Athletic 1-1 Celta

Luzeegia egin zaio

Athletic Celta baino hobea izan da partidaren zati handi batean, baina azken minutuetan galtzear egon da. Zigandaren taldeak bi penalti eskatu ditu norgehiagokan

Athleticeko jokalariak, buru makur Celtaren aurka San Mamesen berdindu ostean. JUANAN RUIZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Unai Nuñezek (55. min). 1-1: Brais Mendezek (91. min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko Williamsi, Iñigo Martinezi eta Unai Nuñezi, eta Celtako Maxi Gomezi. Bestelakoak. 33.657 ikusle San Mamesen.

Gauzak gura bezala ateratzen ez direnean, nekeza izaten da egoera iraultzea. Haizea alde dagoenean baino lan gehiago egin behar da helburuak lortzeko. Eta, hala ere, sarri askotan ez da nahikoa izaten. Athleticek merituak egin zituen atzo Celta mendean hartzeko. Ia lehia guztian kontrarioa baino gehiago izan zen. Zuri-gorriek lan ona egin zuten presioan, eta kontrarioak baino aukera gehiago sortu zituzten. Markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuten. Eta, hala ere, norgehiagoka galtzear egon ziren.

Athleticek kontrolpean izan zuen Celta bigarren zatiaren erdialdera arte, baina partidaren amaiera luzeegia egin zitzaion. Gol baten errenta baino ez zeukan, eta zaleek argi ikusi zuten ez zela nahikoa izango, Celtak bere arean sartu baitzuen talde zuri-gorria.

Nekea ala galtzeko beldurra izan zen? Bietatik apur bat. Kontua da Brais Mendezek sartu zuen golak ez zuela inor ezustean harrapatu. Hugo Mallok eskuin hegaletik beste hegalera egin zion erdiraketa ederra izan zen oso. Luzapenean zegoen partida, eta, hala ere, Celtakoek garaipena gertu ikusten zuten. Eta gertu izan zuten. Maxi Gomezek zutoinera jaurti baitzuen falta bat, eta epaileak balio gabe utzi zuen Tucu Hernandezen gol bat jokoz kanpo zegoelako.

Baina aurretik ondo egin zituen gauzak Athleticek. Kuko Zigandak Balentziagari eman zion defentsaren ezker hegalean jokatzeko ardura, eta Iturraspek eta Williamsek jokatu zuten kili-kolo dabiltzan Beñaten eta Adurizen partez. Hirurak aritu ziren ondo. Zuri-gorrien lehen aukera Raul Garciak izan zuen. Williamsek Celtako atzelarien huts bat baliatu zuen eskuin hegaletik arean sartu, eta atzera egin zuen pasea ezkerrez errematatu zuen erdilari nafarrak. Sergio atezaina gaindituta zegoen, baina baloia zutoin ondotik kanpora joan zen. Hurrengo bi arrisku jokaldietan ere Williams izan zen protagonista. Ordu erdia bete berritan lurrera erori zen area barruan Celtako futbolari batek ukituta. Del Cerro Grande epailearentzat aurrelariak bere burua bota zuen. Eta handik hiru minutura Balentziagak ezkerretik egindako erdiraketa kanpora bidali zuen buruz.

Celta agintzen hasi zen bigarren zatian, baina bere nagusitasunak ez zuen asko iraun. Iturraspek eskuin hegaletik ateratako kornerra Raul Garciak zutoinera errematatu zuen buruz, eta aldaratzea Nuñezek baliatu zuen Athletic aurreratzeko. Gorengo mailan sartu duen lehen gola izan zen. Handik hamar minutura, Williamsek beste penalti bat eskatu zuen Sergi Gomezekin area barruan izandako lehia batean. Epailearentzat ez zen nahikoa izan atzelariak aurrelariari eskuin izterrean emandako kolpea. Bada, jokaldi horretatik aurrera hasi zen partida aldatzen, atzean sartu baitziren zuri-gorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.