Pastor
DARWIN ETA GU

'To sex or not to sex'

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Dendatik irten baino lehen, mezua utzi dio saltzaileari, umoretsu. «Hona normalean etortzen diren euskaldunei esan berrogeialdian denbora aprobetxatzeko: asko irakurtzeko eta asko egiteko larrutan». Koarentenan gaude, bete-betean. Zenbat liburu irakurri dugu jadanik? Zenbat aldiz jo dugu larrua? Txortan egiteko garairik onenean gaude?

Konfinamenduaren ondorioz ume asko jaioko direla iragarri dute zenbait adituk. New York hiriko 1965eko itzalaldia aipatu dute. Handik bederatzi hilabetera izan zen jaiotza kopurua. Apagoia eta kalentoia, bai. Gau bateko ezustekoa izan zen, baina. Egun, nor hasiko da haur bat ekartzea planifikatzen, gerorako egiten diren pronostiko ekonomikoei erreparatuz gero? Denetik egongo da, baina egoera desberdinak dira.

Larrialdiek mugaraino eraman ahal gaituzte. Arau sozialak malgutu egiten dira. Zenbait kasutan, lehertu. II. Mundu Gerran Erresuma Batuan izaniko laxatze sexualari buruz idatzi du, oraingo krisiaren harira, David Brooks-ek The Atlantic aldizkarian. Naziak Londres bonbardatzen hasi, eta biharamunik ez zegoen irudipena zabaldu zen. Herritarrak lur azpian, metroan gordetzen ziren, bata bestearen ondoan. Intense social connection, kazetariaren hitzetan.

Jendea azken eguna balitz bezala bizi zen. Eta hori sexuaren arloan nabaritzen zen. Adulterio kasuak ugaldu egin ziren. Gizarteak ez zuen hain txarto epaitzen hori. Edo beste alde batera begiratzen zuen. Graham Greene britainiarraren The End of the Affair nobelak ematen du giro eta bizipen horien berri. Alta, koronabirusak urrundu egiten gaitu. Guztiok gara balizko eramaile susmagarriak. Tabernak eta leku publikoak itxita daude. Nola konektatu? Ez gaude metroan pilatuta. Etxera heldu, eta kontuz bikotekidea kutsatuko ote dugun.

Ez da jolaserako sasoi aproposena. Kataluniako Sexologia Elkarteko lehendakariorde Antoni Bolinches-ek adierazi duenez, pandemiak muturrera eroango ditu kili-kolo dauden bikoteen harremanak. Dibortzio asko etorriko dira. Edo ugaldu egingo da ofizialki bereizi gabe bereizita bizi diren bikoteen kopurua, geroko egoera ekonomikoak bidea itxiko baitio, batzuetan, dibortzioari. Berrogeialdian itogarria izan daiteke etengabeko bizikidetza. Bi aste osorik elkarrekin oporretan pasatzen ditugunean gertatzen bada, zer ez da izango bi hilabetean elkarren ondoan egon behar badugu, halabeharrez. Eta etxe barruan, ez Karibeko hondartza batean, Ron Collins bana eskuan. Gainera, sexologo katalanaren ustez, estresak ezbaian jar dezake gizonak maitasun erromantikoan duen ohiko rola: pertsona sendoa, babesa eta oreka ematen dituena. Nola erreakzionatuko du andreak senarra hipokondriako hutsa dela ikusten badu, histeriko dabilela eskuak garbitzen, berak baino beldur handiagoa diola birusari? Mitoa erori egingo zaio.

Horri gure egungo exijentzien maila gehituz gero... Inoiz baino selektiboagoak omen gara, errealitateak maitasun kontuan beti bezain fin edo baldarrak garela frogatzen segitzen duen arren. Baina zeinen ederra den selektibo hitza! Orain ez da nahikoa norbait maitatu eta zaintzea. Eta berak gu. Ez. Orain gure potentzial guztiak garatzen lagundu behar digu pertsona horrek, gure psikologoa eta coach-a izan behar du, gure ni onena atera behar du. Berak, ez guk! Eta gauean mandolina jotzen ere jakin behar du, Corelli kapitainak bezala. Nola da esaldi hori? «Zerbait aportatzen didan pertsona» (kar, kar, kar). Zu maitatzea ez da, bada, nahiko ekarpena, kalamidade hori?

Hori dela eta, konfinamenduak estresa eragingo du elkarrekin bizi diren bikoteen artean, Bolinchesen arabera. Elkarrengandik urrun bizi diren bikoteek hobeto eramango dute krisia. Soilik horien sexualitatea piztuko da. Gora sexu birtuala. Adituek diote: hobe sexurik gabeko desioa desiorik gabeko sexua baino.

Balantzea egiteko garaia etorriko da, irakurri edo larrutan egin dugun jakiteko. Edo bietan jardun dugun. Denbora sobera dugu. Aukera eta gogoa? That's the question.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.