Albistea entzun

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian.
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko abenduak 4

Uzbekistanen, 22 herritarren kontrako epaiketa hasi du hango Auzitegi Gorenak, Karakalpakstan eremu autonomoan iragan uztailean piztu ziren protestengatik. Eskualdearen autodeterminazio eskubidea arriskuan zela salatzeko deitu zuten mobilizaziora. Liskar handiak izan ziren, eta fiskaltzak hogei urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusatuei; besteak beste, boterea indarrez hartzen saiatzea egotzita.

Uzbekistango Konstituzioak Karakalpakstango Errepublikari aitortzen dio independentzia erreferenduma egiteko ahalmena, baina gaitasun hori ezabatuko lukeen konstituzio erreforma iragarri zuen Xavkat Mirzioiev Uzbekistango presidenteak, joan den ekainean. Karakalpakstan da Uzbekistanen autonomia estatusa duen lurralde bakarra. Konstituzio propioa du, eta estatuko gobernuarekin duen harremana bitarikoa da, aldeen artean negoziatutako hitzarmenen bidezkoa.

Uztailaren 5erako antolatu zuten lehen protesta. Uzbekistango Gobernuaren aginduz, atxilo hartu zuten manifestazioen sustatzaileetako bat: Dauletmurat Tazhimuratov abokatu eta kazetaria —auzipetuta dago aste honetan hasi den epaiketa batean—. Atxilotu zuten egun berean, uztailaren 1ean, kalera irten ziren manifestariak.

Mobilizazioetan 21 hildako izan ziren —hamazazpi zibil eta lau polizia—, 500 atxilotu baino gehiago eta 250 zauritutik gora. Uzbekistango Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen aste batzuetan, eta Interneterako konexioa eten.

«Atzerriko indarren» esanetara aritzea egotzi zien Mirzioievek protesten bultzatzaileei, eta herrialdea desegonkortzeko helburua izatea. Hori bai, presidenteak konstituzio erreformarako proposamena bertan behera uztea erabaki zuen.

Uztailaren 1ean eta 2an Karakalpakstanen izandako liskar horien gaineko ikerketa sekretupean atxiki du Uzbekistanek. Gordeta eduki du epaiketa noiz hasiko zen ere. Joan den astelehenean ekin zioten, eta aurreko egunean jakinarazi zuten albistea. Auzia ez da irekia izango, eta soilik gobernuak baimendutako kazetari batzuek ikusi ahal izango dute. Epaiketa Bukhara hirian egiten ari dira, Karakalpakstango hiriburu Nukustik eta Uzbekistango Taxkent-etik 600 kilometro ingurura.

Uzbekistango Zigor Kodearen arabera, justiziak hogei urterainoko espetxe zigorra ezar diezaioke manifestazio bat antolatzen duenari, eta bost urte arterainokoa presidentea kritikatzen duenari. Neurri horiek adierazpen askatasunaren kontrakoak direla salatu dute HRW Human Rights Watchek eta AI Amnesty Internationalek, besteak beste. Justizia ahaleginean ari da Karakalpakstango ekintzaile gehiago epaitzeko, eta hainbat estradizio eskari egin dizkio Kazakhstani.

Eskubide urraketak

Mirzioievek 2016an hartu zuen estatuburu kargua, eta, ordutik, zenbait erreforma ekonomiko eta sozial bultzatu ditu. Erakunde batzuek, ordea, herritarren oinarrizko eskubideak sistematikoki zapaltzea egotzi diote. HRWek uztaileko protesten dozenaka bideo eta argazki aztertu ditu, eta ondorioztatu du poliziak «arma hilgarriak» erabili zituela «justifikaziorik gabe» era baketsuan manifestatzen ari ziren herritarren aurka.

AIk ikerketa independente bat eskatu dio Uzbekistango Gobernuari, estatuko indarrek manifestarien kontra erabili zuten indarraren gainean. Torturak herrialdean ohiko praktika bat direla ere salatu du.

Karakalpakstan biztanle dentsitate apaleko eremua da. Desertua da lurraldearen %80. Bi milioi herritar baino gutxiago bizi dira han —35 milioi biztanle ditu Uzbekistanek—, nahiz eta estatuko lurren heren bat hartzen duen. Erdialdeko Asiako eremurik pobreenetako bat da, Aral itsasoaren desagertzea dela eta. Haren lehortzeak gatzez eta hondakin kimikoz beteriko desertu toxiko bat utzi zuen. Ondorioz, oso ohikoak dira minbizi kasuak eta biriketako gaixotasunak. Gainera, haurren heriotza tasa handia da oso.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zelenski eta Von der Leyen, iazko apirilean, Kieven ©EFE

Ukrainak bi urteko epean sartu nahi du EBn

Igor Susaeta

Erdoganek adierazi du Suediarekin eta Finlandiarekin biekin batera negoziatu beharrean bakarka negoziatuko duela bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeaz.

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

Joan den urtarrilaren 26an Boluarteren aurka Liman egindako manifestazio bat. ©EFE

Bozak aurten egiteko, Boluartek konstituzioa erreformatzea planteatuko du

Igor Susaeta

Kongresuak hauteskundeak aurten egitea onartzen ez badu, presidentearen lege proiektuetako baten helburua da urriko bigarren iganderako deitzea.

 ©EMILIA GUTIERREZ / LV

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.