EIBAR 0 AT. MADRIL 1

Mamua beste behin ere

Eibarrek galdu egin du berriz Atletico Madrilen aurka Ipuruan, eta zazpi partidako bolada ona eten zaio. Bigarren zatian ondo aritu arren, ez du asmatu aukeretan
Kike Garcia, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Ipuruan.
Kike Garcia, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Ipuruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Aitor Manterola -

2018ko urtarrilak 14
Gola. 0-1: Gameirok (21. min). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak: Eibarreko Ivan Alejori eta Ramisi; eta Atletico Madrileko Godini. Bestelakoak. 6.186 ikusle Ipuruan.

Atletico Madrilek eten dio Eibarri zazpi partida luzeko bolada ona. Ezin zen beste talde bat izan. Sekula santa ez dio irabazi aurkari horri Lehen Mailan denetik, eta atzoko emaitza txarra liburu beltz honetako beste kapitulu bat gehiago izango da.

Etsigarria behar du izan armaginentzat urtea joan eta urtea etorri antzeko aldartearekin bukatzea hauen kontrako partida: ez galtzeko moduan aritu, baina beti galtzea tokatu.

Partida hasiera luze egin zitzaion Eibarri atzo. Aurkariaren beldur egongo balira bezala aritu ziren etxeko jokalariak hasieran. Nagusi izan zen erabat kanpoko taldea aurreneko 25 minutuetan, eta ez zuen partida erabakita utzi Dmitrovicen ate aurrean behin bakarrik asmatu zuelako. Gameirok egin zuen hori, 21. minutuan, nola ez kontraeraso batean Griezmannen pasea baliatuz, area barruan. Txikitu egin zuen erasoko baliabide azkar horrekin Simeoneren taldeak Mendilibarrena hasiera luze horretan. Correak eta Kokek aukera onak izan zituzten gol gehiago sartzeko.

Eibarrentzat onena zen bizirik zegoela. Gol bakarra zuen gainditzeko. Espainiarrek aurretik jarri eta segituan, baloia Eibarri eman zioten, ordura arte beraiek nahi bezala erabili bazuten ere. Eskuin hegaletik egin zituen eraso ia guztiak Eibarrek lehen zatian, baina erremate bakarra izan zen, Charlesena, buruz, 29. minutuan; ez zuen atera bota, jarrera behartuan.

Berdinketa merezi izan zuen

Atsedenalditik bueltan, antzera jarraitu zuen partidak, baina Eibarrek beste bizitasun bat eta aniztasun handiagoa erabili zuen erasoan. Ezkerretik ere hasi zen gora iristen, Inui eta Jose Angelen bitartez, eta Orellanak eskuin hegaletik barrura egiten zituen mugimenduek mesede egin zioten etxeko taldeari erasoan.

Nagusitasuna ez zen gauzatu kolpe batean, baina pixkana etxekoak estu hartzen joan ziren kanpotarrak. Jakina da Atletico eroso egoten dela halako egoeretan, eta atzo ere ez ziren urduri jarri jokalariak, baina uneren batean estu antzean ibili ziren.

Diopek debuta egin zuen Eibarrekin, azkeneko hogei minutuak jokatuz, eta eman zion zelai erdiari indarra baloirik gabeko lanean, eta gora bultzatzeko kemena. Pare bat kornerretan, Oliveira gai izan zen buruz errematea egiteko, baina erdira bota zuen baloia bietan, Oblaken eskuetara. Inuiren jaurtiketa ona atezainak urrundu zuen 84. minutuan, eta aukera onena Kikek izan zuen 89. ean, baina gutxigatik joan zen kanpora burukada. Penaltia ere egin zuen Augustok 91.ean, baina ez zuen adierazi Mateu Lahoz epaileak.

Kontuak kontu, mamu beltza kolore zuri-gorrikoa izango da aurrerantzean ere Eibarrentzat beste denboraldi batez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna