Valery Giscard d'Estaing

Bihotz batzuen monopolioa

Frantzia «modernizatzeagatik» egin zen ezagun Giscard d'Estaing, nahiz eta gerora oihartzun txikiena izan duen presidentea bilakatu. Ustelkeria kasu batek haren agintaldi bakarra zipriztindu zuen.

OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Valery Giscard d'Estaingentzat, paradoxa izan zen Frantziako presidente karguan egin zuen agintaldi bakarra, 1974tik 1981era: hein batean bada ere, estatua «modernizatzeagatik» egin zen ezagun, estatuburu karguari estilo berri bat emateagatik, 48 urterekin kargu horretara iritsitako politikaririk gazteena izanik, eta egun gizartean sakon iltzatuta dauden errealitate eta eskubide batzuen sustatzailea izateagatik. Eta, halere, harena da, denborak aurrera egin ahala, V. Errepublikako legealdien artean oihartzun txikiena izan duena; izan ere, neurriez haratago, hastapenean berritasuna irudikatzen bazuen ere, azkenerako Luis XV.a Frantziako eta Nafarroako erregearen antza zuela esaten hasi ziren. Herritarrentzat burgesegia ere izan zen, garai hartan adierazi zutenez.

Giscard d'Estaingen, hots, Frantziaren azken mende erdiko erreformista sakonenaren agintaldia aldaketa eta une garrantzitsuz eta entzutetsuz josita egon zen. Horietako asko ezkerreko indarrek gustura sustatuko zituztenak izan ziren, baina azkenean eskuindar batek egin zituen: abortua despenalizatzea, heldutasunera iristeko adina 21etik 18ra jaistea, eta dibortzio adostua legeztatzea.

Euskal Herriari begira, bestelakoa izan zen haren agintaldia, orduan hedatu baitzen Espainiaren indarkeria parapoliziala Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, batez ere Batallon Vasco Españolena; besteak beste, Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagia zena hil zuten 1978an, Angelun (Lapurdi). Frantziako presidente zela, Nafarroa Beherera bisita bat egin zuen, Arhantsusi herrira, 1976ko maiatzaren 27an. Bazkaltzera gonbidatu zituen herritarrak, estatuburua hautatzeko bozetako bigarren itzulian jaso zituen botoak eskertzeko; izan ere, Arhantsusiko herritar guztiek haren alde bozkatu zuten.

Ekintzez haratago, zenbait adierazpenek ere ospe berezia sorrarazi zioten Frantziako presidente ohiari, batez ere 1974ko bozen bi itzulien artekoek: «Ez duzu, [François] Mitterrand jauna, bihotzaren monopolioa. Iraganeko gizona zara». Iraganekoa izan ala ez, Mitterrand bera izan zen hurrengo presidentea, 1981eko bozak haren aurka irabaztean; Le Canard Enchainé aldizkari satirikoak Giscard d'Estaingi leporatu zion Afrika Erdiko Errepublikako presidente Jean-Bedel Bokassaren partetik 150.000 euroko balioa zuten diamanteak jasotzea, eta horrek eragin handia izan zuen emaitzetan.

Hain justu, kargua uztean izan zuen beste une entzutetsu bat, agurra emateko agerraldian: hitzaldia «agur» batekin amaitu, eserlekutik altxa, eta atzean zuen ateraino joan zen. Bidea, ordea, espero baino luzeagoa izan zen; eserleku huts horren eta ibilaldiaren irudiek oihartzun handia izan zuten, eta txantxa askotarako balio izan dute, hamarkada luzez.

Estatuburu izan aurretik Ekonomia eta Finantza ministro izan zen, 1962-1966 eta 1969-1974 urteen artean, Charles de Gaullerekin eta Georges Pompidourekin. Eliseoa uztean, gehienbat bere bi eremu kuttunenez arduratu zen: Auvernia eskualdea gobernatzeaz, eta gerora EB Europako Batasuna deituko zena garatzeaz.

Alemanian jaio zenez eta alemanez hitz egiten zuenez, lotura handia izan zuen herrialde horrekin, eta Alemaniako Errepublika Federaleko kantziler Helmut Schmidtekin batera G-7aren eta Europar Kontseiluaren sustatzaileetako bat izan zen, eta 1992ko Maastrichteko Itunaren atzean egon zen; EBko Konstituzioaren egileetako bat ere izan zen, nahiz eta 2005ean Frantziaren eta Herbehereen ezezkoa jaso zuen galdeketan.

Azken urteotan albistegietako lehen lerrora itzuli zen, Alemaniako kazetari batek sexu erasoak egin izana leporatu baitzion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.