Rene Iglesias. CGTko sindikalista ohia

«Sindikalismoa da egin dudan gauzarik hoberena»

Frantziako SNCF tren konpainiako gidari izatera ia kasualitatez iritsi zen Iglesias, eta horrek mundu bat ireki zion. Bi greba garrantzitsutan koordinatzaile aritu zen; gaur egun sindikalismoa asko aldatu dela uste du. Egun, Etxerat-en dabil laguntzen.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko otsailak 11
Rene Iglesiasen (Lannemezan, Okzitania, 1952) etxeko bainugela argazkiz josita dago, bere bizitza laburtzen dute kasik: tren gidari izan zeneko argazkiak, Nikaraguan egon zenekoak, 1936ko gerran preso egon zen bere aitarenak... Hura agertzen den argazkia ere hamaika etxetan egongo da, ziurrenik. Eurostar treneko gidaria izan zen, eta, tren horrek izugarrizko jakin-mina sortzen zuela eta, jendeak harekin hartu nahi zuen argazkia. Barrez gogoratzen ditu orduko anekdotak.

Zer historia dago Lannemezanen jaiotzearen atzean?

Nire aita lan behartutako lanetan zebilen Irungo Santiago zubian. Anarkista zen eta 1936ko gerra garaian Euskal Gudarostearekin borrokatu zen. Preso hartu zuten eta bertan bederatzi urte zeramatzanean —40 urteko espetxe zigorra jarri zioten— Santiago zubitik ihes egitea lortu zuen. Pirinio aldera joan zen eta hor nire ama ezagutu zuen. Ezkondu eta nire arreba eta biok bertan jaio ginen. Nire aitak enpresa batean lan egiten zuen eta sindikatu bateko delegatua zen; Ipar Euskal Herriko Enbata elkartean ere bazebilen. Nire ama erizaina zen Lannemezango ospitale psikiatrikoan eta bera ere sindikatuko delegatua zen.

Sindikalismoan arituko zinela segurua zen, hortaz.

Hala dirudi! Kar-kar. Eragina izan zuela ez dago zalantzarik.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

9 urte nituenean, oporretara Errenteriara etortzen hasi ginen, aitaren sorterrira, eta orduan hasi nintzen gaztelera ikasten. Aita euskalduna bazen ere, etxean frantsesez hitz egiteko hautua egin zuten. 18 urterekin, Alemanian soldadutza egin nuen; hamabi hilabetekoa izan behar zuena hamahirukoa bihurtu zen, zigortu egin nindutelako. Ez nuen Lannemezanera itzuli nahi, ez nuen ezer jakin nahi herri horretaz, ez nuen batere maite. Pentsa, ospitale psikiatriko bat dago eta kartzela bat, oso arriskutsua da han bizitzea! Parisko bidea hartu nuen.

Nolatan?

Paris beti nuen buruan. Musikazale amorratua naiz, eta, agian, horrek bultzatuta.

Parisen SNCF tren konpainian hasi zinen lanean.

Soldadutza bukatuta, aitaren laguntzarekin, curriculum vitae pila bat bidali nuen, eta lehenengoa erantzuten SNCF izan zen. Joan-etorriko tren txartel bat bidali zidaten Parisen sartze proba bat egiteko, eta, hori ikusi nuenean, pentsatu nuen aukera ezin nuela galdu. Bi urtez tren gidari izateko ikasketak egin nituen: 1972an ikasten hasi, eta 1974an trenak gidatzen hasi nintzen. Lanean hasi nintzenean, Frantzian lana toki guztietan zegoen; 400.000 langabe zeuden, langabe profesionalak zirela diot nik, lana egon bazegoen eta.

Sindikalismoan noiz sartu zinen? Zerk bultzatuta?

SNCFn ikasketan hasi eta berehala sartu nintzen, sindikatuko giroak erakarrita. Frantziako tren munduan, sindikalismoa mundu bat zen. Egin nituen lehen grebetan, trenak blokeatzen genituen; harrituta gelditzen nintzen greben indarrarekin. 30 urtez aritu nintzen sindikalismoan, CGTko ordezkari bezala, eta sindikalismoa izan da egin dudan gauzarik hoberena lanean egon naizen denbora horretan.

Sindikalista zaharrek esaten ziguten ikasten ari ginen lehen bi urteetan grebarik ez egiteko, zer gerta ere, baina nik ez nien kasurik egin. CGTko eskolara joan nintzen, ordezkari sindikalista izateko. Sindikatuko federazioko bulegoan lana egiteko zen hura, eta ez zitzaidan batere gustatu; nagusi txiki bat izatea eta gorbata jarrita negoziatzera joatea ez zitzaidan gustatzen. Nahiago nuen bestelako sindikalismoa egin.

Zein da gogoratzen duzun borrokarik gogorrena?

Bi greba oso garrantzitsutako koordinatzaileetako bat izan nintzen; horietako bat 1986an izan zen, abenduan. Greba horrek 26 egun iraun zuen. Oso berezia izan zen, baina baita gogorra ere, sindikatuek ez baitzuten greba horretan sartu nahi izan. Erretreta berarekin gelditzea eta lanpostu gehiago eskatzen genuen. Zazpi lagunek hasi genuen guztia, beldur pixka batekin aitortu behar dut, konfederazio sindikalak kontra baitzeuden. Greba hastapena, gainera, ilegala zen, ez baikenituen baldintzak errespetatu; greba hasi aurretik egin beharreko bost eguneko negoziazioa, esaterako. 48 orduan, Frantzia osoa blokeatu zen, eta, grebak funtzionatu zuela ikusita, sindikatu guztiek bat egin zuten.

1995ean ere 26-28 eguneko greba egin genuen, dena kendu nahi ziguten, erretiroa eta guzti.

Oraindik ere, sonatuak dira SNCFko grebak. Nola aldatu da sindikalismoa zure garaietatik?

Orduan, oso indartsua zen Frantziako alderdi komunista; beraz, CGT ere oso indartsua zen. Orain, oso desberdina da, pixkanaka gauzak aldatuz joan dira; orain, ez du hainbesteko eraginkortasunik. Gaur egun, indibidualismoak hartu gaitu, eta, hortik abiatuta, dena aldatu da. Gare du Nordeko geltokian, ni egon nintzen tokian, greban jartzen baginen, hiru egun geroago Marseillara eta toki guztietara zabaltzen zen. Foku baten gisakoa zen. Orain, jada ez da horrela.

Sindikalismoak, bestalde, Nikaraguara eraman zintuen.

1984an, Nikaraguako iraultzaren bosgarren urteurrenaren ospakizunak zeuden, eta hara joatea pentsatu genuen, nire lagun Manu Garciarekin. Sindikatutik hara joatera animatu gintuzten, eta sei hilabeteko lan utzialdia hartu genuen. Nolabait gerran zegoen herrialde bat zen eta ez genekien zerekin egingo genuen topo.

Eta zerekin aurkitu zineten?

Han den oso konplikatua zen; blokeo ekonomikoaren ondorioz, ez zegoen ezer. Lehen kontaktuak Managuan egin genituen, eta, gero, Matagalpara joan ginen kotoia biltzera. Orduan ulertu nuen AEBetako esklabo beltzek zergatik asmatu zuten blues musika... Goizeko bostetan lanean hasi eta eguerdiko eguzkitan lanean aritzea ez da erraza. Horregatik da bluesa hain negartia... Han, Matagalpan, guardia txandak egiten genituen, garai horretan contrek gauez eraso egiten baitzieten kooperatibei. Hiru astez izan ginen han, eta, gero, Managuara itzuli ginen. Nafarroako talde batekin ere topo egin genuen; hango ikastetxeak eraikitzen laguntzen ari ziren.

Pariserako itzulera ere abentura bat izan zen; bi egun berandu iritsi ginen. Nire lagunari pasaportea lapurtu zioten. Poliziara joan, eta, gainera, gau bat kartzelan pasatu behar izan zuen. Nire baitan esaten nuen: «Ez da posible, bi egun barru hegazkina hartu behar dugu eta!». Managuatik Moskura eta handik Parisera joatekoak ginen. Frantziako enbaxadan paper bat eman ziguten; ez genekien balioko zuen ere. Daniel Ortega orduko presidentea hegazkinean zegoela konturatu ginen, eta hegazkina lau ordu berandu atera zen.

Berandu zindoazten, eta, gainera, hori...

Bat-batean, Kuban lurreratu ginen, eta hegazkineko laguntzaileek ez ziguten ezer esan nahi izan. Gela handi batera eraman gintuzten, eta ni galdezka hasi nintzen —gazteleraz, frantsesez, ingelesez— ea zer demontre egiten genuen Habanan.

Zer gertatu zen, bada?

Errusiako presidentea hil zela jakin genuen; beraz, ezin ginen Moskura joan. Azkenean, bi egun berandu iritsi ginen. Lanean hasi nintzenean, ordea, oso nekatuta sentitzen nintzen; hasieran, uste nuen jet lag-a nuela, eta ez nion garrantzirik eman, baina denek esaten zidaten medikuarengana joateko; trena gidatzea arriskutsua zen, gainera. Medikuak esan zidan hepatitisa nuela. Sei hilabete Nikaraguan egon eta gero gaixo...

Tren gidari gisa, hainbat trenetan ibili zara; besteak beste, Eurostarren.

Bai, Eurostarra iristekoa zela eta, urtebete pasatu nuen goiz eta gau ingelesa eta trenbide ingelesen araudia ikasten. Gogorra izan zen. 24 lagunek hasi genuen hautaproba, eta horietatik zazpik lortu genuen.

Lehen gidaria izan omen zinen.

Eurostar trenak iritsi zirenean, entseguak egin behar ziren, eta, lehenengo entsegu bidaian, nik eraman nuen trena. Pariserako itzuleran, kazetari mordo bat zegoen Gare du Norden. 1994an izan zen hori. [François] Mitterrand presidenteari eskua eman niola gogoratzen naiz. Lehen bidaia komertzialean, gonbidatu gisa joan nintzen, eta politikariak, trenen maitaleak... jende asko zegoen eta xanpaina alde guztietatik.

Zure musikazaletasuna ere Eurostarrekin lotu zenuen nolabait.

Jende oso ezagunak bidaiatzen zuen Eurostarren. Kontrolatzaileak deitu zidan esateko Premium kabinan hiru musikari zeudela, kabinara sartu nahi zutenak tunelaren sarrera ikusteko. Debekatua zegoen, baina baietz esan nuen. Zeintzuk ziren galdetu nien, baina hark ez zituela ezagutzen; esan zidan «ile luzea zuten zahar batzuk» zirela. Sartu ziren, ni aurrera begira nengoen kontzentratuta, eta ez nuen ikusi ere egin zein ziren. «Zein da zuen taldearen izena?», galdetu nien, eta, Deep Purple esan zidatenean, ia zorabiatu nintzen! Euren zalea nintzela esan nien.

Errenterian bizi zara gaur egun; zer dela eta?

Tren konpainiak pisua jartzen dizu Parisen, eta, erretreta hartzean, batzuetan, aukera dago pisu horrekin gelditzeko, eta bestetan, ez. Nire kasuan, ezin nintzen pisuarekin gelditu, eta argi nuen Lannemezarena ez nintzela joango; ez dut maite hango giroa. Nire gurasoek Errenterian familiako etxea erosi zuten, eta hona etorri nintzen.

Erretiroa hartuta ere, zure espiritu borrokalariari atxiki zatzaizkio. Etxerat elkartean zein lan egiten duzu?

Etxerat-en, laguntzeko eskatu zidaten; garai hartan, 2007an, elkartea oso gaizki zegoen ekonomikoki eta bestela. Frantziako kartzelez arduratzen zen pertsonak ezin zuen gehiago bakarrik, eta, ezinean zegoela ikusita, laguntzea erabaki nuen. Dena den, ez nuen lanpostu gisa hartu nahi; nire alaba nerabezaroan zegoen, eta nire semea txikia zen. Iaz, elkartean hamar urte egin nituenez, omenaldi txiki bat egin zidaten; oso hunkituta nengoen, polita izan zen. Hori da Etxerat-en politena: jasotzen duzun esker ona; senideena, batik bat.

Nola ikusten duzu egungo bake prozesuaren egoera?

Lan asko dago oraindik egiteko. Bakegileen lana ikaragarria iruditzen zait; abenduaren 9ko manifestazioan ere izan nintzen. Hemen, jendeak esaten dit lana bukatuko zaidala; nahiago nuke! Baina uste dut oraindik luze joko duela. Mont de Marsaneko kartzelaz arduratzen naiz, izapideak egin eta bestelako lanak, eta, orain, presoak hango kartzelara badoaz, lan gehiago izango dut seguruenik!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna