Literatura

Formak organikoa bihurtzen du ideia

Paul Valery idazle frantsesa Okzitaniako Sete hirian jaio zela 150 urte dira. Poeta, saiakeragilea eta intelektual laudatua izan zen. Benjamin, Adorno, Cioran, Octavio Paz eta Derridak aintzat hartu zituzten Valeryren gogoeta filosofikoak.

BERRIA.
Gorka Arrese.
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Paul Valeryk 67 urte zituen, eta Jean Voilierrek 35, Parisen elkar ezagutu zutenean, 1938an. Idazleak ziren biak. Valeryk La jeune Parque (Patu gaztea, 1917) eta Le cimetière marin (Itsas hilerria, 1920) poema ezagunak eta saiakera apartak idatziak zituen; intelektual handietarik bat zen Frantzian. Voilier, bestalde, Beauté, raison majeure (Edertasuna, zio nagusi, 1936) eleberriaren egilea zen, gizonezko deituraz, emakumearen berezko izena Jeanne Loviton izaki.

Voilierrekin osotoro maitemindu zen Valery: «Pozoi maite nirea,/ zure den-denak, haragiak,/ ezkutuko biloek,/ zure ibileraren Venusek/ eta zure izpirituaren Psikek,/ ulertu eta erantzun egiten/ didala dirudien bihotzak,/ zure denak erre egiten nau,/ eta emozio oparo horretan/ bat egiteko txoratzen nago».

Zazpi urte geroago, Voilierrek bertan behera laga zuen harremana, Robert Denoel editorearekin lotzeko. Hondoa jota, Valery hil egin zen bi hilabeteren buruan, 1945eko uztailean.

Valeryk 150 poema amodiozko idatzi zizkion Voilierri, hark enkantean saldu zituen Parisen eta Monakon, Tokioko unibertsitate batean gordeta egon ziren urtetan, eta, harrigarriro, ez zituzten argitaratu 2008ra arte, Corona et Coronilla izenburuarekin.

Stephane Mallarme, Andre Gide eta Andre Breton idazleen adiskidea izandako Valeryk hagitzez testu gehiago ere utzi zituen etxeko apaletan: Kaierak.

Gogoeten bilduma

Goizaldeko laurak eta bostak artean iratzartzeko ohitura zeukan Valeryk, eta hiruzpalau orduz hausnartzen, marrazten eta idazten jarduten zuen kontu ugariri buruz: literatura eta psikologia, matematika eta filosofia, estetika eta biologia, artea eta zientzia. 1894. eta 1945. urte bitartean 261 kaier bete zituen: 27.000 orrialde. Buru ariketa tai gabean igarotzen zituen eguneko lehen orduak, gogoaren gimnastika diziplinatuan, zehaztasun bila pentsamenduekin eta borrokan hizkuntzarekin, arturratzearen esperoan.

Valeryren Kaierak analisi prozeduraren erakusgarriak dira, inteligentziaren funtzionatzeko modu baten arrastoak, mundua eta gizakia konprenitzeko borondatearen eta ahaleginaren testigantzak: aforismoa eta formula matematikoa, behaketa soziologikoa eta ikerketa estetikoa, iritzi politikoa eta datu autobiografikoa, apunte poetikoa eta kritika literarioa. Esate baterako: «Rimbaudek zentzu bat gehiago du Mallarmek baino. Baina Mallarme organizatua da Rimbauden aldean. Batek kolore gehiago ditu, besteak konbinazioak. Zein da aberatsagoa? Antipodetan daude bata bestearengandik».

Ordena konkretu bati jarraitu gabe idazten zuen Valeryk, zatika, nahas-mahas: adiskide baten bisitaren gaineko oharra edo norberaren eskuaren marrazkia zigarreta batekin, fisikako hitzaldi bati buruzko hausnarketa edo teorema baten inguruko eztabaida. Berdin, ametsaz edo arteaz, nortasunaz edo plazeraz, memoriaz edo denboraz. «Bide laburrena denborazkoa da. Puntu batetik bestera igarotzeko ibilbidea, guretzat, denbora laburrena izaten da. Zuzen bat marra bat da, zeinaren trazaketa denboraren araberakoa besterik ez den».

Kaier horietan, diagrama geometriko bat zirriborratu ondoren, beharbada, norbaiti aditutako pasadizoren bat jasoko du. Adibidez: «1924ko martxoan, Hostelet fisikariarekin hizketan, kontatu digu kuantuez debate eder bat izan zela 1911n. Solvayk Bruselako Metropole hotela ordaindu zuen eta fisikako buruargiak elkartu zituen: Poincare, Planck, Einstein, Langevin, eta solasa arazorik gabe lau hizkuntzatan gidatzen zuen Lorentz. Egunero zortzi orduz eztabaida sakonean. Inbidia diet gizon horiei. Antzekorik ez, Letretan eta Arteetan».

Kitzikagarria da Valeryren kaieretako ariketak, oharrak, ikerketak, pasarteak irakurtzea. Beti agertzen da esaldi berezi bat, edonork berea izatea nahi lukeen ideia hori, ulergaitza egiten den definizio hura, ezusteko deskribapen bat, zalantza eragiten duen iritzia. «Lerroa pentsatu duenak mugimendua pentsatu du». Edo: «Formak organikoa bihurtzen du ideia». Edo: «Argitu beharrekoak ez dira hitzak, esaldiak baizik». Edo: «Elkarri oso lotuta daude eskuaren gaitasuna eta hizkuntza artikulatua».

Kaieretan aitortzen duenez, Valeryk gehien maite zituen ariketak hiru dira: poemak ontzea, matematikak lantzea eta marrazkiak egitea. Harentzat, hutsetik formaranzko urratsa da marrazkia; gorputzik gabeko dantza eta hitzik gabeko ahotsa da musika; soinuaren eta zentzuaren arteko zalantza iraunkorra da poema; eta obra matematikoak hauxe du ona: formaren eta funtsaren arteko erlazio etengabea.

Valery irakurtzen duena ondorio honetara helduko da: «Arteen helburu komuna poesia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.