Osasuna 0. Alaves 1

Sendoenak irabazi du

Alaves nagusitu da denboraldiko zazpigarren derbian. Partida oso berdindua izan da, baina arabarrek Osasunaren oker bati esker lortu dituzte hiru puntuak
Christian Santos Alaveseko aurrelariak penaltiz gola sartu zuen jokaldia; Nauzetek ezin izan zuen egin ezertxo ere.
Christian Santos Alaveseko aurrelariak penaltiz gola sartu zuen jokaldia; Nauzetek ezin izan zuen egin ezertxo ere. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Eñaut Agirrebengoa -

2016ko azaroak 6
Gola. 0-1: Christian Santosek, penaltiz (77. min). Epailea. Ocon Arraiz. Txartel horiak: Osasunako Unai Garcia, Miguel Flaño, David Garcia, Fausto eta Oierri; eta Alaveseko Toquero eta Espinozari. Bestelakoak. 15.853 ikusle Sadarren, tartean Alaveseko 800 jarraitzaile inguru.

Orekatua, fisikoa eta lehiatua izan zen Osasunak eta Alavesek Sadarren jokatutako derbia. Joko urrikoa, eta gol aukera gutxikoa. Halako partidak, normalean, hutsean amaitzen dira, baina atzo Alavesek irabazi zuen. Nola? Osasunaren oker bat profitatuta. Horrekin aski izan zuten babazorroek, eta hiru puntu poltsikoan hartuta egin zuten bidea Gasteizera.

Gorritxoak iparra galduta dabiltza Sadarren, eta astetik astera ez dira hobera egiten ari. Sendotasuna falta zaie, atzo ederki asko ikusi zen bezala. 74. minutuan, Oierrek baloia modu inozoan galdu zuen, eta, horren ostean, David Garciak penaltia egin zuen. Penalti puntutik, ez zuen barkatu Christian Santosek, eta hiru puntuak eman zizkion Arabako taldeari. Atzo oker gutxien egin zuenak irabazi zuen partida; sendoenak, alegia.

Neurketari indartsu ekin zion Alavesek. Garaipena lortzeko dezenteko beharra zuen, hilabete baitzeraman irabazi gabe. Hartara, presioa akuilu izanik, indartsu hasi zuen lehia. Alabaina, minutuen joanean partida orekatu egin zen. Osasunak neurria hartu zion partidari, eta, horrekin batera, esperotako gidoia betetzen hasi zen: baloi luze asko, eta lerro arteko joko gutxi. Alaves kontraerasoez baliatzen saiatu zen Osasunari min egiteko. Gorritxoek, berriz, hegaletik sortu nahi izan zuten arriskua. Aukera gutxi izan zituzten lehen zatian, baina oso garbiak izan ziren; ateko zuloan atera zizkieten erremateak Toquerori eta Sergio Leoni.

Bigarren zatia irekiagoa izatea espero zen, baina ez zen halakorik gertatu; ezta hurrik eman ere. Norgehiagoka are fisikoagoa, are gogorragoa bihurtu zen. Erasoan ezer gutxi erakutsi zuten bi taldeek. Egoera horretan, partidak puntu banaketarekin bukatu behar zuela zirudien, baina, neurketa azken ordu laurdenean sartzear zela, Osasunaren atzealdeak hanka sartu, eta parean jarritako aukera eder hori 0-1ekoa egiteko aprobetxatu zuen Alavesek. Nafarrek, artean, bazuten suspertzeko denborarik, baina esan beharrekoak esanak zituzten. Atzokotik indartuta atera ziren babazorroak; lur jota, aldiz, gorritxoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna