KRITIKA. Zinema

Gerra txikiak

Gerra distantziatik ikusten dute protagonistek BERRIA.
Gontzal Agote.
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun

'Mandariinid'

Zuzendaria:Zaza Urushadze. Herrialdea: Estonia. Urtea: 2013. Iraupena: 87 minutu.

Pozgarria da zinema areto hits eta uniformizatzaileetan pelikula estoniar bat ikustea. Milioi eta erdi biztanlera ez da ailegatzen Baltikoko herrialde txikia, 1991n bere independentzia berreskuratu zuena. Pozgarria da bestelako filmografiak ezagutzeko aukera izatea, egiaztatzea mundua ez dela dena superheroi eta saga aspergarrietan amaitzen.

Ur handitan sartzeko arriskua zuen pelikula txikia da Mandariinid. Izan ere, gerra, horretarako motibazioak eta gizakiaren harreman primitiboak aztertzen dituen pelikula izanik, diskurtso eta ideia maiztuetan sartzeko arriskua zuen.

Zorionez, txikia izatearen kontzientzia argi izanik, filmak ez du nahiko mundua konpontzerik. Aitzitik, jarrera horietan dauden kontraesan eta ohitura ikusgaitzei erreparatzearekin konformatuko da.

Berez, istorioaren abiapuntua ez da berritzailea, hainbatetan ikusi baitugu bi etsai espazio itxi batean elkarbizitzara kondenatuta egon behar izatearen gaineko istorioak. Klasikoen artean, Lee Marvin eta Toshiro Mifune handiek egin zuten aurrez aurrekoa da erreferentzia nagusia, Hell in the Pacific (John Boorman, 1968) pelikulan. Azken urteotan, berriz, Danis Tanovicen No Man's Land-ek ezagutu zuen nolabaiteko arrakasta, Oscar saria eta guzti.

Mandariinid-en kasuan, berrikuntza nagusia gerra urrutitik bizi duten bi pertsonaien parte hartzean dago. Horietako batek, Ivok, nolabaiteko bitartekari lana eginen du; betiere, distantzia hartuta. Haren helburua ez da handikeriatan galtzen, ez du gerrekin amaitu nahi, ezta bi etsaiak adiskidetzea ere. Bere etxe barruan elkar ez hiltzea aski zaio. Ivoren jarrera pragmatikoa da filmak transmititu nahi duena.

Hortik aurrera, keinu, isiltasun eta begiraden pelikula pausatua da Zaza Urushadzek egin duena. Zeregin horretan garrantzi handia du aktoreen lan bikainak, baita filmak hasieratik erakusten duen zintzotasunak ere. Ez du inor engainatzeko asmorik, eta hori, gaur egun, urrea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.