Lizarra-Garazik 20 urte. Eragileen gogoetak

«Ilusioz» ekindako bidea

Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zutenetik hogei urte betetzean, hitzarmenarekin bat egin zuten eragileetako batzuen oroitzapenak bildu ditu BERRIAk. Itunak politikoki nahiz bakegintzaren bidean izan zuen garrantzia azpimarratu dute, irakaspenak ateratzearekin batera.

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ugari batu ziren 1998ko irailaren 12 hartan Lizarran (Nafarroa). Hogei urte igaro diren arren, gogoan dute oraindik egun hura bertan egon zirenek. «Ilusioz» eta «esperantzaz» betetako eguna izan zela diote protagonistek.

Anekdota ugari sortzen dira horrelako egunetan eta Lizarra-Garaziko akordioan ere hala izan zen. Bitxikeria berezienetako bat, akaso, hau da: behin akordioaren testua idatzita zegoela, inprimagailua hondatu egin zela. Urduritasuna areagotu zuen horrek, eta denak dokumentua noiz inprimatuko zain egon ziren Lizarran.

Protagonistekin hitz egin du BERRIAk. Eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak zirenak batu ditu kazeta honek. Indarrak batzea erabaki zuten. Akordioa sinatu zuten eguna nola gogoratzen duten kontatu dute, eta baita hogei urteren ostean zer balorazio egiten duten ere.
 

TXUTXI ARIZNABARRETA



LABeko ordezkaria orduan

«Akordio honekin hasi zen erabakitzeko eskubidearen ibilbidea»

Irailaren 12 hura oso egun bizia izan zela dio Ariznabarretak. LAB sindikatuko ordezkari moduan joan zen akordioa sinatzera, Rafa Diezekin batera.

Euskal gizartean ilusio handia piztu zela eta politikoki «salto kualitatibo garrantzitsua» eman zela dio. «Alderdi politikoak, sindikatuak eta eragile sozialak batu ginen bertan, eta sekula harremanik izan gabeko jendearen arteko lehen kontaktuak abiatu ziren». Ariznabarretak dio herriari protagonismo osoa eman zitzaiola eta orduantxe hasi zela gaur egun hain indartsu dagoen erabakitzeko eskubidearen ibilbidea.

Horrelako prozesu bat martxan jartzean, fruituak berehalakoak izatea espero dela kontatu du, eta uste du hori izan daitekeela akordioa amaitzeko arrazoietako bat. «Hilabete batzuk pasatu ondoren emaitza garbirik ez zegoela ikustean, apurketa bat egon eta piztutako ilusioa zapuztu egin zen». Hogei urteotan fase eta etapa ugari izan dira, eta erronkaz betetako etorkizuna espero du. «Ea hogeigarren urteurren honetatik aurrera fase berri bat zabaltzen dugun eta Lizarra-Garaziko filosofian oinarrituta euskal prozesu bat martxan jartzen dugun, geure askatasunera eta errepublikara bidea eginez».

BEGOÑA ERRAZTI



EAko eleduna orduan
 
«Politikoki bagenekien posible zela, eta ate hori zabaldu nahi genuen»


Begoña Errazti Eusko Alkartasuneko bozeramailea zen Nafarroako Parlamentuan Lizarrako akordioa sinatu zenean. Alderdiko lehendakaritzara iritsi zen hurrengo urtean, 1999an, eta bertan egon zen 2007ra arte. Ilusioz eta kezkaz bizi izan zuen akordioa Erraztik. Kalean poza nabari zuen berak ere, bide berri bat egiteko aukera ikusten zuela jendeak. Nolabait definitzekotan, «une historiko» gisa izendatuko luke Eusko Alkartasuneko ordezkariak Lizarra-Garaziko akordioa.

Garrantzi politiko izugarria izan zuen. «Politikoki bagenekien posible zela eta ate hori zabaldu nahi genuen», dio Erraztik. Garai hartan erakutsitako «ziurtasunarekin» gelditzen da; «elkarlana posible zela» ikusi zuen.

Akordioaren amaieraren inguruko autokritika ere egiten du: «ETAren su-etena amaitu zenean, indar politiko eta sindikalak ez ginen batera jarduteko gai izan, eta pena bat da». Hala ere, historiatik asko ikasten dela dio Erraztik. Gaur egun ere, hogei urteren ostean, estatuekin gatazka politikoek jarraitzen dutela ikusten du. «Jada ez dago ETA, baina gatazka politikoak hor jarraituko du gure eskubideak lortu arte».
 

JOSE ELORRIETA



ELAko idazkari nagusia orduan
 
«Sindikatuen autonomia sendotzeko aprobetxatu genuen»

Hogei urtez izan zen Jose Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusi, 1988tik 2008ra. Hitzarmenak bete-betean harrapatu zuen, beraz, eta sindikatuaren ordezkari moduan joan zen ituna sinatzera. «Euforia» une gisa gogoratu du eguna. Dioenez, uste zuten aurrerapauso handia zela, abertzaleen indarrak batzeko modua zela, eta, horrez gain, ETAren amaierarako bidea egiten hasteko era.

Elorrietak argi utzi nahi du akordioa, batez ere, «politikoa» izan zela. Halere, sindikatu moduan bertara batu nahi izan zuten, beren alea eta indarra jarriz: «EAJ, EA eta HBren arteko hitzarmena izan zen batez ere, baina arlo sindikalean ere zenbait aurrerapen egin ziren. Sindikatuen autonomia sendotzeko aprobetxatu genuen». Horren adibide da lehendik abian jarritako ekinbideak indartu zituztela: hala nola LABekin zituzten akordio estrategikoak.

Indar metaketa garaia zen hura, baina ELAk argi zituen bere ideiak. «Ezker abertzaleak Ibarretxeren gobernuari babesa eman bazion ere, ELAk uko egin zion EAJren politika sozial neoliberalaren alde egiteari. Langileen kontra egiten duten neurriekin ez dator bat ELA». Hogei urte igaro dira, eta asko aldatu da egoera. Halere, Elorrietak azpimarratu du ELAk antzeko bidetik segitzen duela.

MAITE ARISTEGI



EHNEko ordezkaria orduan

«Pausoak eman behar ziren benetako bakearen bila»

Prozesu baten amaiera gisa ikusten du Maite Aristegik Lizarra-Garaziko akordioa, «eztabaida fase baten bukaera moduan». Ilusio eta intentsitate handia zegoela dio, «azken finean, poza». Baserritarren izenean joan zen Lizarrara, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuneko ordezkari gisa. Nekazariak herriaren parte diren neurrian, bertan egon behar zirela uste zuten. «Indarkeriarekin ez gindoazen inora, eta pausoak eman behar ziren benetako bakearen bila».

Eztabaida fase bat izan zen itunaren aurretik, eta Aristegik susmoa zeukan bateraketa hartatik «zerbait handia» ateratzeko aukera zegoela. Horrez gain, uste zuen indarrak batzeak helburuak lortzeko aukerak ugaritu zitzakeela. Haren ustetan, «oso aberatsa» izan zen ituna. Langileen eskubideen alde egin zutela dio, eta beste hainbat gaitan ere sakondu ahal izan zutela.

Akordioaren bukaera penaz ikusten du orain: «Aurrera egin izan balu, hogei urte aurreratuko genituzke».

Hala ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko oinarriak orduan errotu zirela uste du, eta bultzada bat emateko garaia dela deritzo: «Bakean eta askatasunean eraikitako herri batean bizitzeko nahiak martxan jarraitzen du».

JOSE FERRERA



EBko ordezkaria orduan

«Bakeak beste ezerk baino gehiago balio zuen»

«Antton Karrerarekin batera joan nintzen Lizarrara», gogoratu du Jose Ferrerak. Une hartan Ezker Batuako Bizkaiko koordinatzailea zen, eta Karrera, Gipuzkoakoa. Biak joan ziren ituna sinatzera beren alderdiaren izenean.

Ferrerak «poztasun handiz» oroitu du hitzarmena sinatu zuten eguna. Gogoan du ETArekin asko sufritu zutela, eta gaineratu du etapa berri bati hasiera emateko garaia zela: «Autodeterminazioaren eta bakearen alde geunden, eta horregatik batu ginen itunera». Halere, erabakia ez zen erraza izan Euskal Herriko Ezker Batuarentzat, Espainiako Estatuan ez baitzuten ulertzen zergatik egiten zuten itun honen alde: ezta Izquierda Unidako alderdikideek ere: «Txalupa bat ginen euskal politikan, eta gure jarrera Euskal Herritik kanpo ulertaraztea ez zen erraza izan».

Erabaki horrek botoak galarazi zizkion Ezker Batuari, baina, hogei urteren ostean, balorazio erabat positiboa egiten du Ferrerak: «Gure helburua lortu dugu: bakea. Eta oso harro nago hartu genuen erabakiaz».

Gerora, duela hogei urte hartutako erabakia ulertzen ez zutenek aitortu izan diote egoera ez zela batere erraza. «Une zailak» bizi izan zituzten arren, bakeak «beste ezerk baino gehiago» balio zuela azaldu du Ferrerak.

MERTXE COLINA



ABko ordezkaria orduan

«Dimentsio nazionala izateko, beharrezkoa zen Garaziren presentzia»


Mertxe Colina Abertzaleen Batasunaren ordezkari gisa joan zen Lizarrara, eta «oso oroitzapen gozoa» gordetzen du 1998ko irailaren 12 hartaz. Haren esanetan, «espektatiba handiak» zituzten, baina baita «zalantza ugari» ere. Bost urte ziren Abertzaleen Batasunak bere ibilbide politikoari ekin zionetik, eta orduan koalizio zenak uste zuen Ipar Euskal Herriko eragileek parte hartu behar zutela akordioan. Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileek talde sendoa osatu zutenez, Abertzaleen Batasunak ere horren alde egiteko hautua egin zuen.

Izan ere, Lizarra-Garazik izenean bertan ere badauka Iparraldearen ordezkapena, eta horretaz gogoratu da Colina: «Dimentsio nazionala izateko, Lizarra ez ezik, Garaziren presentzia ere beharrezkoa zen. Urriaren 2an Donibane Garazin berretsi genuen akordioa». «Garai politiko interesgarria» izan zen Colinarentzat, «elkarlana, konfiantza eta proiektu politikoak batu baitziren». Hala ere, Colinak uste du akordioa amaitzean aukera oso garrantzitsu bat galdu zela. «Hautsi zenean, politikoki une tristea izan zen; frustrazioa eta haserrea ziren nagusi». Uste du «aukera inportante bat» galdu zela orduan; ez zirela hogei urte galdu, «baina bai hamabost». Gainera, argi dauka ez zaiola inori leporatu behar akordioak aurrera egin ez izanaren errua, uste baitu «bakoitzak bere erantzukizuna» daukala.

Elkarlanerako beste proiektu batzuk ere egon direla azpimarratu du Abertzaleen Batasuneko ordezkariak. «Iparraldean lorpenak egiteko ezin gara bakarrik egon, herri bat denon artean eraikitzen baita, eta horrela lortuko dugu Euskal Herri euskaldun eta errespetatua».

BITTOR AIERDI



Elkarri-ren eleduna orduan

«Ez genuen aurreikusi ituna sinatu ez zutenek izango zuten erreakzioa»

Elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua izan zen Elkarri. 1992. urtean sortu zen, eta 2006an desegin; Lokarrik jarraitu zuen Elkarri-ren zereginarekin. Bittor Aierdi izan zen Elkarri-ren bozeramaileetako bat —Jonan Fernandez zen bestea—. Lizarra-Garaziko akordioa sinatzean, esku artean zerbait garrantzitsua zutela ikusten zuen Aierdik. Ituna sinatu eta egun gutxira, New Yorken (AEB) zela, euskal kazetari batekin komentatu zituen akordio hark eragin zitzakeen aldaketak. Eta hala izan zen. Bidaia horretatik itzuli zenean iragarri zuen ETAk su-etena.

Irailaren 12a garrantzitsua izan zen arren, aurretik ere hainbat bilera egin zituzten, Aierdik gogoan duenez. Horrek akordio politiko «indartsu» bat egituratzea ahalbidetu zuen, eta horrekin ETAren «erantzuna positiboa» izatea espero zen; alegia, erakunde armatuak su-etena ematea.

Elkarri-k «pragmatismoarengatik» egin zuen bat akordio horrekin. «Bakearen, elkartasunaren eta distentsioaren alde» zegoen erakundea zenez gero, haiek ere uste zuten Lizarra-Garazin egon behar zutela.

Hitzarmenak, ordea, ez zuen egin sinatzaileetako batzuek espero zuten bidea: «Ez genuen aurreikusi ituna sinatu ez zutenek izango zuten erreakzioa». Izan ere, PSE-EEk eta PPk ez zuten akordioa babestu, eta garai horretan gogortu egin zuten eragile abertzaleen aurkako diskurtsoa. Aierdiren hitzetan, «ezegonkortasuna» sortu zen akordioarekin bat egin zutenen eta kanpoan gelditu zirenen artean: «Horrelako kasuek asko ikasteko aukera ematen dute, eta hori da Lizarra-Garazitik daramagun gauza garrantzitsuenetako bat».

Abertzaleak ados zirenekoa

Bi argazkiren argiak eta itzalak

Nazio kontzientzia

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.