Ziurgabetasunak jota

'Brexit'-ak martxoaren 29an sartu behar zuen indarrean, eta Erresuma Batuak egun hartan atera behar zuen Europako Batasunetik. Apirilaren 12a da orain epe berria, baina ez dago argi zer gertatuko den, eta zalantza da nagusi herritarren artean; besteak beste, Eskozian bizi diren euskaldunen artean.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren satira bat, Glasgowko horma batean. MIREN MANIAS.
Miren Manias.
Glasgow
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Brexit-aren atarian, Eskozian bizi diren euskaldunek ez dute kezka bakarra azpimarratzen; izan ere, bakoitzak egoera desberdina dauka. Mikel Bastarrika (Urretxu, Gipuzkoa, 1975) 1998an etorri zen. Energia berriztagarrien alorrean lan egiten du, haize errotak jartzen dituen enpresekin elkarlanean, «haizearen baliabidea» aztertzen. Urteen poderioz «bertakotu» egin da, eta orain «lagun minak» ditu Glasgown. Brexit-ak, ordea, zalantzaz bete du; «horrek dakarren ardurarekin». Ez dago seguru jendeari kalte psikologikoak eragin ote dizkion brexit-ak. «Baina azken bi urteotan frogatu dugu ez dagoela jakiterik Erresuma Batuan bizi garen europarrei zuzenki nola eragingo digun». Eta zalantza horiek areagotu besterik ez dira egin azkenaldian, Theresa May lehen ministroaren eta Londresko parlamentuaren arteko desadostasunak tarteko.

Arrate Gomez (Bilbo, 1984) 2012an iritsi zen Eskoziara. Ia sei urte daramatza ingeniari mekaniko gisa lanean, eraikinen diseinuan espezializatutako Glasgowko aholkularitza enpresa txiki batean. Gomezek ez du brexit-aren eragin handirik sumatu, «momentuz». Zerbait nabarmentzekotan, liberaren jaitsiera aipatu du. «Hemengo monetaren balioa lehen egunetik murriztu da; %15-20 txikiagoa da orain». Gainerakoan, dena nahiko antzeko dabilela dio. «Lantokian suertatzen diren eztabaidak izan ezik». Horregatik, ez da «gehiegi» kezkatzen. «Gertatzen denean egingo dut, hala bada azkenean...».

Itxaso Moreno (Barakaldo, Bizkaia, 1976) 1999an etorri zen Eskoziara. Aktorea da, eta mutil lagun eskoziarra dauka. «Hogei urtez harreman pertsonalak eta profesionalak hemen garatu ondotik, oso errotuta sentitzen naiz Eskozian». Morenokonartu du «antsietate arazoak» dituela Erresuma Batuko ziurgabetasun politikoa dela eta. «Emozionalki, era askotan nabaritzen dut brexit-aren eragina. Gogorik gabe, haserre eta mesfidatiago nago, beste gauza askoren artean». Javi Lopez (Amurrio, Araba, 1983), berriz, euskara eta gaztelania irakaslea da Edinburgoko Unibertsitatean. 2012an etorri zen Eskoziara. Dioenez, etorkina izatea ez da gauza erraza «inoiz», baina brexit-arekin «are zailagoa» bihurtu da. «Eguneroko bizitzan, paranoia egoeran bizi zara askotan. Esaterako, ospitaleko itxarongelan zure izen-abizen arrotzak ozen aditzen direnean, ez dakizu ondoan dagoena zer pentsatzen ari den. Alegia, brexit-aren aldekoa den ala ez. Atzerritarrok gizarte segurantza zerbitzua ustiatzen ari garelakoan dago? Horrek mesfidantza areagotzen du, eta ez da batere ona elkarbizitzarako».

Ustekabeko emaitza

Eskozian bizi diren euskaldun gehienentzat «ustekabea» izan zen brexit-aren emaitza. Gomez erraz mintzatzen da brexit-aren emaitza jakin zuen egunaz. «Gogoan dut Bilbon nengoela, asteburu pasa. Ustekabez harrapatu ninduen baiezkoak, egia esan, bereziki 2014ko Eskoziako independentzia erreferenduma galdu eta gero. Nire inguruko jendeari entzun nion Europako Batasunean geratzeko botoa emango zuela». Morenok, berriz, «erabateko» sorpresa hartu zuela azaldu du. Lopezek ere ez zuen halako emaitzarik espero. «Halere, giro nahasia zegoen brexit-aren aldekoek egindako kanpaina xenofoboagatik. Alde batetik, immigrazioaren aurkako botoak, eta beste aldetik Europako burokraten kontrako indarrek ahalbidetu zuten brexit-a», azaldu du.

Brexit-aren aldeko erantzuna eta emaitza sorpresa izan ziren Bastarrikarentzat ere. «Erreferendumaren atarian bi aldeak oso orekatuak zeudela zioten komunikabideek, baina brexit-aren aldekoak isiletik ibili ziren, Eskozian behintzat, eta hortik ustekabea». Gogoratzen du biharamunean brexit-aren aurka zegoen agintari bat baino gehiago goibelduta eta harrituta ikusi zuela, baita brexit-aren aldeko kanpaina egin zuen bat baino gehiago ere.

«Arazoa», Ingalaterran

Lopezek uste du kalean ez zela eztabaida handirik. «Nahiz eta jende asko inoiz ez den europarra sentitu, ez dut uste haientzako lehentasuna zenik. UKIP [Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia] agertuta, David Cameron Erresuma Batuko orduko lehen ministroak eskuin muturreko eskari bat sartu zuen programan hauteskundeak ez galtzeko: brexit-a. Eta hortik, gaur egungo anabasara». Horregatik, uste du brexit-aren erreferendumetik herrialdea bitan banatuta dagoela.

Agerikoa da Erresuma Batuko Gobernua krisi larrian dagoela. Baina «arazo nagusia Ingalaterran dago, herrialde gisa oso banatuta baitago», adierazi du Morenok. «Alde batetik, Ingalaterrako nostalgia inperiala dago, eta, beste alde batetik, Ingalaterra modernoa; pentsatzeko modu nostalgikoa atzean utzi eta aurrera egin nahi duen gizartea, hain zuzen ere». Herritarrak nekatzen hasi dira, halaber. Gomezek uste du, esaterako, brexit-ari buruz beste erreferendum bat egingo balitz ezezkoak irabaziko lukeela. «Soilik brexit-ari buruz ezer gehiagorik ez entzuteko». Dioenez, gaiarekin sortu den nekeak ere eragin du Eskoziako industriako zenbait lantegik ixteko erabakia hartzea.

Bastarrikak «beltz» ikusten du Erresuma Batuko egoera politikoa. Brexit-a «guda baten gisan» ikusten du; baina ez EBren eta Erresuma Batuaren artekoa, «agintarien eta boteredunek elkarlanean» sortutako guda ekonomiko gisa baizik. «Norgehiagokan zein nagusituko, ahalik eta etekin handiena atera nahian, horrek herriarentzat eta gizartearentzat ekar ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe». Gipuzkoarraren aburuz, Londresek «ustezko gozokia saldu zion bati baino gehiagori, baina brexit-aren alde egin zuten asko ez dira iritzi berdinekoak orain, argiago baitauzkate brexit-aren zailtasuna eta etorkizuneko zalantza».

Eskoziako gizartea

Eskoziarren gehiengoak brexit-aren aurkako jarrera erakutsi zuen 2016an. Ordutik, herrialdean bizi diren euskaldunen arabera, gizartea ez da aldatu. Lopezen arabera, esanguratsua da bizi den hirian (Edinburgo) %75 brexit-aren aurka egotea. «Horrek lasaitzen nau, baina Erresuma Batuaren parte izanik ondorio guztiak jasango ditugu».

Bastarrikak dio eskoziarren gehiengoak brexit-aren kontra bozkatu izanak ez duela aparteko eraginik izan haren Eskoziarekiko sentimenduan edo tratamenduan. «Eskoziarrak orokorrean abegikorrak dira, eta ongietorria eman diete atzerritar askori. Onartua eta lagundua izan naiz Eskozian orain artean; hitz onak besterik ez ditut onartu nauen herri honentzat». Morenok ere hitz onak besterik ez ditu Eskoziako gizartearentzat. «Eskozian bizitzearekin lortu dut nire zentzutasunari eustea! Halere, badakit nire bizitza Westminsterren eta Ingalaterraren esku dagoela; hortaz, ez naiz batere babestuta sentitzen».

Elkarrizketatuek adierazi dute ez dutela laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzatik, ezta informaziorik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.