Errusiako Munduko Kopa. Argentina 1-1 Islandia

Ezin harresia eraitsi

Argentinak estropezu egin du Islandia lehiakorraren aurka. Aurretik jarri da lehen zatian, baina berehala sartu diote banakoa. Gero, Messik penaltia huts egin du

Lionel Messi Argentinako selekzioko aurrelaria, pentsakor, atzoko partidan penaltia huts egin ondoren. PETER POWELL / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Aguerok (19. min). 1-1: Finnbogason (23. min). Epailea. Szimon Marciniak (Polonia). Ez zuen txartelik erakutsi. Bestelakoak. 44.190 ikusle Moskuko Spartak estadioan.

Kritikak eta giro gaiztoa eguneroko ogia bilakatu dira Argentinako selekzioarentzat. 1986an irabazi zuen azkenekoz Munduko Kopa; urte asko, gehiegi igaro dira, eta zaleak aspertuta daude. Errusiara duda-mudatan iritsi da Jorge Sampaoliren taldea, txapelketarako doi-doi sailkatu zelako, eta estreinakoan zalantzak hauspotu besterik ez zuen egin. Talde sendo eta deserosoa izan zuen aurrean, Heimir Hallgrimssonen Islandia, eta nahi eta ezinean aritu zen. Markagailuan aurrea hartu zuen Agueroren eskutik, baina aitaren batean neurketa berdindu zuen Finnbogasonek. Saiatu zen Argentina estropezua saihesten, jokoaren ekimena bere egin eta aurrean duen bolbora profitaturik; ordea, Islandiak ez zion horretarako aukerarik eman.

Ezustekotzat jo daiteke Argentinaren estropezua, eta bada, neurri batean; hori bai, Islandia ez da edonolako selekzioa. Estreinakoz ari da Munduko Kopa batean, baina Frantziako Eurokopan jada erakutsi zuen gauza handiak egiteko gai dela. Izen handirik ez duen arren, talde izaera oso irmoa du, eta distira egiten du joko ilunean. Eta erasoan ere badaki letaginak erakusten, joko zuzenaren bidez. Atzo, ezin hobeki erakutsi zuen hori guztia. Lerroak atze-atzean paratu, eta harresi tinkoa altxatu zuen bere arearen aurrean. Hala, ito egin zuen Argentinaren erasoko jokoa. Une oro jokalariz inguratuta izan ziren Messi, Aguero eta enparauak, eta apenas aurkitu zuten zirrikiturik.

Aguerok 18. minutuan eragin zuen arrakala bakanetako bat, eta 1-0ekoa egiteko baliatu zuen. Rojoren jaurtiketa aurrelariaren hanketara iritsi zen, eta zartako batez bidali zuen baloia sareetara, bizkarrez maisuki mugitu ostean. Merezitako saria jaso zuten Sampaolirenek, nagusi izan baitziren ordura arte. Haatik, gutxi iraun zien pozak, lau minutu eskas, hain zuzen. Finnbogason buruko min hutsa izan zen atzokoan atzelari argentinarrentzat, eta hark sartu zuen banakoa. Caballerok ahal bezala gelditu zuen Sigurdssonen jaurtiketa, eta aldaratzea Realeko aurrelari ohiak ehizatu zuen, eta sareetara bidali.

Hortik aurrera, blokeo egoeran izan zen Argentina. Mundu guztia Messiri begira zegoen, baina Bartzelonako izarrak ez zuen bere egunik onena izan. Taldeak haren baitan egin zuen bira, baina ez zen ohi bezain erabakigarria izan. Berdinketa apurtzeko aukera izan zuen 64. minutuan, penalti puntutik, baina intentzioa ondo igarri zion Halldorsson atezainak. Sampaolik aulkia mugitu zuen azken hogei minutuetan, eta Banegaren irteerak argitasun apur bat eman zion argentinarren jokoari, baina Islandiaren harresiak zutik iraun zuen amaierara arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.