Euskal PENen hiru bizialdiak

Euskal PEN klubaren ibilbidea aztertzen duen atala ere badakar liburuak. Hiru aldi bereizten dira haren historian; 2004. urtean abiatu zuten hirugarrenez, eta lanean segitzen du ordutik.

Ainhoa Sarasola.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Euskal PEN klubaren ibilbidea errepasatzen duen atala gehitu dute euskarazko edizioaren azken orrialdeetan, Mintegik eta Urtzi Urrutikoetxeak idatzi dutena. Lana euskaratzeko eskaintza jaso aurretik hasi ziren taldearen historia biltzen, mendeurrenaren karietara PEN Internationalek hala egiteko eskatu baitzien. Mintegik azaldu du ehundik gora dokumentu bildu zituztela Sabino Arana fundazioan, eta horretan ari zirela jakin zuten hainbat ikerlari, historialari eta lagunek ere, aurkituz joan ahala, gutunak eta bestelako materialak bidali zizkietela.

Hiru epe edo bizialdi bereizten dira Euskal PEN klubaren historian. Lehen biak laburragoak izan ziren, eta hirugarrena du luzeena, 2004tik gaurdaino heldu dena.

Lehen taldea 1950. urtean sortu zuten erbestean zeuden hainbat euskal idazlek. PEN Euskal Bilkura erakundea eratu zuten, Idazkortz izena hartu zuena. Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Federico Krutwig, Txomin Peillen eta beste hainbat izan zituen kideen artean, eta Miarritzen (Lapurdi) izan zuen egoitza. Urte berean lortu zuen PEN Internationalen onarpena; Edinburgon eginiko kongresuan aho batez eta bozketarik egin gabe, txaloaldi baten bidez aitortu zuten talde berria. Ordea, baliabide faltagatik eta biltzeko ezintasunengatik, bi urte baino ez zuen iraun.

1987an, bigarrenez abiarazi zuten kluba beste hamaika euskal idazlek. Baina, egitura eta baliabide faltagatik, ibilbide laburra egin zuen egitasmoak ordukoan ere.

Hirugarren bizialdia Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari lotuta heldu zen. Kazeta itxi zutenean, kazetari auzipetuak PENen kasuen zerrendan izan zirela, eta PEN katalana nazioartean auzia salatzen «oso aktiboa» izan zela ekarri du gogora Mintegik. Itxieraren lehen urteurrenean, 2004ko otsailean, talde katalaneko kideak hainbat euskal idazlerekin bildu zirela, eta Euskal PEN kluba sortzera animatu zituztela ere gogoan du. Urte bereko apirilean ehun bat euskal idazle bildu ziren Donostian, eta aurrera egitea erabaki zuten. Proiektu horrekin joan zen Mintegi maiatzean Bartzelonan egin zen bilkura batera. Irailean, berriz, Norvegian egin zuen PEN Internationalek bere urteroko kongresua, eta bertan izan ziren euskal ordezkariak. «Aho batez eta bozketarik egin gabe, zutik ipinita eta txalo eginez onartu zuten Euskal PEN. Oso polita izan zen, horrela onartu zutelako lehen Euskal PEN taldea ere 1950ean, Edinburgon».

Euskal zentroaren historia jasotzen duen atala separata batean ere eman dute argitara. Mintegik azaldu du Etxepare Euskal Institutuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dutela liburuaren euskarazko edizioa, eta diputazioak eman ziela separata egiteko ideia. «Asko gustatu zitzaigun, eta euskaraz eta ingelesez egitea bururatu zitzaigun. Orain, horrekin edonora joan gaitezke gure zentroaren historia kontatzera, edonon ulergarri izateko eran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.