Behatokirik ederrenen mantentzea

Ehunka urte dituzten egurrezko miradoreak babestu ditu Bilboko Udalak. 236 katalogatu ditu guztira, babes maila desberdinarekin. Bilboko Zabalgunean daude gehienak.

3. Unamuno plazako miradorea. Alde Zaharreko miradoreak aspalditik daude babestuta. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
unai etxenausia
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Miradorera irten zen bera berriro ikustera...», idatzi zuen Jose Marti poeta kubatarrak La niña de Guatemala (Guatemalako neskatoa) olerkiko pasarte batean. Behatokiek, berdin du naturalak edo gizakiak sortuak izan, badute zerbait berezia: historian zehar, edertasunarekin erlazionatu izan diren txokoak dira. Julietak Romeoren maitasun hitzak entzuten zituen bere jauregiko miradoretik, antzinako nobleek tea hartzeko erabiltzen zuten, jauregirik ederrenak argiztatzeko balio zuten... Klase altuen eta elegantziaren erakusgarri ziren.

XIX. eta XX. mendeen artean zaldi gainean eraikitako ehunka eraikinen fatxadak apaindu zituzten egurrezko miradoreek. Euskal Herriko jauntxoen etxeetan eraiki zituzten gehienak, eta Bilbo da eraikin historikoetan miradore gehien dituen Euskal Herriko hiria. Egun, herri eta hiri batzuetako etxerik mitikoenen bereizgarri bihurtu dira, mantendu duten garrantzi historiko eta arkitektonikoagatik. Horregatik, hain zuzen, babestea eta zaintzea erabaki du Bilboko Udalak.

Udal gobernuak martxoan onartutako HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean erabaki zuten behatokiak babestu behar zirela, gutxinaka galtzen ari baitziren: zaharkitu egiten zirelako edo miradoreen jabeek aluminioz sortutako piezekin ordezkatzen zituztelako.

Hiriko begiratoki guztiak kartografiatzen hasi ziren, eta haien balioa zein zen hauteman zuten ondoren. Jorge Rodriguez View Arkitektura eta Ikerketa enpresako arkitektoak eta haren lantaldeak katalogatu zituzten eraikinak. Rodriguezek azaldu du miradoreen eta eraikinen hainbat adierazle kontuan hartu zituztela prozesu horretan: «Miradorearen egurraren kontserbazioa, eragin klimatikoa, eraikuntzaren balioa, konposizioaren balioa, balio historikoa, eta ingurumen adierazlea [hiriko zein lekutan dagoen eraikina]».

Hasieran, 669 miradore aztertu zituzten, baina 236 aukeratu zituzten. Hiriko Errekalde eta Uribarri auzoetako hamalau eraikin izan ezik, Zabalgunean daude udalak babestea erabaki dituen beste guztiak. Alde Zaharrean ere hainbat miradore historiko daude, baina dagoeneko babestuta daude Barne Erreformako Plan Bereziari esker.

Landa lana «oso azkar» egin behar izan zutela azaldu du arkitektoak. Hiru taldetan banatu zituzten miradore guztiak. «Ez bata bestea baino hobea zelako, miradore bakoitzaren ezaugarriak eta egoera zen garrantzitsuena», nabarmendu du Rodriguezek. Azkenik, fitxa bat entregatu zioten udalari, «eraikin bakoitzak izan behar zuen babes maila» zehazten zuena, esplikatu du arkitektoak.

Babes mailarik handienarekin katalogatu dituzte 30. Beraz, bizilagunek osorik mantendu beharko dituzte begiratokiak; egin ditzaketen erreformak gutxienekoak izango dira, eta beti eskatu beharko dute baimena udaletxean, zehaztu du Martinezek; 182k zaintza maila txikiagoa dute, eta ordeztu egin daitezke, betiere jatorrizko diseinu eta material berbera mantentzen badituzte; eta azken 24ek, berriz, miradorearen egituraren morfologia osoa aldatu dezakete.

Javier Martinez Bilboko Udaleko Hiri Plangintzako zuzendariak sakon aztertu du fitxa. Azaldu duenez, udalarentzat ere «prozesu nekeza» izan da miradore guztiak aztertzea. Are, zuzendariak azpimarratu nahi izan du guztiek egurrezkoak izan beharko dutela aurrerantzean ere.

Hiriaren historiaren parte

Argi dago Bilbo ez dela begiratokiak ezaugarri berezitzat dituen leku bakarra. XIX. mendeaz geroztik, mundu osoan zehar eraiki dira. Hala ere, Jimenezek esan duenez, Bilbon, eta batez ere hiriko Zabalgunean, askoz begiraleku gehiago daude Euskal Herriko beste toki batzuetan baino, jende diruduna bertan bizi zelako.

Begiratokiek jauntxoen etxebizitzak berotzeko nahiz aireztatzeko balio zuten. Berotegi efektua egiten zuten neguan; udan, berriz, etxea aireztatzen zuten haiei esker. «Lehen ere gauzak funtzionalak izatea zen garrantzitsua», azaldu du zuzendariak.

Gaur egun, ordea, asko aurreratu da arkitekturan, eta askoz aukera gehiago daude etxe bat eraikitzeko orduan. Aurrerapenak «oso positiboak» iruditzen zaizkio Rodriguezi. Hala ere, aldi berean, garai bateko artisau lana galtzen ari dela uste du: «Begiratokiek hiriko kaleak apaintzen dituzte. Begiratokiak bertan bizi den gizartearen adierazpena direla uste dut. Orain garenaren parte bihurtu dira».

Rodriguezentzat, oso garrantzitsua da ondareari eustea, beti gauza berriak eraiki beharrean. Izan ere, jasangarritasunean eta ondarea babesten espezializatutako arkitektura kooperatiba da View Arkitektura eta Ikerketa enpresa. «Ahal dugun guztia egiten dugu ondare elementu baten katalogazioa adituen irizpidearen araberakoa izan dadin. Horretarako, hainbat adierazle aztertzen dituzte, eraikinak aztertu ondoren», gehitu du.

Jabeen betebeharrak

Miradoreen inguruko araudi berriaren arabera, jabeek egoera onean mantendu beharko dituzte. Funtsean, behar bezala kontserbatu, eta begiratokiak duen babes maila errespetatu beharko dute. Martinezek gauza bakarra espero du jabeengandik: «Berrikuntzak egiten dituztenean, begiratokiak ez desagertzea nahi dut. Espero dut ondo zainduko dituztela». Izan ere, miradore asko desagertu dira azken urteotan, konponketen kostuengatik edo jabeek ez zituztelako aprobetxatzen. «Pena da, behatokiek hiri gisa bereizten gaituelako», gehitu du Martinezek.

Hasieran, udalak ez du aurreikusi miradoreak dituzten etxebizitzen jabeek horiek mantentzeko laguntzarik jasoko dutenik. Udalak eraikinaren mantentze lanei eta irisgarritasunari ematen die lehentasun gehien. Halere, aurrera begira, Martinezek ez du ezer baztertzen: «Laguntzak ematea gustatuko litzaiguke, baina irisgarritasuna da garrantzitsuena orain; aurrerago ez dugu baztertzen miradoreen jabeei ondarea mantentzeko laguntzak ematea».

Araudi berri hau dela eta, udalak ez du oraindik etxebizitzen jabeen aldetik inolako erantzunik jaso: «Goiz da jabeek zerbait esateko, araudia oso berria baita», esan du Martinezek.

Ondarearekin lan egitea

Miradoreak aztertu eta babestea aurrerapauso handia izan da, arkitektoaren iritziz, are, udalak lehenagotik aurreikusia zuen plan batean zegoela uste du. Horregatik, «azkarra izan da» prozesu guztia.

«Ez da erraza Bilbon ondarearekin lan egitea, baina pozik gaude udalak miradoreekin lan egiten utzi digulako. Halere, oraindik gauza asko daude hobetzeko». Aurrera begira, hiriko beste ondare batzuekin zerikusia daukaten proposamenak aurkezteko asmoa dutela azaldu du Rodriguezek. Halere, oraindik ezin izan du ezer aurreratu.

Martinezek argi dauka begiratokiek balio gehigarria ematen dietela eraikinei: «Lan pedagogikoa egin behar da. Jabeek ondare oso berezi bat izango balute bezala sentitu behar dute miradore bat izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.