Albistea entzun

Kataluniako erreferenduma. Deklarazioa

Madrilek «esku gogorra erabiliz eta konplexurik gabe» ekingo dio

PPk dio Companysek bezala amai dezakeela Puigdemontek. PSOEk PP babestuko du gaur independentzia deklaratzen badute
Kataluniako Gizarte Zibilak Bartzelonan deitutako manifestazio unionista, igandean.
Kataluniako Gizarte Zibilak Bartzelonan deitutako manifestazio unionista, igandean. QUIQUE GARCIA / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2017ko urriak 10

Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua bolo-bolo dabil egunotan, Espainiako Gobernuak Kataluniaren kontra erabil dezakeen arma eraginkorrena izan daitekeelakoan, baina ez da aukera bakarra, Madrilek aurreratu duenez. «Esku gogorra erabiliz eta konplexurik gabe independentismoaren kontra» ekingo diotela helarazi die Mariano Rajoy Espainiako presidenteak PPko kideei, Katalunia bere kabuz abiatu aurreko orduetan, esanez mahai gainean daudela konstituzioko eta kode penaleko «aukera guztiak»: ez dute zehaztu zer egingo duten, baina bai nahikoa izango dela prozesu subiranista geratzeko. Beraz, Generalitatearen funtzioak bertan behera uzteaz gainera, beste aukera hauek ere jarri dituzte jokalekuan: Segurtasun Nazionalaren Legea, alarma egoera, salbuespen egoera edota sitio egoerarena. Horiek guztiak elkarrizketa eta demokrazia sustatzetik oso urrun.

155. artikulua aktibatzeko, senatuaren baimena behar du gobernuak. Beraz, PPk ez luke arazorik izango, gehiengo osoa duelako han. Aplikatu aurretik, Generalitateari jakinarazi beharko lioke, eta, haren erantzunik izaten ez badu, bertan behera utziko lituzke Generalitatearen funtzioak, eta arduradunak kode penala erabiliz epaitzeko bidea hartuko luke. Pablo Casado Espainiako Komunikazio presidenteordeak atzo egindako hitzek argitu dute zein izango den Carles Puigdemonten geroa, independentzia deklaratuz gero: «Ez dugu ezer negoziatzeko, edo ezertan etsitzeko. [Independentzia] Deklaratzen duenak, duela 83 urte deklaratu zuenak bezala amaituko du». Puigdemont Lluis Companys presidentearekin alderatu du, zeina espetxean sartu baitzuten errepublika garaian independentzia deklaratzeagatik, 1934an; sei urte geroago fusilatu zuten.

Neurrien artean, Segurtasun Nazionaleko Legea ere erabili dezakete: administrazioa zuzentzeko autoritatea izendatuko luke gobernuak, eta hori dekretu bidez egiteko aukera dauka, baina lege hori 2015ean onartu zuten, hondamendiei edo atentatuei aurre egiteko.

Jokaleku gehiago

Jokaleku are larriagoak ere eragin ditzake Madrilek: alarma egoera ezar lezake hamabost egunez, eta funtzionario publiko guztien gidaritza hartu, mossoena barne. Egoera luzatu nahi izanez gero, nahikoa luke kongresuaren gehiengo sinplearekin.

Atzo, adibidez, eta neurri horrekin zerikusirik ez duen arren, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren zaintza Polizia Nazionalaren esku utzi zuen Jesus Maria Barrientos auzitegiko presidenteak, mossoak haien azpitik utziz. Gaur Kataluniako Parlamentuan edozer gertatzen dela, «auzitegiaren ohiko funtzionamendua ziurtatzeko».

Salbuespen neurriak jada aplikatzen hasiak dira, baina salbuespen egoera ere aplika lezake, bere gordintasunean. Oinarrizko eskubideak bertan behera utziko lituzke, eta botere ezohikoak izango lituzke gobernuak. Jendea atxilotzeko batere galgarik ez lukete izango, eta bilerak eta protestak debekatuak leudeke, beste hainbat murrizketaren artean. Azken jokalekua, berriz, sitio egoera litzateke: autoritate zibila militarrak ordezkatuko luke. Gehiengo osoak onartu beharko luke neurri hori.

Egin beharrekoa «kontsentsuz» egin behar da, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordearen arabera, 155. artikulua gogoan: «Erabakia hartzea egokitzen zaigu, eta eraginkorra izan behar du, baina ahalik eta min gutxien eragin behar du». Kontsentsua lortzeak ez dirudi zaila. Izan ere, Ciutadans aspalditik eskatzen ari zaio gobernuari gogorrago joka dezala, eta sozialistek ere argi utzi dute «zuzenbide estatuaren alde» egingo dutela; PPrekin eta Ciutadansekin bat egingo dute, nahiz eta «elkarrizketaren alde» dagoen Pedro Sanchez, katalanek atzera egiten badute. Ikusi beharko da noraino ekiteko prest dauden. Atzo denak bat atera ziren, igandean dozenaka milaka unionistak Bartzelonan egindako manifestazioak hauspotuta, Espainiaren banaezintasuna aldarrikatzera.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.