Reala 3-1 Athletic

Baten poza, bestearen ezina

Athleticen gabezia guztiak baliatuta, Realak erraz irabazi du derbia, Anoetan. San Josek bitan sartu du gola bere atean. Garaipenari esker, talde txuri-urdinak gertu du berriz Europa, bi puntura

Realeko jokalariak, lehen gola ospatzen. Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezaina ere ageri da argazkian, burumakur, gola jaso berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
Donostia
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: San Josek, bere atean (15. min); 2-0: Oiartzabalek (37. min). 3-0: San Josek, bere atean (54. min). 3-1: Raul Garciak, penaltiz (59. min). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Realeko Illarramendiri, Diego Llorenteri eta Willian Joseri; eta Athleticeko Raul Garciari, De Marcosi, Muniaini, Williamsi eta Iñigo Martinezi. Txartel gorria: Realeko Pardori (85. min).Bestelakoak. 23.972 ikusle Anoetan.

Denboraldia txukuntzeko akaso ez, baina horretan laguntzeko mesedegarri egingo zitzaion Realari atzo Anoetan Athletici derbia irabaztea. Eta ez da gutxiagorako. Besteak beste, sasoiko partidarik berezienetako batean, nagusitasun osoz irabazi baitzion Athletici. Bi taldeak krisi moduko batean egonda, bistakoa zen hiru puntuak batzen zituenak zapore gozoagoarekin amaituko zuela liga. Eta festa galanta nagusitu zen Anoetako harmailetan. Lehiatua izan zen partida, boladaka joan zena, baina bi areatan egon zen aldea, eraginkortasunean. San Josek profesional ibilbideko arratsik ilunetakoa bizi izan zuen, birritan sartu baitzuen gola bere atean. Realaren bestea Oiartzabalek sartu zuen. Athleticek ez zuen etsi azkeneraino, eta Raul Garciak murriztu zuen aldea bigarren zatian. Halere, Realak merezita pilatu zituen hiru puntuak azkenean, eta oraindik ere Europarekin amets egiteko moduan dago. Bi puntura dauka Sevilla zazpigarren sailkatua, eta datorren ostiralean elkarren kontra ariko dira, Sevillan bertan (Espainia).

Hasierako hamaikakoak ikusirik, bi entrenatzaileak talde indartsuenarekin zelairatu ziren. Urrutira joan gabe, Santiago Bernabeun puntu bat urratu zuen jokalari berberak atera zituen Kuko Zigandak, baina apustuak kale egin zion oraingo honetan. Hobeto esanda, Imanol Alguacilek irabazi zion. Eusebio Sacristan Realaren aulkian egon balitz, Athleticek kontraerasoan jokatzeko aukera guztiak izango zituen Williamsen abiadura baliatuta, baina beste era bateko entrenatzaile batekin egin zuen topo. Ohi bezala, sendotasuna izan zuen oinarri oriotarrak, lerroen kokapen egokia, eta ez zion espazio bakar bat ere eman talde zuri-gorriari. Etxekoak eroso aritu ziren baloirik gabe ere, eta Athletici nabarmen geratu zitzaion gabezia handiak dituela erasoan.

Lehiatua izan zen partidaren hasiera, eta baliteke Athletic koska bat gorago hasi izana. Minutuek aurrera egin ahala, hori bai, behetik gora egin zuen Realak. Januzajek eta Llorentek izan zituzten lehen agerraldiak, eta 15. minutuan iritsi zen 1-0ekoa. Canalesek kornerra atera, eta baloiak San Joseri jo ostean sare barrura sartu zitzaion Kepari. Kolpea ondo irentsi zuten zuri-gorriek, eta agintzen ere aritu ziren minutu luzez. Hots, ez zuten gola sartzeko aukera garbi bat sortzeko ere abilidaderik izan. Cordobak soilik egin zituen ahaleginak. Realak, ordea, ezer gutxirekin usaindu zuen Keparen atea. Aritz Elustondok langa jo zuen buruz korner batean.

Hala, jokaldi polemiko batean iritsi zen bigarren gola. Iturraspe lurrean geratu zen beste zelaian, baina Realak ez zuen baloia kanpora bota. Januzajek ezin hobeto zuzendu zuen jokaldia atzetik aurrera, eta hark emandako pasea ez zuen alferrik galdu Oiartzabalek. Sasoiko 11. gola sartu zuen. Gol horrekin, laineza hartu zuen etxeko taldeak, eta konfiantzaz gainezka aritu zen. Harmailetan ere eromena zen nagusi. Partida erabakitzeko aukera aparta izan zuen Willian Josek, baina haren jaurtiketak zutoina jo zuen.

Bigarren zatiari begira, kale edo bale egin beharra zeukan Zigandak. 48. minutuan Susaeta prest zeukan zelaira sartzeko. Bada, bitarte horretan iritsi zen arratseko hirugarren gola. Berriz ere geldikako jokaldi batean. Arlo hori da Imanolekin hobetu den beste bat. Canalesek falta atera zuen, eta berriz ere baloiak San Joseri jo eta baloia barrura joan zen. Etsita agertu ziren zuri-gorriak, eta errua zorte txarrari bota. Dena den, aztertu beharko dituzte jokaldiak, oso bigun aritu baitziren defentsan.

Emaitza horrekin, ezer galdurik ez zuten zuri-gorriek, eta erasora jo zuten itsu-itsuan. Bigarren zati osoa zeukaten golen bat sartu eta bizirik mantentzeko. Geldikako jokaldiak baliatu zituzten Reala estutasunetan sartzeko. Horietako batean, Iturraspek kornerra atera, eta Iñigo Martinezen burukadak Llorenteren besoan jo ondoren, epaileak penaltia adierazi zuen. Raul Garciak ez zuen hutsik egin, 54. minutuan. Bilbotarrek bazuten denbora oraindik ere ganorazko zerbait eskuratzeko, baina ez ziren fin aritu. Williamsen burukada bat zutoinera joan zen, eta Moyak geldiketa bikaina egin zion Raul Garciari. Etxekoen pozgarri, bikain aritu zen euren atezaina.

Hori bai, partidaren amaiera ez zen batere lasaia izan. Realak nahi zuen tokian zuen lehia, baina Pardok oso sarrera itsusia egin zion Mikel Ricori. Txartel gorria atera zion epaileak. Eztabaida galanta sortu zen jokalarien artean, eta txartel horien festa egon zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.