Marinovaren hilketa «sakon» ikertzeko eskatu du Bruselak

Viktoria Marinova Bulgariako kazetaria bortxatu eta hil egin dute. Istanbulen, Jamal Khaxoggi Saudi Arabiako kazetaria hil dute

urtzi urkizu
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Viktoria Marinova kazetari bulgariarra bortxatua eta bortizki eraila agertu zen larunbatean Ruse hirian, Danubio ibaiaren inguruan, Bulgariako iparraldean. Europako Batasunean urtebetean hiltzen duten hirugarren kazetaria da, eta Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute kazetarien segurtasuna «oso bizkor hondatzen» ari dela. Europako Batzordeak, berriz, Europako ustelkeriaren aurkako agentziari eskatu dio Marinovaren hilketa «bizkor» eta «sakon» aztertzeko, eta argitzeko heriotza kazetariaren lanarekin lotuta dagoen. Marinova TVN telebista kate pribatuko zuzendaria zen, eta Europako diruen iruzur auzi bat ikertzen ari zen.

Detector saioa aurkezten eta zuzentzen zuen Marinovak. Egin zuen azkeneko atalean, Dimitar Stoyanov Bivol webguneko —Wikileaks-eko bazkidea— kazetaria gonbidatu zuen, Errumaniako Attila Biro kazetariarekin batera. Stoyanov eta Biro Bulgariako Poliziak atxilotu zituen irailean, ustelkeria auzi bat ikertzen ari ziren bitartean. Errepideak egiteaz arduratzen den enpresa baten iruzurrak ari ziren ikertzen, eta tartean ziren Europako diru funts publikoak. Kazetari horiek egiten ari ziren ikerketen arabera, Europatik iritsitako diruaren %30-40 inguru desagertu egin zen, ustelkeriagatik eta eroskeriengatik.

Vera Jourova Europako Batzordeko Justizia komisarioak esan du «gertutik» jarraituko duela Marinovaren hilketaren ikerketa. Europako ustelkeriaren aurkako agentziak baieztatu du irailetik ari dela aztertzen Bulgariako iruzur salaketak eta aintzat hartuko duela Marinovaren hilketaren ostean iritsitako informazio guztia.

Khaxoggiren hilketa

Egunotan, era berean, zer esan handia eman du beste kazetari baten hilketak; Saudi Arabiako Jamal Khaxoggi kazetari eta analista Istanbulen agertu da hilda—hainbat iturriren arabera, Saudi Arabiaren kontsuletxean hil zuten joan den astean—. Khaxoggi Al Arab Media Group taldeko kudeatzaile ohia zen, eta iritzi zutabeak idazten zituen The Washington Post egunkarian. Iaztik AEBetan bizi zen erbesteratuta, eta denbora gutxi zeraman Istanbulen.

Khaxoggi kritikoa zen azkenaldian Saudi Arabiako Gobernuarekin. Turkiako Gobernuaren iturrien arabera, Saudi Arabiak hamabost laguneko talde bat zuen propio kazetaria akabatzeko.

Turan Kislakçi turkiar-arabiar prentsa elkarteko presidenteak—Khaxoggi zenaren laguna da— esan du «ziurtatuta» dagoela kazetaria Saudi Arabiaren kontsuletxean hil zutela. Kontsuletxeak, aldiz, behin eta berriz adierazi du ez duela hilketaren erantzukizunik: «Saudi Arabiako erreinua bere herritarren segurtasunaz kezkatzen da, dauden tokian daudela».

The Washington Post-ek joan den ostiralean zuriz utzi zuen Khaxoggik idazten zuen zutabea, Desagertutako ahots bat izenburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.