzera», adierazi zuen atzo.

ERCk, jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela Europako Batasuneko Justizia Auzitegian; haren ebazpena «guztiz argia» dela uste du, eta Espainiak Junquerasi eurodiputatu izaera kendu nahiko balio suplikatorio baten bidea jarraitu behar zuela erantsi du. PPk eta Ciudadanosek, ordea, txalotu egin dute Europarlamentuaren jarrera aldaketa. «Espainiak» eta «Zuzenbide Estatuak» irabazi dutela adierazi dute.

David Sassoli Europarlamentuko presidenteak, dena den, etziko osoko bilkuran jakinaraziko du Junquerasi akta ez emateko erabakia. Baina, aldi berean, Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatu gisa berretsiko ditu, eta 2019ko uztailaren 2tik aurrera hala izan direla aitortuko die.

Junquerasi buruz Europako Parlamentuak hartu duen erabakia gogor gaitzetsi zuten haren alderdikideek. Diana Ribaeurodiputatuak atzo esan zuen«Europa okerrera eramateko lanean» ari direla Espainiako eragile batzuk, eta Eduard Lopez idazkaritz nazionaleko kideak arriskuez ohartarazi zuen: «Estatuen Europaren logika inposatzen denean, atzera egiten duela askatasunaren eta eskubideen Europak».

Junquerasek atzo beste ezezko bat ere jaso zuen. Izan ere, habeas corpus-a eskatu zuten Artur Junqueras haren aitak eta Neus Bramona bikotekideak. Manresako (Herrialde Katalanak) epaitegian aurkeztu zuten eskaria, eta ukatu egin zieten. Epaitegiaren esanetan, ezin zaio habeas corpus-a aplikatu sententzia baten bidez espetxeratutako preso bati.

Torra: «Presidentea naiz»

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen atzo Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearen inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uzteko eskaria. Argudiatu zuen Kataluniako Parlamentuak duela azken hitza auzian, eta hark oraingoz ez duela urratsik egin Torra inhabilitatzeko, eta, beraz, ez zaiola beharrezkoa iruditzen Hauteskunde Batzordeak onartutako zigorra etetea. Hari horri tiraka, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak ebazpen bidez jakinarazi zuen atzo iluntzean Torraren diputatu akta baliorik gabe uzten duela. Ondorioz, zerrendako hurrengoari eman dio Torraren lekua, Ferran Mascarelli. Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazi du Torrak diputatu izaten jarraitzen duela eskubide osoz. Bestela ere, alderdi independentistak defenditzen ari dira diputatu akta kenduta ere presidente izaten jarraitu ahalko lukeela.

Gorenaren erabakiaren ondoren, Torrak hitz egin zuen, eta adierazpen instituzionala irakurri. «Kataluniako diputatua eta presidentea naiz, eta ez dut onartuko nire inhabilitazioari buruzko ebazpenik. Independentismoaren aurkako errepresioaren beste kasu bat da, eta horrelakoak amaitzeko eskatzen dut».

Auzitegi Gorenak, baina, ez dauka atzera egiteko asmorik Kataluniako buruzagi politikoen aurkako auzibideetan, eta Pablo Llarena epaileak atzo bertan erabaki zuen indarrean mantentzen direla Carles Puigdemonten eta Toni Cominen aurkako euroaginduak, eta berretsi egin zuen Espainian atxilotzeko agindua. Aitortu zuen, hala ere, bi politikari erbesteratuak eurodiputatuak direla. Baina Europako Parlamentuari eskatu zion bien immunitatea bertan behera uzteko.

Bestalde, irailean atxilotu eta «terrorismoa» leporatuta preso zeuzkaten CDR errepublikaren defentsarako batzordeetako azken bi kideak baldintzapean aske utzi zituzten atzo. Atxilotutako beste bost kideak abenduan atera ziren baldintzapean kalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.