Albistea entzun

ALAVES 0 REALA 2

Arriskua: sari eta zigor

Realak irabazi dio Alavesi Mendizorrotzako derbia, azken hamabost minutuetan sarturiko bi golei esker. Oiartzabal eta Aritz Elustondo izan dira golegileak
Realeko jokalariak Mikel Oiartzabalek atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. Atzean, harmailetan, Alaveseko zaleak atsekabetuta.
Realeko jokalariak Mikel Oiartzabalek atzoko partidan sarturiko gola ospatzen. Atzean, harmailetan, Alaveseko zaleak atsekabetuta. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE

Aitor Manterola -

2017ko urriak 15

Golak. 0-1: Oiartzabalek (77. min). 0-2: Aritz Elustondok (81. min.). Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak: Alaveseko Duarteri; eta Realeko Llorenteri. Bestelakoak. 19.840 ikusle Mendizorrotzako derbian; tartean, Realeko zale asko ere bai.

Bi talde zeharo ezberdin dira Alaves eta Reala jokoa aztergai hartzen bada. Jakina da zertara jokatzen duen Eusebioren taldeak, eta arabarren ezaugarriak ere oso argi daude Gianni De Biasi italiarrak taldea zuzentzen duenetik duela hiru astetik. Baloia nahi eta behar du Realak; baloia ahalik eta gutxiena edukitzea da Alavesen moldea orain. Ñabardura asko dituen gaia asko laburbiltzen hasita, erasoa eta defentsa aritu ziren atzoko derbian aurrez aurre, Mendizorrotzan.

Emaitzari bakarrik begiratzen bazaio, 0-2koak ematen du aditzera Reala hobea izan zela, eta erasoko jokoak gaina hartu ziola defentsakoari. Jokoa osotasunean aztertzen bada, ez zen bietako inor nagusitu, baina. Oso berdindua izan zen partida, bakoitzak berea ondo antzean egin zuelako: Realak baloiaren jabetzaren bidez izan zuen kontrola, eta Alaves eroso aritu zen baloiaren atzetik jarrita, aurkariari baloia erabiltzen asko utziz. Ikuspegi zabaleko azterketa horretatik abiatuta, lupa batekin hasiz gero bataren eta bestearen jarduna xehatzen, esan behar da Realak oso min gutxi egin ziola Alavesi baloiarekin. Baloia eduki zuen, nahi beste eta gehiago, baina aukera horri ez zion etekinik atera Pacheco atezainari lana sortzeko. Ia ez zuen aukerarik sortu Realak.

Alavesen lana xehetzen hasita, erasoan ezer gutxi egin zuen, eta ez zion batere probetxurik atera defentsan talde osoak egindako lan eskergari. Kontraerasoa zuen arma ia bakar, baina ez zuen apenas gauzatu ahal izan.

Horrelako bi talde parez pare izanda, ezin tentazioari eutsi, eta arriskua hitzaren inguruan aritu beharra dago. Badira hainbat teoria: zeinek hartzen du arrisku gehiago, baloia lagun erasoan jokalari askorekin jokatzeagatik atzealdea ia biluzik uzten duen taldeak, ala defentsan sekulako jokalari pila jarriz ia bere arearen gainean defendatzen duen taldeak? Teorizazio honen inguruan, behin hauxe esan zuen Juanma Lillok: «Arriskatzea zer den? Arriskuak ez hartzea». Baieztapen hori atzoko derbira eramaten bada, Alavesek arrisku handiak hartu zituen lan guztia defentsako jardunean oinarrituz, eta bere area barrutik egindako bi errematetan sartu zizkion golak Realak: Oiartzabalek maisutasunez ezkerrez, 77. minutuan, eta Aritz Elustondok 81.ean, korner baten segidan, bere jaurtiketa Alaveseko jokalari batek urrundu eta sarera joan zenean. Arriskatzea erasora joateari deitzen bazaio, Realak saria jaso zuen; aldiz, arriskatzea, norbere arean defendatzea bada, Alavesek zigorra izan zuen.

Oso aukera gutxiko lehia

Teorizatzeko aukera ematen badu atzokoak, zer kontatu handirik ez dagoelako da. Aukera aldetik, behintzat, oso kamuts ibili ziren bi taldeak, eta berdinketa kutsuko partida bi ziztadatan bereganatu zuen Realak. Hortik aurrera, ondorioetaz aritu behar. Realari dagokionez, aspaldiko partez ez zuen golik jaso [bigarren jardunaldian bakarrik utzi zuen atea hutsean], eta albiste handia da, partidako bi gol pasatxo jaso eta gero. Eta golak sartzen segitzen du.

Alavesen inguruan, lehen baino zailagoa da bera menderatzen, eta hor eraikitzen ari da oinarria De Biasi italiarra. Baina atzo ere galdu egin zuen zaleen aurrean, eta puntu alerik atera gabe segitzen du Mendizorrotzan. Sendotasun horri ez badio gehitzen erasoko baliabide gehiago, asko kosta behar zaio puntuak hirunaka batzea, eta zuloan egonik, beharrezkoak ditu arrantza handiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

«Uneaz gozatu nahi dut; azken urteak ez dira errazak izan niretzat»

Jon Ander De la Hoz

Reala nola, Asier Illarramendi ere une gozoak bizitzen ari da. Txuri-urdinen kapitainak ez du lesiorik izan azkenaldian, eta «taldeari laguntzen» ari da zelaian. Lehen itzulikoari eutsi nahi dio, ligan goian segitzeko eta Europan urrun ailegatzeko.
Bandres-Karolo probaren aurreko edizio bateko irudia. ©Ramon Olasagasti

Mendiko eskiaren festa bueltan da Izaban

Ramon Olasagasti

Bandres-Karolo oroimenezkoa egingo da asteburu honetan Erronkariko mendietan, hiru urteko hutsunearen ondoren

Lebron James errekorra lortu berritan, bart, Los Angelesko Staples Centerren (AEBak). ©Allison Dinner / EFE

NBAren historian puntu gehien sartu dituen jokalaria bihurtu da LeBron James

Beñat Mujika Telleria - Paulo Ostolaza

39 puntu lortu ditu Oklahomaren aurkako partidan, eta Kareem Abdul-Jabbarren errekorra hautsi du: denera, 38.390 puntu saskiratu ditu denboraldi erregularrean. Abdul-Jabbarrek berak pasatu dio lekukoa.

<b>Bidasoako eta Aguas Santas Milanezako jokalariak Irunen jokatu zuten joaneko partidan .</b> ©JON URBE / FOKU

Ezusteko porrota

Beñat Mujika Telleria

28-25 galdu du Bidasoak Portugalen, Aguas Santas Milanezaren aurka. Portugaldarrak Europako Ligan garaipenik lortu gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...