ALAVES 1 REALA 0

Bata goraka, bestea beheraka

Erritmo biziko eta lehia handiko derbia jokatu dute Alavesek eta Realak, eta Deyversonen gol bat aski izan dute etxekoek irabazteko. Ligako etenaldira aldarte ezberdinez helduko dira bi taldeak
Alaveseko jokalariak, Realaren aurka sartutako gola ospatzen. Deyversonek sartu zuen gola.
Alaveseko jokalariak, Realaren aurka sartutako gola ospatzen. Deyversonek sartu zuen gola. DAVID AGUILAR / EFE

Jon Eskudero

2017ko martxoak 19
Golak. 1-0: Deyversonek (44. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Alaveseko Rodrigori, Manu Garciari eta Deyversoni; eta Realeko Juanmiri, Rulliri eta Velari. Txartel gorria: Realeko Granerori (67. min.). Bestelakoak. Bete egin zen Mendizorrotza futbol zelaia: 19.840 ikusle, tartean Realeko 800 bat zale.

Zortzi urtetik gora baziren Mendizorrotzak ez zuela Alavesen eta Realaren arteko partidarik hartzen, baina merezi izan zuen itxarotea. Besteak beste, derbi polit, lehiakor eta emozioz betetakoa jokatu baitzuten atzo bi taldeek. Hutsune ugari izaki, hasierako hamaikakoan aldaketa ugari egin zituen Realak, eta izan daiteke hori igarri izana, baina ohiko mailatik behera aritu zen Eusebio Sacristanen taldea. Orain dela bi hilabeteko joko on hartara hurbildu ezinda, alegia. Ondorioz, azken partidetako dinamikari eutsi, eta sendo bezain eraginkor jokatzea aski izan zuten etxekoek hiru puntuak batzeko. Lehen zatiaren amaieran Deyversonek eginiko golari errenta ona atera zioten, eta, partidaren amaieran latz sufritu arren, lortu zuten irabaztea. Hala, Europako postuen lehian bete-betean sartu dira gasteiztarrak, eta lehengo horretan jarraituko dute donostiarrek.

Espero baino berritasun gehiagorekin zelairatu zen Reala. Illarramendiren eta Zurutuzaren hutsuneak betetzeko, Graneroren eta Guridiren aldeko apustua egin zuen Eusebiok. Lehen Mailan debuta egin zuen azpeitiar gazteak. Duin aritu zen lehen minutuetan, Reala bera bezala. Bi taldeek erritmo eta intentsitate handian jokatu zuten, eta harmailak bete zituzten zaleek gozatzeko aukera ere izan zuten. Norgehiagokako lehen gol aukera garbia Yurik izan zuen, baina bakar-bakarrik eginiko jokaldi bikain hura ezin izan zuen golarekin osatu. Alavesek ere erantzun zuen beste gol aukera on batekin.

Minutuek aurrera egin ahala, agintzen hasi ziren donostiarrak. Baloia oinetan hartu, eta jokoa kontrolatzea izan zuten helburu, ohi bezala. Ezker hegaletik, batez ere, saiatu ziren eraginkor aritzen erasoan, baina sakontasuna falta izan zitzaien. Hortaz, mendean hartuta egon arren, eroso sentitu zen Alaves, eta joko zuzena baliatu zuen aurkariari mina eragiteko. Era horretan, Deyversonek eta Romerok izan zuten gol aukera bana, baina 44. minutuan iritsi zen partidako gol bakarra.

Deyversonen gola

Atsedenaldiaren atarian izaki, gol psikologikoa egin zuten gasteiztarrek. Manu Garciak Theori sakonean pasea eman, eta haren lasterkaldiari etekin bikaina atera zion Deyversonek. Ezker oinarekin baloia ongi jotzea aski izan zuen etxeko jarraitzaileak zutik jartzeko. Lehen zati berdinduaren ondoren, sari potoloa jaso zuen Alavesek, eta burumakur erretiratu ziren aldageletara donostiarrak. Bazuten zer hobetua eta hausnartua bigarren zatiari begira.

Bada, lehengo lepotik izan zuen burua bigarren zatiaren hasierak, eta Alavesek izan zituen bizpahiru aukera on neurketa bideratuta uzteko. Deyversonen aurrean, sekulako geldituak egin zituen Rullik, eta hark eutsi zion Realari bizirik. Geroago, aurrelari brasildarrak zutoinera ere bidali zuen baloia. Hortaz, aldea gutxienekoa izanik, Eusebioren taldeak apur bat suspertzea aski zuen aurkaria estutzeko, eta berriro ere jokoa kontrolatzen hasi zen. Zoritxarreko jokaldia gertatu zitzaion, ordea, 66. minutuan. Bere burua lurrera bota izana egotzi zion epaileak Granerori, eta, bigarren txartel horia aterata, kaleratu egin zuen.

Hamar jokalarirekin geratu zen Reala, eta, lehenaz gain, aldapa gora ezarri zitzaion norgehiagoka. Aulkia mugituta, Eusebiok egin zituen ahaleginak banakoa lortzeko, eta behin baino gehiagotan gertu ere egon zen. Atzean sartuta aritu zen Alaves, Mauricio Pellegrinoren etsipenerako, baina, sufritu arren, etxekoek lortu zuten hiru puntuak gehitzea.

Gauzak hala, Europako postuetatik gertuago dago orain Alaves, eta lehengo egoera berean jarraituko du Realak, 48 punturekin. Bi porrot jarraian pilatuta helduko dira txuri-urdinak ligako etenaldira, eta badute zer hobetua denboraldiaren amaierari begira. Leganesen aurka jokatuko dute hurrena, eta Velak ezingo du jokatuko, txartel pilaketagatik. Alaves, bestalde, Real Madrilen zelaian ariko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna