Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Zigarro artifizialak

2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Oporretan, nire ilobarekin Ghostbusters (Ivan Reitman, 1984) pelikula klasikoa ikusten, bi gauzak eman zioten arreta. Hasieran, efektu bereziek —bere garaiko onenak, egun vintage kutunak—, mamuak oso faltsuak zirela iritzita. «Konputagailuen aurrerapausoak, maitea». Gero, pertsonaia guztiak etengabe zigarroak erretzen aritzea gertatu zitzaion deigarri. Plano guztietan, egoera guztietan. Horretarako, ezin erantzun egokirik aurkitu.

«Filmetan protagonistek ez dute erretzen, txarra delako». «Baina bere garaian ez zenekien txarra zela ala?». «Bai, baina... tira... mundua asko aldatu da. Orain gutxiago erretzen da». «Baina oraindik askok erretzen duzue, eta pelikuletan ez du inork erretzen». «Bai, tira, beno, bai, orain pertsonaiak eredu izaten saiatzen dira, eta soilik gaiztoek erre dezakete». «Baina, orduan, filmetan ez dute errealitatea erakusten. Zu ere gaiztoa al zara?». «Nahi al duzu izozki bat?». Zentzuzko haur-logika madarikatua...

Politikoki zuzenaren kontua azaltzera nindoan ilobari, baina, bat-batean, E.T. (Steven Spielberg, 1982) filma 2002. urtean berriz estreinatu zutenekoaz akordatu nintzen, tabakoa eta armak digitalki ezabatuta, eta inozo sentitu nintzen. Zineman hainbat bizipen beti direlako zailak naturaltasunez irudikatzeko —diskotekak, sexua, drogak eta abar—, zailak ikusleari bere barnean sentipenak osoki sentiarazteko. Normalean, egoera horietan geure pertzepzioa kaltetua dugulako, eta nekez lortuko dugulako butakako krispetekin bateratzea. Baina gu beste hainbat egoera faltsutzen temati gabiltza. Tabakoa, adibidez, modu artifizialean irudikatzen dugu, intentzio ilun batekin, nahiz eta gizartean normaltasun osoz ageri den.

Baina, beste guztien gainetik, umeen berezko elkarrizketak naturalki islatzea da erronkarik handiena gidoilari batentzat. Gutxik lortzen dute, helduok umeen begirada galtzen dugulako; harritzeko gaitasuna, absurdoaren gozamena, erabateko logika armagabetzailea. Naturalagoa sentitzen dugu guda espazial bat, bi umeren arteko berriketa baino. Zorionez, azken boladan The Visit (M. Night Shyamalan) edo Room (Lenny Abrahamson) bezalako film bikainetan benetako umeak ikus ditzakegu, berezko tontakeriekin, ezusteko lañotasunarekin, eta nire ilobarenak bezalako arrazoizko txorakeriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.