Javier Landeta. Denon Taldea hautagaitzako hautagaia

«Euskal Selekzioa indartu nahi dugu, adostasunean oinarrituta betiere»

Leioa futbol taldeko presidenteak Euskadiko Federazioa zuzentzeko pausoa eman nahi du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioen babesa dauka, eta ofizialtasuna, berdintasuna eta euskara ditu asmoetan ardatz.

DENON TALDEA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Euskadiko Federazioaren barruan bada gai bat korapilatsua: Bizkaiko Federazioak indar handiagoa duela Araba eta Gipuzkoakoak baino. «Estatutuak aldatzeko garaia da», dio Javier Landetak (Leioa, Bizkaia, 1959), Denon Taldea izeneko hautagaiak.

Zerk bultzatu zaitu aurkeztera?

Nola esperientzia dudan klubak kudeatzen, neuk eta nire kideek, nahi dugu hori federazioara zabaldu. Hobetzen jarraitu behar du federazioak, XXI. mendeak eskatzen duen mailetan.

Atzeratuta dago?

Ez. Lan oso garrantzitsua dauka egiteko, euskal futbolaren bizkarrezurra da, eta egoera ezin hobean dago horretarako. Aurrekoen lekukoa hartu, eta lanean jarraitu behar da.

Euskal futbola ez dago elkar hartuta?

Kohesioaz ari naiz. Herrialdeetako federazioen lana ere oso garrantzitsua da. Herri honen artikulazio politikoaren isla da euskal futbolaren antolaketa. Uste dut euskal federazioak oinarria izan behar duela denen artean helburuak zehazteko, baina betiere eragile eta lurraldeetako federazioekin.

Kohesioa dago Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren gaiarekin?

Hor ere beharko da. Gure helburua da ofizialtasuna lortzea adostasunez. Liskarrik ez dugu nahi, eta eragile guztiek elkarrekin joan behar dugu. Ez ditugu aukerak erre behar. Federazioak urteak daramatza pausoak ematen. Badakigu partida hau ez dela kirol arloan soilik jokatzen, esparru gehiago ere badaude: erakundeena eta maila politikoa. Maila horietan ere kohesioa lortu behar da.

Irabazten baduzu, zein da bide orria gai horretan?

Pausoak ematen segitu behar dugu, eta, gure ustez, kirol arloan. Indartu nahi dugu Euskal Selekzioa, partidak eta nazioarteko txapelketak joka ditzan modu erregularrean eta aurkari onen aurka. Horrez gain, bulego teknikoa sortu nahi dugu Selekzioaren gai guztiak kudeatzeko. Dimentsio zabala du, eta federazioaren eguneroko jardunak ezin du hori bere gain hartu. Euskal Selekzioa denon taldea izatea nahi dugu, kohesionatzailea izatea gizartean, ilusioa itzultzea kamiseta berdea janzteko, harro egon gaitezen. Prestigioa ematen badiogu selekzioari nazioarteko partidak jokatuz, babesleak erakarriz eta abar, pausoa emango dugu kirol arloan, beste esparruetan ere lan eginez hazten jarraitzeko, ondoren pauso egokiak ematen segitzeko, azken helburua lortzeko.

Espainiako Federazioak urtero dirua ematen die lurraldeetako federazioei, eta batzuen kezka da diru iturri hori galtzea. Zer daukazue pentsatuta?

Elkarrizketa asko behar da. Konponbideak adostua izan behar du. Aurrera egin behar da, baina ezin da euskal futbola kaltetua atera. Gai izan behar dugu baliabide ekonomikoak lortzeko gure programa osoa osatzeko, eta guk geuk aurkitu behar dugu dirua, Espainiako Federaziotik eta beste leku batzuetatik sartzen denaren beharrik izan gabe.

Berdintasunarena ere programan sartu duzue.

Leioatik nator ni, eta bost urtez izan nintzen Leioako Emakumeak taldeko presidente. Lan interesgarria egin dugu berdintasun eraginkorra lortzeko klubean, eta federaziora eraman nahi dugu hori. Futbolaz hitz egin behar da, emakumezkoak eta gizonezkoak bereizi gabe. Leioan, kirol zuzendaritza bakarra dago, adibidez. Bakoitzak bere jarduerak dauzka, baina ezin da ezberdintasunik egon kudeaketan eta tratuan.

Euskararen inguruan ere badituzue hainbat proposamen.

Kluben jardunak euskaraz izan behar du ahalik eta gehien, barrura eta kanpora begira. Bermatu egin behar dugu obligazio moduan federazioaren komunikazio guztietan euskara erabiltzea. Baldintza egokienak sortu nahi ditugu euskara egunero presente egon dadin euskal futbolean.

Federazioaren batzarretan indarrik handiena Bizkaiko futbolak dauka. Hori aldatzeko asmorik baduzue?

Estatutuak gaurkotzea proposatzen dugu, eta zuzendaritzan eta batzarrean aztertu egin beharko genuke gaia. Uste dugu estatutuak berritu egin behar direla aldian behin, eta garai egokia da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.