Albistea entzun

ALAVES 1 EIBAR 2

Kontrako bideak hartu dituzte

Distirarik gabe, baina nagusitasunez irabazi dio Eibarrek Alavesi. Bigun aritu dira arabarrak, eta eraginkor, berriz, gipuzkoarrak. Bi taldeek hamar jokalarirekin bukatu dute partida
Manu Garcia Alaveseko jokalaria, Joan Jordan Eibarrekoari baloia kendu nahian.
Manu Garcia Alaveseko jokalaria, Joan Jordan Eibarrekoari baloia kendu nahian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Eñaut Agirrebengoa -

2017ko azaroak 26

Golak. 0-1: Jordanek (33. min); 0-2: Charlesek (69. min); 1-2: Burguik (91. min). Epailea. Munuera Montero. Txartel gorriak: Alaveseko Santosi eta Eibarreko Charlesi; eta, txartel horiak: Alaveseko Elyri, Vigarayri eta Pachecori; eta Eibarreko Dani Garciari, Capari eta Juncari. Bestelakoak. 19.272 ikusle Mendizorrotzan.

Atzerako ispiluari so egin, eta Eibarrek jada ez dakusa Alavesen arrastorik. Bidegurutzea zegoen atzo Mendizorrotzan, eta oso ildo ezberdinak hartu zituzten bi taldeek. Gipuzkoarrek kolpea eman zuten mahai gainean, erreskadan bigarren garaipena lortuta, eta, hala, bide onari heldu zioten. Ez zen edonolakoa izan atzo emandako pausoa: jaisteko postuak zazpi puntura dituzte dagoeneko. Arabarrek, ordea, okerreko bidea hartu zuten. Itxura hauskorra eman zuten hamaikagarrenez, eta esku-hutsik gelditu ziren finaltzat zeukaten neurketa batean. Beraz, litekeena da atzoko bidegurutzean Alavesen gurutze bidea hasi izana. Esperantza izateko zioak agortzen ari zaizkie.

Alavesi hasieratik bertatik okertu zitzaion norgehiagoka. Alexis atzelariak kolpe itsusia hartu zuen laugarren minutuan, eta zelaitik ohatilan atera ondotik, ospitalera eraman behar izan zuten, zerbikaletako traumatismoarekin. Sustoa besterik ez zen izan, atzo bertan bidali baitzuten etxera. Horiek hala, De Biasik lehia hasi eta berehala egin behar izan zuen lehen aldaketa; Vigarayk bete zuen Alexisen tokia. Ezbeharrak jota utzi zituen etxekoak, eta neurketatik kanpo izan ziren minutu luzez. Eibarrek hartu zuen aginte makila, eta jokoa hegaletatik bideratzen ahalegindu zen. Kosta egin zitzaion abagune garbiak sortzea, baina, bederen, berretsi zuen azken sasoietako bertsiora itzultzen ari dela.

Etxekoek lehen hogei minutuak bete ostean berreskuratu zuten konortea. Pixkanaka, jokoa sortzen ahalegindu ziren, Wakasoren eta Sobrinoren eskutik batik bat. Horiek hala, 29. minutuan aukera ona izan zuen Santosek, ghanatarrak ateratako alboko sake baten ondoren. Baloia area barruan jaso zuen aurrelariak, baina ez zuen asmatu hiru zutoinen artera jaurtitzen. Hots handirik atera gabe, arabarrak gora ari ziren egiten. Bada, ondoen zeudenean, Eibarrek 0-1ekoa sartu zien. Alejok eskuin hegaletik erdiratu, eta nahaspila galanta izan zen arean. Anabasa horri etekina atera zion Jordanek, atzetik bakar bakarrik sartuta. Zorte txarra eta kontzentrazio akatsak, biak izan zituen Alavesek. Zaharrak berri.

Charlesek itxi zuen lehia

Bigarren zatiari abantaila handiarekin ekin zion Eibarrek. Alde batetik, aurretik zen markagailuan, eta, bestetik, jokalari bat gehiago zuen zelaian. Izan ere, Santosek bigarren txartel horia ikusi zuen atsedenera iritsi aurretik. Txilenaz errematatzen saiatu, eta buruan ostikoa eman zion Arbillari. Gozatua hartzeko aukerako egoera zuten gipuzkoarrek, baina urratsa atzera egin zuten, aurrera beharrean. Bazuen arriskurik estrategia horrek, aukera eman baitzion Alavesi berdinketarekin amesteko. Partida oso aldapa gora izanagatik, euren aukeretan sinistu egin zuten gasteiztarrek. Ez zuten etsi, azken jardunaldian Getafen jazo ez bezala.

Kontraeraso arriskutsua egin zuten 55. minutuan, Manu, Ibai eta Sobrinoren bidez. Jokaldiari errematea ematea besterik ez zen falta izan. Eta bi minutu geroago baloia sarera bidali zuen Ibaik, baina baliogabetu egin zuen epaileak. Berdinketa Eibarren bigarrena baino gertuago zegoen. Haatik, 69. minutuan Eibarrek zapuztu egin zuen arabarren esperantza oro, 2-0ekoa egin baitzuen Charlesek, Alejoren erdiraketa buruz errematatuta. Etxekoak arriskatzen hasiak ziren, eta zuloak ondo profitatu zituzten Mendilibarren mutilek. Hortxe bukatu zen partida. 82. minutuan txartel gorria ikusi zuen Charlesek, eta luzapenean 1-2koa sartu Burguik Alavesentzat, baina beranduegi zen jada.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tati Garmendia, Rafa Pueyo, Braulio Vazquez kirol zuzendariak ©JON URBE / FOKU

Galbahe lana dagokie

Iñaki Berastegi

Merkatua arakatu eta jokalariak fitxatzea baino konplexuagoa da klubetako kirol zuzendarien lana. Aurrekontuak lana erabat baldintzatzen dienez, irizpide zehatz eta errealistak ezarri behar dituzte arrakasta izan nahi badute. Orokorrean, jokalari bati taldean ez duela jarraituko azaltzea izaten da zailena.

Altunaren esanetara

Julen Etxeberria

Amezketakoak erakustaldia eman du, eta hark eta Martijak 22-17 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari. Bikote guztiek galdu dute jada

Bederatzi harlauzaz osatutako kamera hexagonal bat du San Sebastian Hegoa trikuharriak. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Kuartangoko megalito parkea

Josean Gil-Garcia

Egin berri diren ikerketa lanek lehen lerrora ekarri nahi dute Kuartango ibarreko ondare historiko eta megalitikoa. Ondare itzela bezain harrigarria duen ingurua da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.