Oinazea ekarri zuen gripe pandemia

Ehun urte bete dira azkenengo gripe pandemia handitik. Munduan 40-50 milioi pertsona hil ziren, eta nagusiki gazteei eragin zien. Horrelakoak boladaka gertatzen direnez gero, etorkizunean gerta liteke antzekorik.

Gripeak gaixotutakoak artatzeko aretoa AEBetako Walter Reed ospitalean.
Gripeak gaixotutakoak artatzeko aretoa AEBetako Walter Reed ospitalean. HARRIS & EWING

Iker Tubia -

2018ko martxoak 6

Gogorra izan zenez gero, oraindik ere memoria kolektiboan ongi gorderik dago 1918an mundu osoan zabaldutako gripe pandemia. Ehun urte bete dira espainiar gripea ezizenarekin ezagutzen den pandemia gertatu zenetik. Ordukoa ez zen sasoiko epidemia ohikoa izan, mendez mende tarteka agertzen den pandemia bat baizik. Gogor kolpatu zuen mundu osoan.

Gripe horri buruz hitz egiterakoan, kontuan hartzekoa da I. Mundu Gerra. «Lubaki guda krudela, gerra kimikoan erabilitako gasak eta parte hartu zuten milioika soldaduen bizi baldintzak kontuan hartu behar dira», azaldu du Anton Erkoreka EHUko medikuntzako irakasle eta Euskal Herriko Medikuntzaren Museoko zuzendariak. Aski ongi ezagutzen du gaia, eta asko idatzi du horren inguruan, tartean, La Pandemia de gripe española en el País Vasco 1918-1919 (espainiar gripearen pandemia Euskal Herrian 1918-1919) liburua eta hainbat artikulu zientifiko.

Ikerlari gehienen aburuz, pandemia 1918ko martxoan hasi zen AEBetan. Hala ere, autore batzuen ustez lehenago ere izan ziren kasuak. AEBetan agertutako pandemia Lehenbiziko Mundu Gerran parte hartu zuten soldadu amerikarrek eraman zuten Europara. Apiriletik ekainera Europa osoan eta Asian zabaldu zen, ekainean Hego Amerikara ailegatu zen, uztailean Pazifiko hegoaldera, eta abuztuan Indiara. Baina bigarren bolada izan zen kolperik gogorrena. Hori uda hondarrean hasi zen eta udazkenean bukatu.

Erkorekak liburuan aipatzen duenez, bigarren bolada horrek populazioaren zati handi bati eragin zion, gaitz kliniko izugarria sortuz, eboluzio oso azkarrekoa, eta ezaugarri bat zuena: birikak odolez betetzen zituen hemorragia masiboa, kasu askotan bizpahiru egunetara heriotz mingarria ekartzen zuena. Europan populazioaren erdia gaixotu zen, baina %0,5 inguru hil zen. Toki batzuetan oso gogorra izan zen: Alaska eta Kanadako toki isolatu batzuetan, inuit populazio ia osoak hil ziren; Samoan biztanleen %23a. Sierra Leonan populazioaren %3 hil zen, eta Ghanan, %5a.

Erkorekak ohartarazi du informazio faltsuak ere badirela, munduan gripe horren ondorioz hildakoen kopuruak puztu egiten dituztenak. Gripe haren ondorioz munduko populazioaren %2,5 hil zen, eta Europan, %1a. «Beste zifrak interesatuak dira, ez dira onartu behar. Beldurraren politika egiten da batzuetan zifra lar altuak emanez». Osasunaren inguruan dauden enpresa batzuen interesen mesederako izan daitezke informazio faltsu horiek.

Euskal Herriari dagokionean, lehenbiziko agerraldiak ez zuen eragin handirik izan. Espainiatik heldu zen, eta Bilbo inguruan izan zuen eragina. Iruñean 15 lagun hil ziren maiatza eta ekaina artean. Udan gripea desagertu zen, eta irailean berriz agertu. Bigarren bolada hori izan zen kaltegarriena. Identifikatu den lehenbiziko fokua Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) zegoen. «Seguruenik trenaren bidez helduko zen, eta hortik aurrera, epidemia ikusten dugu zabalduta. Urrian Europa osoan dago epidemia», azaldu du Erkorekak. Nafarroako iparraldean ere agertu zen Irun eta Hendaiarekin batera, Goizuetan adibidez. Irunen 1918ko iraila eta urrian populazioaren %1 hil zen gripe horren kari. Hildako gehien izan zituen eguna irailaren 22a izan zen; 10 lagun zendu ziren. Gripeak aurrera egin zuen Euskal Herrian behera, Baiona eta Donostia pasatuta, Gasteizeraino ailegatuta. Oso agudo zabaldu zen eritasuna, eta Bilbo kolpatu zuen urrian.

Hirugarren agerraldi bat ere izan zen, baina Euskal Herrian bolada bat baino, eritasuna toki batzuetan berriz agertu zela dirudi. Izan ere, ez zen asko zabaldu. Urdaibai inguruan baizik ez zuen eragin nabarmenik izan. Ikertzaile batzuen aburuz, laugarren bolada bat ere izan zen 1920an.

Oro har, Euskal Herrian epidemia bat-batean agertu zen, ez zuen denbora askorik iraun eta mila lagunetik hamabi hil zituen. Gainera, garaiko hedabideetan ikus daitekeenez, alarma piztu zuen gizartean. Eragina oso ezberdina izan zen herriaren arabera. Haietako batzuetan gogor kolpatu zuen 1918ko gripeak: Orozkon (Bizkaia) herritarren %2,57 hil zen, eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hilkortasuna %6,11era ailegatu zen urrian. Hildako gehienak 1918ko udazkenean izan ziren.

Duela ehun urte gertatutakoa ez zen gripe arrunta izan. Ongi berezi behar dira sasoiko gripe epidemiak edo gripe pandemikoak. Lehenbizikoak urtero agertzen dira, hilabete hotzetan, eta gaitz arinak dira. Ondorio larriagoak soilik esparru zehatzetan sortu ditzake: zaharrengan edo gaixo kolektibo batzuengan. Gripe epidemia edo pandemiak, berriz, hamar edo hamabost urtero agertu ohi dira, eta milioika laguni eragiten die. Hala ere, 1979. urtetik ez da pandemia handirik izan. 2009ko A gripe pandemia txikia izan zen: «Bakarrik 200.000 pertsona hil ziren. Sasoiko gripean milioi erdi pertsona hiltzen dira batez beste», argitu du Erkorekak.

Gripe pandemiarik hilgarrienetakoa izan zen orain ehun urtekoa, Jeffery K. Taubenberger ikerlariak «pandemia guzien ama» deitu zuena. Gripea aldatzen doa eta lekualdatzen da. Urte hartako birusaren jatorria mistoa zela dirudi, hegazti eta pertsonetatik heldu zen: «Gaur egun pentsatzen dugu 1918. urteko zepak hegaztien zepen karga genetiko handia zuela. Orduan, nahaste bat izan zen, zepa oso birulentoa agertu zen, eta hori izan zen pandemia eragin zuena», azaldu du Erkorekak. Txerrien, pertsonen eta hegaztien artean hiruki bat dago, eta birusa haien artean mugitzen da. Aldaketak sortzen dira, eta batzuetan, oso birulentoak izaten dira. «Gripe pandemikoen kasuan, oso birulentoak izaten dira, eta 1918. urtekoa larregi izan zen. Ordutik hona ez da izan horrelako birus birulentorik».

Gripe horren eragina handia izan zen gazte eta nerabeengan. Hildakoen kopurua handiagoa izan zen 20-30 urte artekoen artean. «Zitokinen ekaitza izan zen. Gazteen erreakzio inmunologikoa oso gogorra izan zen, birusa oso birulentoa zelako, eta horren ondorioa izan zen. Hori da egun onartzen den arrazoia».

Berriro gerta liteke

Ehun urte igaro dira, eta orduz geroztik ez da pandemia hain larririk izan. Baina, horrek ez du esan nahi gertatu ezin daitekeenik. Are, adituek diotenez, izanen da lehenago edo beranduago, mendez mende bizpahiru aldiz agertu ohi baitira. Erkorekak dioenez, medikuak prestaturik daude, medio zientifikoak badaude eta tratamenduak ere badira eritasunaren konplikazioak tratatzeko. «Asko ez ziren gripeagatik hiltzen, konplikazioengatik baizik». Baina, hala ere, badago arazo bat. «Sasoiko gripean gertatzen den bezala, jende guztia ospitalera badoa, kolapsatu egiten dira. Orduan, gure osasun sistemak ez daude prestatuta horrelako epidemia zabal eta handi bati aurre egiteko. Hori da ikusten dugun arazo bakarra. Zientifikoki nahiko ondo gaude prestatuta».

Berriki Tedros Adhanom Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari orokorrak pandemien inguruan hitz egin du. Bere aburuz, arazo larriena da pertsona zaurgarrienek ez dutela osasunerako sarbiderik. «Azken finean, osasun segurtasunean dugun mehatxurik handiena osasun estaldura unibertsalik eza da. Txanpon beraren bi aldeak dira horiek».

Bestalde, Erkorekak dio gizartea informatu beharra dagoela. «Informazio garbia eman behar da, eta OMEk eman behar du». Kexu da, adibidez, Iparraldean hegazti gripearekin dagoen arazoaz ez delako behar bezala informatzen Hegoaldean, bere aburuz. «Populazioa ez dago ondo informatuta, medioek ez dute ondo informatzen». Informazioa, etorkizunean berriz gertatu litekeelako: «Datozen hamarkadetan errepikatuko da horrelako zerbait, eta aurre egin beharko diogu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna