Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Etxeko kontuak

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Africa'

Zuzendaria: Oren Gerner. Aktoreak: Meir Gerner, Maya Gerner. Herrialdea: Israel. Iraupena: 82 minutu.

Meir erretiratu berri den gizona da. Urteak daramatza herriko ospakizunez arduratzen, eta aurten bere eginkizunak gazte talde bati eman dizkiote, berari erabakian parte hartzeko aukerarik eman gabe. Duen denbora librea bete nahian, eskatu ez dioten egurrezko ohe bat egiten hasiko da. Hala, egunak bere tailerrean igaroko ditu.

Egoera kurioso batean jarri du bere burua Oren Gerner zuzendari israeldarrak. Bere lehen film luzerako, gurasoak hartu ditu aktore protagonistatzat. Ez hori bakarrik: anai-arrebak eta ilobak ere filmeko pertsonaiak dira, baita bera ere. Haien benetako izenak jarri dizkie pertsonaiei; fikziozko lana da, ordea.

Erretiratu ondoren bere lekua topatu nahian dabilen gizonaren istorioa kontatu digu Gernerrek. Zituen erantzukizunak galtzen ari da Meir, eta lagungarri ez dela sentitzen du; berak ezer egin gabe ere dena aurrera doala. Antolatzen zuen ospakizuna gazte batzuek antolatuko dute, eta egin behar zuen egurrezko ohea Ikean eros daiteke. Osasuna ere ahultzen doakio eta, aldaketa guztien aurrean estututa, berera jarraitzea erabakitzen du: osasunez bikain dago, eta egurrezko ohea egingo du.

Mimoz egindako filma da Oren Gernerrena. Maitasunez begiratzen ditu Meierren kezka eta ardurak, eta ingurune goxo bat eraikitzen du hark aitortu nahi ez dituen sentimenduak kamera aurrean azaleratu daitezen. Nolabait etxeko bilakatzen du ikuslea, eta, guztioi ezagunak zaizkigun egoeren lekuko bihurtuta, protagonistaren bidaian parte hartzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.