Zoran Dragic. TD Systems Baskoniako jokalaria

«Lan ona egiten badugu, Kopa irabaz dezakegu»

Eskarmentu handia dauka Esloveniako jokalariak, eta Kopan lehendik jokatu duen bakarretako bat da Baskonian. Oso garbi dauka partidaz partida joan behar dutela.

SASKI BASKONIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Itxaropentsu dago Zoran Dragic (Ljubljana, 1989) gaur hasiko den Koparen aurrean. Baskonia gai ikusten du txapelketa irabazteko. Azkenaldian, kili-kolo dabil hegaleko esloveniarra, eskuko hatz bat hautsia duelako. Jokatzen segitzen du, hala ere, eta Dusko Ivanovicek jendaurrean txalotu zuen haren jarrera: «Gerlari bat da». Ez du argitu Koparen ondoren ebakuntza egin beharko dioten edo ez, kontu hori bolo-bolo badabil ere.

Zer moduz hatza?

Mina daukat oraindik, baina taldeari lagundu nahi diot, eta horretan saiatzen ari naiz.

Etsigarria da taldeari behar bezala lagundu ezinda ibiltzea?

Etsigarria ez da, baina garbi dago ezin dudala nahi bezala jokatu. Hala ere, horrela tokatu da, eta aurrera egin behar da. Ez dago besterik.

Ebakuntza egingo dizute Koparen ondoren?

Ez dakit oraindik. Egunetik egunera noa lesioarekin, eta ikusiko da gero zer erabaki hartzen dugun eta zer gertatzen den.

Nolako partida izango da Joventuten aurkakoa?

Oso kontuz eta tentu handiz hartu beharreko partida izango da. Talde oso ona da, eta gaztea. Askotan jokatu dugu haien aurka, eta lanak eman izan dizkigute beti. Badalonan ACB ligan jokatu genuenean urrian, irabazi egin ziguten, eta ondo dakigu zer egin behar dugun. Partidaren bila joan behar dugu hasieratik. Badakigu Kopako bigarren partida jokatzeko lehendabiziko hau irabazi behar dugula, eta gogor jokatu beharko dugu Joventuten aurka.

Ligako partida horretatik zer aldatu behar duzue zuek haiei gaur irabazteko?

Gure partida egin behar dugu, gure jokoa: defentsan oldarkorrak izan, gero azkar ateratzeko kontraerasoan; ahalik eta bizien ere jokatu behar dugu, eta haien erasoko erreboteko ekarpena murriztu behar dugu.

Denboraldiko sasoi onenean dago taldea?

Garai onean gaude, baina ez dakit onena den. Egia da Euroligako azkeneko bi partidetan irabazi egin dugula [Zalgiris eta Real Madrilen aurka], baina lehenagotik lau partida segidan galdu genituen.

Zer esan dizue Dusko Ivanovicek Koparen atarian?

[Barrezka] Lehenengo partida dela garrantzitsuena, mundu guztiak dakien bezala. Partidaz partida joateko ere esan digu, eta ehuneko ehuna emateko aurreneko partida horretan, arreta horretan bakarrik izateko.

Koparen lehiaketa sistema aurreko denboraldiko liga amaierako fasearen oso antzekoa da. Liga irabazi zenutenez, abantaila da oraingorako?

Jakingo banu... [Barrezka]. Horrela izateko itxaropena badut, baina ikusiko dugu. Talde guztiek emango dute onena, eta edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Lan ona egiten badugu, Kopa irabaz dezakegu. Bartzelona oso indartsu dago, baina ez dut Joventut baino buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.