Hiromi Yoshida. Japoniar hizkuntzalaria

«Lana eta sorterria utzi nituen euskara ikastera etortzeko»

Hizkuntza «desberdin bat» ikasteko asmotan zegoela ezagutu zuen Yoshidak euskara, duela hiru hamarkada baino gehiago. Japonian bizi arren, haren egunerokoaren parte da euskara.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Azpeitia
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Azpeitian (Gipuzkoa) nahikoa ezaguna da. Baina Euskal Herriko beste edozein herritako kaleetan topatuz gero, nekez pentsa daiteke harekin hitz egin, eta Hiromi Yoshida (Yuwaza, Japonia, 1960) euskaraz mintzatuko denik. Are gutxiago horren ondo. Baina euskaldun zahar batek bezala hitz egiten du, Azpeitiko hizkerarekin batzuetan. Japonian bizi arren, maiz etortzen da Euskal Herrira, Azpeitiko euskara ikertzen ari baita. Maitasunez mintzo da euskararen inguruan.

Zerk bultzatuta etorri zinen Euskal Herrira?

Euskarak. Orain 30 urte hasi nintzen euskara ikasten. Ingeles Filologia ikasten ari nintzen Tokioko unibertsitate batean. Nik arraroa edo ezezaguna zen hizkuntza bat ikasi nahi nuen. Kasualitatez, irakasleetako bat Euskal Herrian egona zen euskara ikasten, eta esan zigun euskarazko eskolak emateko taldetxo bat sortu nahi zuela. Japoniera bezala, jatorri ezezagunekoa denez, ikasten hastea erabaki nuen. Euskarak erabat erakarri ninduen. Jalgi Hadi testuliburua erabiltzen genuen. Komikien antzeko istorioak agertzen ziren liburuan, eta antzeztu egiten genituen elkarrizketak. Fakultatea amaituta, lanean hasi nintzen, baina euskara ikasten jarraitu nuen. Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gogo handiagoa neukan hona etortzeko. Euskal Herria nolakoa zen ikusi nahi nuen, eta euskara entzun. Udako oporretan bi asterako etorri nintzen, 1985ean.

Lehen aldi hartan jada ezagutu zenuen Azpeitia?

Ez. Donostiako bi lagunengana etorri nintzen. Bizpahiru egun egon ginen Donostian. Gero, Goñira eraman ninduten, kanpaldi bateko begirale ari baitziren udan. Bost egun pasatu nituen han, oso gustura. Nik ez nuen euskara maila alturik, eta umeekin asko ikasi nuen. Handik bi urtera, 1987. urte, hilabeterako etorri nintzen. Orduan, Lazkaoko barnetegira. Baina Japoniara itzuli behar izan nuen. Nik, ordea, euskara ikasi nahi nuen. Beraz, 1989an, lana eta sorterria utzi — ingeles irakasle zen institutu batean— eta Euskal Herrira etortzea erabaki nuen, berriro Lazkaoko barnetegira, hamar hilabetez. Han Errezilgo neska bat ezagutu nuen. Bikotekidea Azpeitikoa zuen, eta asteburu-pasa joan ginen. Hasieran, bertako euskarak ez zidan atentzioa eman.

Zergatik hasi zinen Azpeitiko euskara ikertzen?

Master bat egiten hasi nintzen,Tokion. Masterrari lotuta, euskalki bati buruzko ikerketa bat egitea pentsatu nuen. Baina urte hartan ez nuen dirurik Euskal Herrira itzultzeko.Tokion bizi zen Zestoako lekaime batek Azpeitiko gazte bat aurkeztu zidan. Beraz, ikerketa egiteko laguntza eskatu nion. Azpeitiarra izanda, zer hobeto Azpeitikoa ikertzea baino. Horrela hasi nintzen. Ikerketa Azpeitian aditz trinkoen inguruan egiten zen erabilerari buruzkoa izan zen. Ondoren, doktoretzan, lan mardulagoa egin nuen.

Zer du berezia Azpeitiko euskarak?

Herri bakoitzeko euskarak du berezitasuna. Baina Azpeitiaren kasuan, azentua nabarmenduko nuke. Horri buruz sakonago ikertzen ari naiz.

Euskal Herriko herririk euskaldunenetakoa da Azpeitia. Ezin herri hoberik aukeratu, ezta?

Kasualitatez izan zen, baina bai. Oiartzungo euskarari buruzko ikerketatxo bat ere egin nuen duela urte batzuk, lagun baten aita hangoa baita.

Lehen aldiz hona etorri zinenean, hizkuntzaz aparte zerk emanzizun atentzioa? Kontraste handia egongo da Tokio bezalako hiri handi batetik Azpeitiko egunerokora?

Poteoan ibiltzeko ohitura. Oso berezia iruditu zitzaidan. Gu ez gara tabernaz taberna ibiltzen. Batean sartu, eta hantxe egoten gara, lasai. Gehienez bi tabernetara joaten gara. Hirugarrenera joanez gero, azken trena galtzen duzu, kar-kar-kar... Tokio eta Azpeitiaren artean bada alderik, baina ni herri txiki batekoa naiz, eta ezagutzen dut bizitza hori. Beraz, hemengo lasaitasunarekin ez naiz horrenbeste harritzen.

Izaeran bada antzekotasunik?

Ez pentsa horren diferenteak garenik. Nik uste baditugula ezaugarri komunak: lotsatiak gara, langileak, puntualak. Harremanetan jartzeko oso jende erraza zarete euskaldunak.

Hona etortzean zer egiteko ohitura izaten duzu?

Ikerketarako datuak biltzen ditut. Hemengo gazte batekin ari naiz lanean. Baina tarte libreak aprobetxatuz, Rakugo emanaldiak egiten ditut. Japoniako ahozko tradizioari lotuta dagoen generoa da Rakugoa. Umorezko istorioak dira, barre egitekoak. Kimonoz jantzita eta abaniko bat eskuetan kontatzen dira, eserita. Kontalariak pertsonaia guztiak antzezten ditu. Iragan asteburuan Lazkaon eta Bilbon egin genituen saioak, eta oso ondo atera zitzaigun. Ni ez naiz kontalaria, itzultzailea eta ekoizlea baizik. Hemengo lagun batzuek egiten dute kontaketa eta antzezpena. Hilaren 12an, Tolosan egingo dugu, eta 14an, Ordizian. 2012. urtean hasi nintzen honetan. Antzerki munduan dabilen lagun bati proposatu nion, eta animatu egin zen. Orain, bi kontalari gehiago daude.

Rakugoa hango kulturaren ezaugarrietako bat da. Hango zer ekarriko zenuke hona, eta zer eramango zenuke hemendik hara?

Elkarte gastronomikoak, sagardotegiak, txakolindegiak eta halakoak eramango nituzke. Han ez daude. Dena den, ez litzaiguke batere merkea aterako, lurra eta lokalak oso garestiak baitira. Aitak bazuen halako antzeko bat herrian, baina ez da ohikoa. Handik hona, berriz, Rakugoa. Izan ere, Japoniatik kanpo gehien ezagutzen direnak marrazki bizidunak-eta manga dira. Baina Japoniako kultura askoz gehiago da, eta, alde horretatik, ezezagunak gara. Kanishibaia ere zabaltzen aritu naiz. Umeei liburuak irakurtzeko sistema bat da. Txartel moduko batzuk dira, atzean testua dutenak. Umeei irudia erakutsi, eta zuk bitartean testua irakurtzen duzu.

Japoniera hainbeste lagunek hitz eginda, nolakoa da han ingelesaren eragina?

Jendeak jakin nahi du ingelesa ondo hitz egin. Baina eragina ez da horren handia. Ez dugu ingelesaren hainbesteko beharrik sentitzen.

Euskal Herrian aste batzuk pasatzen dituzu urtean. Hemen ez zaudenean nolako harremana duzu euskararekin?

Euskarazko eskolak ematen ditut Tokion eta Oashakan. Gainera, gaur egun, Interneti esker edozein unetan entzun dezaket irratia euskaraz, edo telebista ikusi. Irakurri ere egiten dut. Beharra sentitzen dudan bakoitzean egiten dut. Eskolak emateakere aukera ematen dit euskararekin jarraitzeko. 40 bat ikasle dauzkat.

Euskarazko literatura irakurtzeko ohitura baduzu?

Bai. Anjel Lertxundiren Madame Kontxesi-Uribe irakurri berri dut. Aspaldikoa da, eta irakurrita neukan, baina berriro irakurtzeko gogoa sartu zitzaidan. Lertxundirenaren aurretik Jose Luis Otamendiren azken poema liburua irakurri nuen. Hona etortzen naizen bakoitzean hainbat liburu erosten ditut. Literaturari lotuta, Linguae Vasconum Primitiae itzuli dut lagun batekin. Urte eta erdiko lana izan da. Abenduan argitaratu genuen. Ez da asko salduko. Baina oso pozik gaude. Izan ere, Obabakoak eta Bilbao-New York eleberriekin batera, euskara tik japonierara itzuli den liburu bakarra da.

Euskarazko eskolak ematen dituzula esan duzu. Zergatik hasi dira zure ikasleak euskara ikasten?

Askok futbolagatik esaten didate. Euskal derbia batek baino gehiagok aipatu dit, baita hemengo gastronomia eta kultura ere. Gutxi batzuk hizkuntza arrazoiengatik. Hori, alde batetik, ondo dago, esan nahi baitu Euskal Herria ezagutzen dutela. Japonian, gainera, euskal kulturaren gero eta presentzia handiagoa dago han.

Nola prestatzen dituzu eskolak?

Nik neuk sortzen dut materiala. Hemengo liburu eta metodo batzuk hartu, eta hango ikasleen ezaugarrietara egokitzen ditut. Jalgi Hadi liburua erabiltzen jarraitzen dut, nire ustez oso ondo dagoelako eginda. Hasieran ikasleei kosta egiten zaie, baina gero gustura hartzen dute. Egia da, dena den, gero gutxi batzuek jarraitzen dutela ikasten. Aukera gutxi daude horretarako.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?

Azpeitian egonda, euskara arriskuan dagoenik ez da sumatzen. Hortik harago, lehen aldiz etorri nintzenean, gogoan dut Donostiako Parte Zaharreko taberna batera joan, eta euskaraz eskatzen nuenean, askok ez zekitela erantzuten. Ni harritu egiten nintzen. «Euskal Herrira etorri eta gaztelaniaz hasi beharko dut?», esaten nion neure buruari. Horrelako esperientzia asko izan nituen. Orain, berriz, zerbitzari gehienek badakite. Baina aldi berean, aurrekoan Elgoibarko ikastetxe batean egon nintzen, eta irakasleak kexu ziren ikasleek euskaraz jakin arren eskolatik kanpo ez zutelako egiten. Horrek erakusten du hezkuntzak asko lagundu duela euskararen ezagutzan. Baina erabileran arazo bat dagoela iruditzen zait.

Zer egin behar da erabilera hori bultzatzeko?

Hizkuntza bat ez da erabiltzen beharra sentitzen ez bada, eta horretan eragin behar dela uste dut. Baina kontzientzia kontua ere bada. Beraz, uste dut beharrezkoa dela administrazioan eta leku publikoetan lan egiten dutenei euskaraz jakitea eskatzea.

Japonieraren egoera zein da?

Asko gara, eta, alde horretatik, seguru dago. Baina dialekto asko daude, eta horiek desagertzen ari dira. Ni herri txiki batekoa naiz. Txikitan, irakurri eta idatzi batuaz egiten dugu han; eskolan, baita hitz egin ere. Baina eskolatik kanpo gure dialektoan egiten dugu. Gaurko gazteek, ordea, ez. Trenean maiz joaten naiz herrira, eta gazteak japonieraz hitz egiten entzuteak harritu egiten nau. Guriez zitzaigun burutik pasatzen. Pena handia ematen dit hori galtzeak, gure aberastasuna baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.