Pastor
DARWIN ETA GU

Aberri Eguneko heroiak

2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenean, hainbat medikuk protesta egin zuten Pakistanen, Quetta hirian, koronabirusaren kontrako borrokan beren burua babesteko materialik ez dutelako, Dawn egunkariak argitaratu duenez. Hedabide pakistandarraren arabera, Polizia osasun arloko langileei oldartu zitzaien: gogotik kolpekatu zituen, eta 60 lagun atxilotu. Segurtasun indarrak mediku eta erizainen kontra. Heroi batzuk —oraingo terminologia erabilita— beste heroi batzuk egurtzen. «Pakistanen gertatu da, ez Euskal Herrian. Ez konparatu hango egoera eta hemengoa», esango dute. Bai, bai. Baina...

Pandemiak errealitatea zenbateraino desitxuratu duen konturatzeko balio du Pakistango errepresioak, hemendik milaka kilometrora gertatu arren: koronabirusaz baliatuta, nahasketa bitxia aurkeztu digu goiko botereak, hainbat sektore lapiko batean sartuta: medikuak, erizainak, soldaduak, guardia zibilak, poliziak, jendarmeak, ertzainak, supermerkatuko langileak, garraiolariak, prentsa saltzaileak... Denak heroiak. Eta orain txalo egin, ume. Txalo: xirula mirula kantari…

Osasun arloko profesionalek ez dute heroiak izan nahi. Gaztetan, zer izan nahi zuten galdetzen zietenean, ez zuten «heroiak» erantzuten, «medikuak» edo «erizainak» baizik. Duintasunez eta segurtasunez egin nahi dute behar. Gabeziak eta lan-baldintza eskasak bihurtzen ari dira heroi. «Heroiak dira», esan digute. Eta heroien zakuan soldaduak eta poliziak ipini dituzte. Hortxe ditugu, auto-afirmazio ariketak egiten. Espainiako eskuin muturrak bultzatutako mezua iritsi zait telefonora: «Gure heroiak dira. Eskerrik asko». Irudian dozena-erdi bat lagun: soldadua, polizia, guardia zibila, medikua, erizaina, dendaria... Eta Espainiaren bandera handia. Polizia eta soldadu kopurua osasungintzako langileena baino handiagoa da muntaia horretan. Legioaren ahuntza besterik ez da falta. Hori ere heroia, mediku eta erizainen pare.

Aberri Egunari begira, proposamena egin du herritar talde batek. Balkoi eta leihoetan ikurrinak jartzeko eskatu du. «Euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo euskarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea» dute helburu sustatzaileek. EAJk agiria kaleratu du. Igandean, «esparru soziosanitarioko langileak, oinarrizko zerbitzuetako eta segurtasuneko langileak» omentzeko deia egin du.

Osasun eta segurtasun arloko profesionalak goratzen hasi gara krisi honetan. Batera jarri ditugu bi lanak, ia maila berean. Ohore handia da polizia izatea, bai. Beren burua erreibindikatzen ari dira gure poliziak? Haietako batzuen jarduera zuritzen? Beste lan batzuk ez ditugu hainbeste estimatu orain arte. «Balio ez badu, joan dadila supermerkatu bateko kutxan lan egitera». Esaldi klasista hori gogoratzen? «Orain ikusten ari gara celebrities gabe bizi gaitezkeela, baina apal-betetzailerik gabe, ez», adierazi du Jonathan Freedland kazetari britainiarrak, zorrotz.

Behinola, askatasunaren alde borrokan ibiliak omentzen genituen Aberri Egunean. Orain osasunaren eta segurtasunaren alde ari direnak ditugu gogoan. Kontuz, baina, osasuna-ekonomia eta osasuna-segurtasuna binomioak ez ote diren ekonomia-osasuna eta segurtasuna-osasuna bihurtuko. Edo okerrago: segurtasuna-ekonomia. Eta ez gehiegi kexatu, segituan erantzungo dizuete eta: osasuna exijitzen diguzue orain, baina gero lana exijituko diguzue. Non utzi dugu «osasuna eta askatasuna» hura?

Ez da zaila asmatzea amesgaizto honetatik esnatzen garenean zer etorriko den. Gure eskubide sozialei erasotzeko saioak izango dira. Murrizketak egin nahi izango dituzte. Non? Nori? Osasungintzako profesionalekin batera lan-baldintza duinak eskatzera irteten bagara, ikusiko dugu nola erreakzionatuko duten, txilibitu baten soinuak aginduz gero, beste heroi horiek. Zein heroik kolpekatuko gaituen kalean, eta zein heroik artatuko gaituen erietxean. Orduantxe igarriko diogu, bada, benetako heroiak nortzuk diren. Heroiak baldin badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.