ATHLETIC 0 REALA 0

Emaitzak ez du inor gogobete

Distiraren faltan, erritmo eta bizitasun handiko derbia jokatu dute Athleticek eta Realak, baina antzu aritu dira erasoan, eta ez dira gai izan gola sartzeko. Realak bi puntu gorago segituko du sailkapenean
Alberto de la Bella, Markel Susaetari baloia kendu nahian, atzo, Athleticek eta Realak San Mamesen jokatutako derbiko jokaldi batean.
Alberto de la Bella, Markel Susaetari baloia kendu nahian, atzo, Athleticek eta Realak San Mamesen jokatutako derbiko jokaldi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE

Jon Eskudero -

2017ko abenduak 17
Epailea. Fernandez Borbalan. Txartel horiak: Athleticeko Adurizi, Mikel Ricori eta Lekueri. Bestelakoak. 40.504 ikusle San Mames estadioan. Aitzol Atutxa Euskal Herriko aizkolari txapeldunak egin zuen ohorezko sakea partida hasi baino lehenago.

Inor gutxik jo izango zuen baleko Athleticen eta Realaren arteko derbiak atzo utzitako emaitza. Ez da gutxiagorako. Aspaldiko ibili eskasaren ondorioz, hiru puntuen premian ziren bi taldeak, baina ez zuten aparteko merezimendurik egin irabazteko. Erritmo eta lehia handiko partida bat jokatu zuten, baina distirarik gabea. Ohiko joko estiloari eutsiz, lehen zatian Realak agindu zuen, baina kosta egin zitzaion gola sartzeko aukerak sortzea. Aukerak izan zituenean ere, ez ziren oso fin aritu aurrelariak. Bigarren zatian, bestalde, Athletic izan zen protagonista. Bestelako bizitasun batekin zelairatu zen, eta gertu izan zuten gola Raul Garciak eta De Marcosek. Barkatu egin zuten. Hala, hutsean amaitu zen neurketa, eta lehengo berean jarraituko dute bi taldeek. Sailkapenean hemezortzi puntu ditu Athleticek, eta bi gehiago Realak.

Partidak hasi aurretik sortu zituen albisteak. Besteak beste, lesio baten ondorioz azken orduan deialditik kanpo geratu baitzen Kepa Athleticeko atezaina. Realak, berriz, galako hamaikakoa zelairatu ahal izan zuen. Gehiago izan ziren txuri-urdinak lehen minutuetan. Azken partidek joko estiloaren inguruan hainbat zalantza sortu arren, lehengoari eutsi zion Eusebio entrenatzaileak, eta ongi funtzionatu zion erabakiak. Nortasunez mugitu zuten baloia ezker-eskuin, eta Zurutuzak izan zuen lehen aukera gola sartzeko. Ez zuen asmatu.

Kasta baliatuta, pultsuari bere horretan eustea lortu zuen Athleticek, eta erasoko jokalarien jarrerak eman zion modua horretarako. Izan ere, hamargarren minutuan jokaldi polemiko bat gertatu zen. Adurizek baloia ukitu ostean, Llorenteren eskua agertu zen tartean, baina epaileak ez zuen deus adierazi. Salbuespena besterik ez zen izan jokaldi hori, Reala gehiago baitzen. Jokoa sortzen eta agintzen jarraitu zuen Eusebioren taldeak, eta izan zituen aukerak. Athleticek zelai erdian eginiko oker bat baliatuta, kontraerasoan lehen zatian izandako aukera onena eduki zuen Oiartzabalek, baina gehiegi gurutzatu zuen baloia. Geroago, Illarramendik areaz kanpotik jarri zuen esturan Kuko Zigandaren taldea, baina ez zuen ondoriorik izan.

Ganorazko zerbait ateratzeko, bazuen zer hobetua etxeko taldeak, eta bigarren zatiari bestelako gogo eta bizitasun batekin ekin zion. Baloia Realari eman beharrean, aginte makila eurek hartu eta itsu-itsuan erasora jotzea erabaki zuten, batez ere eskuin hegaletik. Sormen lanean antzu egon ziren, baina Ricoren eta Raul Garciaren lanak fruituak izan zituen. Lehen abisua Adurizek eman zuen, baina aukerarik garbiena 52. minutuan heldu zen. Raul Garciak berak jaurtiketa ederra egin zuen boleaz, baina Rullirekin egin zuen topo. Bide egokian zen Kukoren taldea, eta jarrera berari eutsi zion. De Marcos izan zen protagonista hurrena, baina ez zuen asmatu. Pare bat penalti ere eskatu zituzten etxekoek.

Susperraldi hori nahi bezala baliatu ez, eta azken minutuetan berriro ere berdindu egin zen lehia. Zelai erdian borroka nagusitu zen, eta kalitate handiagoa erakutsi zuen Realak. Canales Oiartzabalen ordez zelairatu izanak mesede egin zien txuri-urdinei, beste patxada bat eman ziolako taldeari. Kontraerasoan saiatu zen Athletic, eta Williams atera zen zelaira horretarako. Ez zuen dohainak azaltzeko aukerarik izan. Reala gehiago izan zen azken minutuetan, eta Xabi Prietok aukera ederra izan zuen 88.ean. Herrerinek geratu zion jaurtiketa.

Azkenean, hutsean amaitu zen, eta Gabonen aurreko azken partida irabazi egin beharko dute bi taldeek urtea lasai bukatzeko. Sevilla hartuko du Realak, eta Betisen zelaian ariko da Athletic.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna