Arrauna

Pasaian ariko dira berriz KAE 1 ligako taldeak gaur, erlojuaren aurka

Duela bi asteko eremuan jokatuko dute. Bi egunetara da Bandera hau, eta bihar erabakiko da, Pasaiako beste eremu batean

Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Arraunlariak lehen egondako lekura itzuliko dira gaur, eta lehenaldiko une hori ez dago oso urrun. Duela bi aste, KAE 1 ligako taldeak Pasaian aritu ziren arraunean, Errenteriako Bandera jokoan zutela, eta gaur ere eremu berean aritu beharko dute. Bi egunetara izango da, biak ligarako puntuagarriak, eta bandera bihar erabakiko da, Pasaian bertan, baina beste eremu batean:launaka, baina bikote bakoitza bere aldera ateratzen den lekuan (18:00).

Erlojuaren aurka ariko dira gaur, lau luze eta hiru ziabogatara, ibaia eta itsasoa uztartzen dituen lekuan. Normalean erlojupekoak berez izaten dira berdinduak, eta bada beste datu bat gaurkoa horrelakoa izango dela esateko: duela bi asteko estropada. Oso alde txikiak izan ziren KAE 1eko jardunaldi hartan, eta ez espero ezberdintasun handirik gaurkoan ere.

Bitan banatuko dituzte KAE 1 ligako hamabi taldeak, eta sei talde aterako dira lehendabizi, minutuz minutuko tartearekin. Horiek bukatzean ekingo diote beste sei taldeek. Sailkapenaren arabera egingo da taldeen banaketa. Eguraldi eta itsaso onak espero direnez, garaileak bigarren multzoan egon behar luke. Astillero liderra, Isuntza eta Deustu dira faboritoak, eta Getaria ere hor sartu behar da, joan zen igandean aukera ia guztiak galdu bazituen ere Lekeition mailaz igotzeko kanporaketan sartzeko. Zarautz ere ezin baztertu, lan ederra egin baitzuen.

Orain dela hamabost eguneko estropada hartan, Pasaian bertan, Isuntzak astindu zuen bandera, eta gainean izan zituen ondorengo talde hauek: Astillero, segundo batera; Deustu bira, Zarautz laura, eta Getaria, seira. Sailkapenean ere estu samar daude gauzak, baina bada koskarik taldeen artean. Astillerok Isuntzak baino lau puntu gehiago dauzka, eta lekeitiarrek beste horrenbesteko tartea ateratzen diote Deusturi. Lehen bientzat izango da saria, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dutelako.

Banderararen lehian ez ezik, estropada hura berdindua izan zen erdialdetik behera ere. Lapurdik egin zuen seigarren, eta San Juanek hamargarren, eta sei segundoko koska bakarrik egon zen bien artean. Goialdean igoerako kanporaketan sartzea jokoan dagoen bezala, hainbat taldekjaitsierako kanporaketari egin nahi diote ihes azpialdean. Portugalete behera joango da zuzenean, oso zuloan delako, eta Hibaikak ere arrisku handia dauka kanporaketa jokatzeko. Beste lekuari ihes egin nahian, San Juan, Arkote eta Zumaia sei puntuan daude, atzetik aurrerako hurrenkeran. Gaurko lanak bukatuta, bost jardunaldi baino ez zaizkie geratuko liga amaitzeko KAE 1 ligan.

Espainiako txapelketa, gaur

Gizonezkoetan, beste estropada bat ere jokatuko da gaur: Espainiako Txapelketa. Castro Urdialesen izango da (Espainia), eta lau euskal talde ariko dira titulu horren bila: Urdaibai, Hondarribia, Zierbena eta Orio. Txanda bakar hori 18:00etan hasiko da. Iaz, leku berean, Urdaibaik irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.