KRITIKA. Antzerkia

Errepidean

2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun

'El salto de Darwin'

Egilea: Sergio Blanco. Zuzendaria: Natalia Menendez. Antzezleak:Juan Blanco, Cecilia Freire, Olalla Hernandez, Teo Lucadamo. Eszenografia: Monica Boromello. Argiztapena: Juan Gomez-Cornejo.

Oihala altxatu denean, ezkerrean telefono bat farola batean itsatsirik, eskuineko aldean roulotte txuria eta erdi-erdian 1971ko Ford Falkon autoa. Horren barruan, aita, ama, alaba eta haren bikotekideak Argentina osoa zeharkatuko dute, Malvinetan hil dieten semearen errautsak haizeztatzeko. Hegoaldeko hormagune-harana dute jomuga, hiru egunetako joanaldia. Road movie antzera egituratzen den antzezlan honetan, gerraren oihartzunaren itzala hondoan dagoela, familiari hildakoaren mamua eta haren maitalea gehitzen zaizkie. Horrela, testua errealismo magikora edo antzerki poetikora hurbiltzen saiatzen da, batetik; eta, bestetik, sorpresa nahiz komikotasun maila igotzeko saiakera egiten du azken pertsonaia hori profitatuz.

1982ko ekaineko azken astean kokatzen da ekintza, Malvinetako Puerto de Darwin izeneko parajean, gudaren amaiera ekarriko zuen batailaren egunetan. Gertatzen ari denaren berri kotxeko irrati eta roulotte-ko telebistaren bitartez izaten dute protagonistek. Bitxia bada ere, mindurarik gabeko bidaiari arruntak balira bezala aritzen dira, mahaitxo tolesgarriaren bueltan eseritako kezkarik gabeko kanpinzaleen gisara, txisteak kontatzen eta garagardoak edaten ematen baitituzte errepide ondoko afalostekoak. Noizbehinka familia guztietan dauden tirabirak, tarteka-martekako eztabaida txikiak, bidaietako ohiko ika-mikak, noizbehinka insomnioak eragindako gaubela bakartiak. Baina, hala eta guztiz ere, ematen du —pertsonaien portaeragatik— beste aldera begiratzen dutela, gaiak izan ditzakeen alde beltza samurtu nahi izan duela Sergio Blanco egileak, eta hor hasten dira gure zalantzak eta harridura. Sarraskia gertatzen ari zen bitartean, argentinarrek Munduko Futbol Txapelketan omen zuten begirada iltzatuta; jokabide horren antzera, gure familia bidaiaria mahai-gaineko gerra jolasaz entretenitzen da, arrantzan zein ehizan aritzen dira gizonak, solasaldi arinetan emakumeak. Eta testuan ez dela ezer ere falta esango genuke, baina, aldi berean, giro oniriko azpimarratuago batek egoera zein bukaera aldeko endredoak hobeto ulertzen lagunduko liguke. Bestela, gure ustez, inkongruentzia gisa irakur daitezke zenbait pasadizo eta ez lizentzia poetiko eran.

Madrilgo Teatro Españolek eta Festival de Otoñok ekoitzitakoa dela irakurtzearekin batera, muntaia garesti eta handia izango dela espero du ikusleak eta ez du huts egiten. Eszenografia oso zaindua erabiltzen dute, efikazia handiz, nortasun garaikidekoa, à la page esaten dena. Era horretan ez da ezer ere falta: proiekzioetako irudiak manipulatzeko mahaitxoa begi bistan, 1970eko hamarkadako argazkien eta filmazioen kolore horizta ederrak, errepideetako filmei omenaldiak zein 1980ko hamarkadako ingelesezko abestiak eta horien itzulpenak hondoaren kontra. Ez da ezer falta eta, lan honen tonuak guztiz konbentzitzen ez gaituela pentsatzearekin batera, Argentinan estreinatzeko izan zuen debekua burura etorri, eta zalantzak uxatzen zaizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.