Lurrak estali du ondarea

Bizikletentzako lurpeko parking bat egiteko lanetan, aztarna arkeologiko batzuekin egin dute topo Gasteizen. Eztabaida piztu da zer egin arrasto horiekin, eta ondarea mantentzearen alde egin dute zenbaitek: Arkeologiarako Arabar Institutuak, esaterako. Hala ere, instituzioek horiek estaltzea erabaki dute.

Aztarnak. Adatseko Andre Mariaren ospitalea, harresi bat eta kale «garrantzitsu» bat aurkitu dituzte. ITERBIDE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Sarritan ez da erraza ohartzen zapaltzen den lurraren azpian zer dagoen. Kapa bat edo beste egon daiteke behealde horretan, baina baita gainean ere. Izan ere, hainbat arrasto daude gordeta. Historia bera dago ezkutuan. Baina noizbehinka argitara ateratzen da, leku batean edo bestean egiten ari diren lanetan. Ordea, batzuetan, motza izaten da aldi hori. Lurrak estaltzen ditu aztarnak, estaltzen du ondarea, eta, tarteka-marteka, ez dago atzera bueltarik.

Hain justu, halako kasu bat gertatu da oraintsu Gasteizen. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren inguruan birgaitze lanak egiten ari dira, eta hurrengo urratsa bizikletentzako lurpeko aparkaleku bat eraikitzea da. Obrak hastearekin bat, baina, aztarna arkeologiko batzuekin egin zuten topo. Kudeaketak, ordea, harrabotsa sortu du herritarren eta profesionalen artean, instituzioen erabakia arrastoak lurperatzea izan baita.

Miguel Loza arkeologoa da, eta indusketa horietan aritu den Iterbide enpresako kideetako bat: «Era honetako esku hartzeak egitean, komeni da enpresa arkeologiko bat adi egotea, arrastoak ateratzen diren ala ez kontrolatzeko». Haren arabera, kasu honetan, bazuten susmo bat Adatseko Andre Mariaren ospitalea bertan egon zitekeela, gerora Santiagokoa bihurtu zena, baina bazen arazo bat ere: «Justuki bizikleten parkinga egiteko eremua ez zegoen ustezko arkeologia eremu baten barruan, ez zegoen arkeologikoki babestutako toki batean». Halere, susmoen jakitun, Arabako diputazioarekin eta udalarekin jarri ziren harremanetan, eta, «traba handirik ezean», lanean hasi ziren: «Makinak lurra kentzen hasi ahala, arrastoak ikusten hasi ginen, harresiak eta beste».

Zehazki, Lozaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren ardura da babesgune horiek izendatzea, baina azaldu du kasu honetan «hiru fronte» daudela: «Jaurlaritzak du babes arkeologikoko eremuei irizpena emateko eskumena; diputazioak badu ardura ondarea babesteko edo ondare hori nolabait ondo erregistratzeko neurri zuzentzaileak jartzeko; eta udala obraren sustatzailea da». Bada, uste du guztien arteko interesak bateratzea «ez dela erraza», eta, «gutxiago», aztarna horiek jada martxan dagoen proiektu batean atzeman ondoren.

Haien jardunari dagokionez ere, adierazi du «erlojuaren aurka» aritu direla, jasotakoa «ahal bezala» dokumentatzen, indusketak egin ahala obrekin aurrera jarraitzen zutelako. «Halere, atera ditugun emaitza arkeologikoak eta historikoak baliozkoak izan dira, eta edukiko dugun jakintza handiagoa izango da».

Hiru aurkikuntza

Hain zuzen, arkeologoek hasierako susmoak baieztatu dituzte: Adatseko Andre Mariaren ospitalearekin egin dute topo. «Dokumentazio idatziari esker, bagenekien XVI. mendean erre zela eraikina, 1507. urtearen inguruan, eta ondoren Santiagoko ospitalea egon zela; garbiketa arkeologikoa egin eta materiala agertu ahala, ordea, batik bat zeramika, baztertu egin genuen bigarren ospitalearen susmoa; zeramikaren kronologiak XV. edo XVI. mendera ginderamatzan, orduan katalogatutako sutearen garaira». Zehaztu duenez, indusketak egiten aritu diren eremua, «ziurrenik», eraikinaren beheko pisua izan zen, «bodega antzeko bat», eta, hor aurkitu dituzten zeramikez gain, baziren artilleriazko hiru pieza ere. Are, suaren arrastoak ere ikusi omen daitezke.

Horrez gain, beste bi aurkikuntza ere egin dituzte: «Kanpoaldean ez zegoen sutearen inongo arrastorik, baina gehien harritu gintuena izan zen bazegoela harlauza handiko zoladura bat atxikita». Jakinarazi du oraindik ez dutela «erabateko ziurtasunik» ea kale bat ote zen, plaza bat edo beste zerbait, «indusketa mugen ondorioz» ezin dutelako aurrera egin. Dena den, nabarmendu du litekeena dela «kale garrantzitsu bat» izatea. Are, handik eta hemendik zabaldutako informazioaren arabera, baliteke Donejakue bidea izatea, baina arkeologoak ez du horrelakorik baieztatu.

Harresi bat izan daitekeen horma batekin ere egin dute topo indusketetan. «Hasieratik ikusi genuen zaharra zela, eta, momentuko ebidentzien arabera, ezin zitekeen izan XV. mendekoa baino modernoagoa». Ingurua garbitzeari ekin, eta jakin zuten harresia «handi samarra» zela, eta topografia ere ikertu zuten, dokumentazio idatziak. «Barrega izenez ezagutzen zen atari bat zegoen metro gutxira, eta aurkitu genuen harresiak zer lotura izan zezakeen horrekin, Behe Erdi Arora jauzi eginda». Dena den, Lozak azaldu du zain daudela, eta espero dutela egun batzuk barru, obrek aurrera egin eta zorua kendu ahala, harresia neurtzeko aukera izatea, hala nola defentsa sistema bat izan ote zen ala ez ziurtatzeko.

Bitartean, materiala aztertuko dute, aitortu baitu landa lanak normalean interbentzio arkeologikoaren erdia baino ez duela hartzen. Hala ere, nabarmendu du aurkitutakoaren balioa «oso handia» dela hiriaren jakintzarako: «Gure hiriaren lekukotasun asko ezagutzen ari gara, orain arte puntu ezezagunak izan direnak». Bada, garrantzitsutzat jo du aurkikuntza horiek ikusgai jartzea, modu batera edo bestera izan: «Proiektu publiko bat izanda, ondarea urbanismora moldatzea egokia litzateke, baina une eta aztarnategi bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu; ez da erraza izango oreka bilatzea».

Zalaparta sortu da

Bada, oreka bilatze horretan dago eztabaida; zer egin aztarnekin, alegia. Udalak joan den astearen hasieran eman zituen azken azalpenak ohar batean, eta jakinarazi zuen aldundiak irizpide batzuk definitu zituela obrarekin jarraitu ahal izateko. «Funtsean, aurkitutako hondakinak errespetatu eta babestuko direla erabaki zen, eta babes hori bermatuko duten teknika espezifikoen bidez estaliko direla. Lanak egingo diren bitartean, gainera, kontrol arkeologikoa izango da une oro». Ez zuen argibide gehiago eman, ez moldaketarik egingo zen, ez geldialdirik egingo ote zen; azkenean, aldundiak herenegun eman zuen urrats horien berri.

Hain justu, arrasto arkeologikoak lurperatzeko erabakiak bere horretan dirau, Javier Fernandez Arabako diputazioko Museo eta Arkeologia zerbitzuburuaren arabera. Haren hitzetan, arrastoak aparkalekuaren azpian «kontserbatuko» dira, eta moldaketa bat egingo dute: aparkalekua zertxobait txikiagoa egingo ei dute. Gainera, azaldu du aztarnek ez dutela «fisikoki erakutsiak izateko adina potentzial», «teknikoki» posible bada ere, inguruneak «desabantailak» dituelako.

Bada, esandako horiek eta aurretiko isiltasunak eztabaida piztu du, batik bat sareetan, baina baita kalean ere.

Arkeologiarako Arabar Institutuko kideetako bat da Julen Diaz de Argote, eta hartutako erabakia salatu du: «Badirudi errazena tapatzea eta gainean plaka batzuk jartzea dela, baina badira ondarea urbanismoan integratzeko aukerak ere». Haren arabera, lur azpian ateratzen diren arrastoek balio dute «historiaz jakindakoa aldatzen laguntzeko», eta uste du ondare hau mantentzea ez dela soilik mesedegarria jakinduriarentzat, baizik eta baita jendeak bisitatzeko ere, ekonomia dinamizatzeko: «Sarri ikusten ditugu arkeologia eta kultura gastu gisa, baina ez ditugu ikusten inbertsio posibletzat». Aitortu du badakitela hiriek «dinamismoa» dutela, eta gauza berriak egin behar direla, baina argi du orainak eta iraganak «elkarrekin bizi» behar dutela: «Ikertu behar dira posturak proiektuarekin aurrera jarraitzeko, eta, aldi berean, aztarnak mantentzeko».

Badira aukerak

Arkitekturaren arkeologia ikasketak egiteaz arduratzen dira Arkeotektura Studioan. Hormen aztarna arkeologikoak aztertzeaz gain, birgaitzeak eta errestaurazioak egiten dituzte. Bertako kidea da Begoña Yuguero arkitektoa, eta, Gasteizko kasua hizpide, azpimarra bat egin du: «Lehenik, argitu nahiko nuke arrastoak ez direla tapatu soilik egingo, baizik eta suntsitu egingo direla proiektua bere horretan egiten bada». Zehaztu duenez, tapatuz gero, aukera egongo litzateke gerora lauzak altxatzeko eta lurra kendutakoan arrastoak ikertzeko, baina uste du kasu honetan arrastoen gainean egingo den esku hartzeak aztarnak betiko galtzea ekarriko duela, edo «iritsezinak» izatea: «Proiektatuta dagoen eraikina, antza denez hormigoizkoa, ezinbestean kaltegarria izango da arrastoentzat».

Hori horrela, nabarmendu du «ezinezko moldaketarik» ez dagoela, eta aukerak badaudela ondarea mantentzeko. «Oro har, ondarea eta arkeologia ia erabilera guztiekin dira bateragarriak, baina errespetuz eginiko diseinu bat behar du». Horretarako, lehen urratsa arrasto arkeologikoak ulertzea eta ikertzea da, eta, bigarrena, proiektua birplanteatzea. Parkingarekin ere horrela egin beharko litzateke: «Bateragarria da ondarearekin, baina zurezko edo altzairuzko egitura batekin, eraikin arinagoarekin, arrastoak bistan utz ditzakeena». Horrez gain, erantsi du plaza bat ere egin ahalko litzatekeela.

Izan ere, Yuguerok argi du: «Arrasto hauek, memoria historikoa bizirik mantentzeaz gain, geroko ikerketan metodo berritzaileago batzuekin landuko lirateke behin eta berriz». Are, uste du ondarea «guztiona» dela, eta gizartea sentsibilizatuta dagoela. Beraz, borondate politiko falta aipatu du: «Sarri entzuten dugu gure legeek ez dutela ondarea babesten, baina arazoa da legeak egonda ere ez direla betetzen, edo interesen arabera jarri eta kentzen direla». Hori dela eta, adierazi du instituzioek eraikinak «paper gainean babesteaz gain» dirutan ere egin beharko luketela, eta, are, Gasteizko kasua gogoan izanda: «Administrazio publikoaren eskuetan daude ondarea, proiektua eta obra; aurrera eramateko premia edo presa ez dakigu nondik datozen, baina galera guztiona da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.