'Cool Japan': Ekialdea hurren

Japoniarren kultura munduko indartsuenetakoa bilakatu da. Urteetako 'soft power' edo 'Cool Japan' fenomeno ez-koertzitiboaren bidez lortu du hori irlak. Bere irudia goxoki esportatu du Euskal Herrirat ere.

Gastronomia. Edonon da japoniar gastronomia. BERRIA.
Ainize Madariaga
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
One Piece-n kapitulu bat irakurri, edo karatean aritu, edo The Legend of Zelda bideo jokoko partida batean jolastu lagunekin batera, baina bakoitza bere etxetik, edo Hiyao Myazakiren Chihiroren bidaia animazio filmaz euskaraz gozatu, edo Zornotzako (Bizkaia) Mangamore festibalera Garuna Effect zientzia ikuskizuna deskubritzera joan, edo Zarauzko (Gipuzkoa) Waxabi Manga dendan komiki pare bat erosi, Bang Bang Ramen Bar Iruñeko jatetxe japoniarrean bazkaldu edo Uztaritzeko (Lapurdi) Asiatik-en yakitori batzuk manatu afaltzeko, edo AmalurKamishibai-a kontatu...

Oraingo egunean edozein euskaldun edota europarri heldu zaio esku artera Japonia kontsumitzeko ahalmena, nahieran.

Urteetan irlak landutako prozesu jakin baten fruituak dira orain ontzen ari direnak: Japonia bere indarguneez jabetu zelarik, hura bera esportatzeko lanean hasi zen. Xedearen erdiesteko, pedagogia ez-bortitza baliatu du.Edo, soft power deitu bitarteko politikoa: elkarrizketen bidez lortzen baititu herrialdearen nahikeriak; hala, bitarteko koertzitiboak debekatuak bide dira haiek inposatzeko. Soft power manera, estatu batek, gobernuz kanpoko erakunde batek edota multinazional batek erabil lezake bere nahikundeen bideratzeko: kultura identitatea, irudia, erakargarritasuna, bizimodua edota teknologiaren sustapenerako, hots. Ideologia edo kultura bitartekoen bidez, jokabide eta interesetan, zeharka eragiteko gaitasunean datza soft power. Hain eraginkorra izan da, non Japonia Munduko kultura potentziarik handienetarikoa bilakatu baita. Are, soft power egiteko manera berezi horrek izen-deiturak ere baditu: Cool Japan.

Berez, Cool Japan-en genesia AEBetako Foreign Policy aldizkariko Japan's Gross National Coolartikuluari (2002) zor zaio, zeinean Douglas McGrayk ikertu baitzuen, «nola Japonia bere burua berriz asmatzen ari zen superbotere gisa», bere kultura boterearen eraginari esker, nahiz eta, orduan, arazo ekonomikoak eta politikoak ukan. Azken horiek izan dira, McGrayren erranetan, segur aski, japoniar nazionalismoaren irudiaren inguruan «cool» izen laguntzailea «estimulatu» dutenak. Nazioarteari bere buruaren irudia sustut arlo hauen bidez marraztu die: J-pop musika mota, manga, animeak, hiriko moda, zinema, tresna elektronikoak, arkitektura, gastronomia eta kawaii fenomenoa Hello Kitty, adibidez—.

Blanca Oria iruindar kazetari eta japoniar kulturazale amorratuak ikerketa lana egina du soft power fenomenoaz: «1990eko hamarkadan, Ghost in the Shell (1995) filma egin zutelarik-eta, uste zuten barne merkatua aski zitzaiela japoniar sortzaileak mantentzeko. Baina, gero, ekonomialariak eta politikariak ohartu ziren oso indartsua zela beraien industria; beraien nortasun ikurrak kanpokoei interesatzen zitzaizkiela; ba, hortik atera zen soft power hori. Haiek dira munduan animazio gehien egiten dutenak; alta, irla bat da. Oso ongi iruditzen zait, kulturaren boterea delako: batzuek futbolarekin egiten dutena, ba, Japoniak kulturarekin».

Gurea ere harena

Badirudi irlak bere burua saltzeko darabilen irudiak bat egiten duela bertako errealitatearekin. Soh Saito japoniar euskaldundua da: duela kasik zazpi urte Azkoitian (Gipuzkoa) bizi da. Bere kulturaz «oso harro» dela aitortu du, eta honela laburtu du handik iristen dena: «Animea oso potentea da, jende guztiak ezagutzen du. Japoniako teknologia eta, jendea begirune oso handikoa dela; elkarren biziak errespetatzen diren ustea dago».

Sorterriko kulturaren hedapenaz satisfos da Saito: «Japoniatik atera nintzenetik, asko antzeman dut japoniar kultura zabaldu dela. Baina aspaldiko prozesua da; berrogei bat urteko jendearen artean ere, Japoniako gauzak oso zabalduta daudelako. Nik uste dut eragin ona dela nire herrialdearentzat, ona baita kanpoko jendeak hango gauzak kontsumitzea; asko pozten nau!».

Industria indartsuari esker, Saitok ez du lanjerosa ikusten nazioartearen interes masiboa: «Hiri handiek biztanle asko dituztenez —Tokiok, hamahiru milioi; Osakak, zortzi...—, kanpotarrak ez dira asko antzematen,hiriek kristoren potentzia daukatelako. Beraz, Euskal Herriko masa turismoaren kaltea ez dut ikusten posible».

Oriak ere uste du autozentratuak daudela. Funtsean, haiek beraiek ekoizten eta kontsumitzen dutena esportatzen dutela, ez daudela kanpora begira bakarrik, hots: «Haiek beraien buruarendako egiten ez dutenik ez digute saltzen. Animazio estudio asko dituzte, adibidez. Marrazkiak kulturaren oinarria dira haientzat. Gertakari serioak marrazkien bidez iragartzen dituzte. Ekoizten dute eta kontsumitzen; mangak, panpinak... Bada industria oso potentea. Anime filmak zinemetan estreinatzen dituzte. Myazakik Europan sariak biltzen baditu ere, han ere ikusten dituzte bere lanak; museo bat eta guzi dauka Tokion».

Itzalik gabeko ekirik ez

Hala ere, Saitok uste du Euskal Herrirat heltzen den Japoniaren irudia amiñi bat «idealizatua» dela, baina «asko ez»: «Hemengo gizarteko gauza batzuk askoz aurreratuagoak dira Japoniakoak baino. Edozein kultura bezalakoa da hangoa, gauza onak eta txarrak baitauzka. Teknologia aldetik, Japonian garatuagoa da, gizartearen azpiegiturak aurreratuagoak dira hemengoak baino; baina hango gizartea askoz estresagarriagoa da: lanordu asko, eta legeak asko errespetatu behar dituztelako. Beraz, mentalki hemengo jendea osasuntsuagoa da; bizi kalitate hobea dauka hangoak baino». Horregatik, Saitok asko estimatzen du euskaldunen «gertutasuna», japoniarren «bakardade» handiaren aldean;izan ere, lanaldi luzeek ez baitiete uzten bizi sozial askorik egiten.

Horiek hola, Cool Japan argazkiak badu itzalik ere. Saitok aipatu duen estres hori, eta gizartearen «zorroztasuna», «jendearen estutasuna» eta haien denbora pribatu «eskasa». Dena den, Saitok azkarki gomendatzen du Japoniarat bidaiatzea, norberak bere ondorioak atera ditzan.

Oria aspalditik da Japoniazalea. Duela hogei bat urte hasi baitzen japonieraz ikasten, hara bidaiatu du behin baino gehiagotan, eta Nafarroako Anime Festibalaren antolatzailea da: aurten hemeretzi urte beteko ditu. Jakin-mina zuen publikoa zuen festibalakk hasieran, eta publiko gaztea duorain. Oriak ez du alde handirik ikusten Japoniak saltzen duen irudiaren eta benetan dagoenaren artean: «Japonian oso-oso zaila da gauza akastunik erostea, hainbertzeko errespetua diote lanari. Amesgaiztoa zaie lanari lotutako akatsik izatea: baitute ohorearen kode bat, samuraiek zutena. Jaunarendako norberak bere tripa zabaltzeko gai zen herriaz mintzo gara, eta hori ez zaigu guri buruan sartzen. Ohorearen balioa funtsezkoa zaie. Tokio da munduko hiririk jendetsuena, baina utz bazeneza edozer gauza edonon, itzuliko litzaizuke, harrigarria da; babes sentsazioa sortzen da. Herri horretan ez zara nehoiz abandonatua. Turista gisa iruzurrik egiten ez dizuten sentsazioarekin etxeratzen zara».

Hori bai, irudikatu du ez litzatekeela gauza bera izanen han bizitzea, Amelie Nothomb idazlearen Durduzaz eta dardaraz eleberri autobiografikoaz oroitu da, zeinak kontatzen baitu han bizitako lan esperientzia dorpea.

Ekaitz Ban Nan izturiztarrak (Nafarroa Beherea) asko eskertzen dio japoniar unibertsoari: lagun asko eman baitizkio. Izan ere, 7 bat urterekin murgiltzen hasi zen kultura horretan: telebistan One Piece animazio filma ikustearekin. Maitatu zuen, eta geroztik, «piramide bat bezala» zabalduz joan zaio ilustrazio paisaia; light novels-ak (eleberri ilustratua) irakurtzen baititu , autore beraren bertze lanak, bai eta Japoniaren historiari buruzkoak ere, etabideo jokoetan aritzen da bertze lagunekin batera, bakoitza bere etxetik: «Ainitz maite dut japoniar kultura. Norberak atzemanen du bere gustuko zerbait. Ez da bakarrik mugatzen mangei, baitira trumilka gauza interesgarri. Mangak eta haren kodeak gehiago maite ditut hemengo komikiak baino. Mangek amesteko parada gehiago ematen dizute hemengo komikiek baino. Gainera, badute komunitate bat sortzeko boterea. One piece-k, adibidez, ikaragarria du».

Hamazazpi urte baizik ez baditu ere, ikusi du kultura japoniarraren kontsumoa «ikaragarri emendatzen», batez ere 2014az geroztik. Datu pare bat eman du: AmazonePrime-n eta Netflix plataforman duten manga eskaintzei aski zaiela so egitea, «sekulaez bezalakoa dute, eta tai gabe handituz doaz gainera, baitahaien inguruko komunitateak ere. Pertsonen arteko loturak sortzea dute puntu azkarrena; lagun asko egin ditut mangari esker».

Hari beretik, Oriak azpimarratu du japoniar kulturan ilustrazioak garrantzi handia duela: «Zutabe garrantzitsuena ilustrazioa da, hori dago oinarrian. Sekulako tradizioa dauka, oso zaharra. Fantastikoarekin duen harremana ere bai; kontakizun horiek ugaritu dira, algoritmo bat da».

Ban Nanek japoniar kulturarekin plazer hartzen badu ere, ohartzen da Cool Japanismoak «agresibitate» zerbait dakarrela, orotan baitago, baina ez AEBen heinekoa: «AEBen kultura agresibo gisa deskribatuko nuke; bortxatu baitute beren kultura suntsituak ziren herrialdeetan. Aldiz, japoniarrari kuriositatez so egiten badiozu, maitatzen duzu. Egia da, hala ere, denetan dagoela, beraz hein batean agresibitate pixka bat ere baduela, inguruan orotan atzeman dezakezulako».

Horiek hola, Japoniari lot dakizkiokeen izen lagunak franko dira, baina orokorki baikorrak dira denak: prestigiotsua, perfekzionista, puntako teknologiaduna, naif, abegikorra, fantasiaduna, tradizionala, naturaren hurbilekoa...

Asiako bertze herrialdeekin ez bezala, Japoniak kausitu du bere burua errespetarazten. Hainbertzeraino, non Saitok ikusi baititu txinatar zenbait Japoniaren izen onaz baliatzen, japoniar gastronomia salduz. «Bigarren Mundu Gerlaren ondotik, hazkunde handia izan genuen; horrek asko lagundu digu kultura ezberdina garatzen. Baina ez dakit nola lortu duen hain irudi zabala munduan. Nire kulturaz oso harro nago, nahiz eta alde txarrak ere badauzkan. Hemengo kultura ere ederra da; horregatik, hemen nago!», biribildu du Saitok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.