Realak eta Osasunak Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko dute gaur Irunen

Txuri-urdinek laugarren finala kateatuko dute segidan; gorritxoentzat, aldiz, bigarrena izango da. Edukiera mugatua izango da; %20koa

Gorosabel eta Budimir joan den sasoiko lehian, Taxoaren. IÑIGO URIZ / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Joan den sasoiko Euskal Herria Txapelako aurkariak aurrez aurre egongo dira aurten ere. Reala eta Osasuna ariko dira gaur (20:30, ETB 1) Irunen (Gipuzkoa), Gal futbol zelaian. Iazkoarekin alderatuta, aurkariak aldatu ez diren arren, zerbait aldatu da: V. Euskal Herria Txapelaren finalean zaleak egongo dira. Joan den denboraldiko finala ikuslerik gabe jokatu zuten bi taldeek, Anoeta estadioan. Imanol Alguacilen taldeak altxatu zuen kopa; 1-0 gailendu zitzaion Osasunari. Jagoba Arrasateren jokalariek mendekua hartu nahiko dute, eta garaipena eskuratzen ahaleginduko dira. Bestalde, Euskal Herria Kirolak Jon Andoni Goikoetxea Realeko eta Osasunako jokalari ohia omenduko du finalean.

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkartearen ordezkariak partidaren inguruan nabarmendu du ez duela ikusten «inor faborito». Gainera, Realak, partida bat nahikoa ez, eta bi jokatuko ditu gaur. Izan ere, Eibar hartuko du Zubietan, 11:00etan. Donostiako taldea hiru bider iritsi da finalera, eta soilik horietako batean lortu du garaipena; hain justu, joan den denboraldian. Gaur izango du bigarrenez jarraian kopa eskuratzeko aukera. Iruñeko taldea, berriz, joan den sasoian iritsi zen estreinakoz finalera.

2017az geroztik, udako ohitura bilakatu da Euskal Herria Txapelaren finala jokatzea. Lehen aldiko finalean Athletic eta Alaves aritu ziren, baina epaileak lehia bertan behera utzi behar izan zuen, jokalarien arteko gorabeherak zirela medio. Ordutik, txapelketa bakoitza talde batek irabazi du;2018an, Athleticek; 2019an, Eibarrek; eta 2020an, Realak. Osasunak eta Alavesek, berriz ez dute bat bera ere irabazi.

Sarrerak, gehienak salduta

Finalean zaleak izango dira; baina ez nahi bezainbeste. Gal estadioaren edukiera %20koa izango da. Zurutuzak jakinarazi duenez, sarreren %70 salduta daude jada: «Aldarrikapen kutsua du partida honek, eta zaleak ezinbestekoak dira horretan». Horretaz gain, aste honetan Euskal Selekzioak UEFA eta FIFArengandik jaso duen ezezkoaren inguruan, Zurutuzak adierazi du «espero» zuela erabakia, baina hau gaineratu du: «Ez dugu zertan herri independentea izan ofizialtasuna lortzeko; adibide mordoak daude».

Bestalde, Facundo Pellistri aurrelaria Alavesen ariko da, Manchester Unitedek utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.