Koronaburisa

Aire freskoa haurrentzat

COVID-19aren harira haurrei ezarri dizkieten «neurri zorrotzen» gaineko kezka azaldu dute hainbat eragilek. Horiek leuntzeko eskabidea egin du HaurrakEreBai plataformak.

Haurrak jolasean, artxiboko irudi batean. JON URBE/FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Umeak estresatuta daude, ezin dute beren aisialdia gozatu, muga gehiegi jartzen dizkiegu. Arriskuak badaude, noski, eta neurriak hartu behar dira. Baina neurri horiek ez dira hartu behar militarrak balira bezala, haiei egokituak izan behar dute, eta posible dela haiekin hitz eginda», azaldu du Ainara Aranberri psikologo eta HaurrakEreBai-ko kideak. Gaiaz kezkatutako hainbat talde biltzen ditu mugimenduak. Hain zuzen ere, eskaera hori egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari atzo. Hego Euskal Herriko bi administrazioei bidalitako gutunean, eskoletako protokoloak «leuntzeko» eskatu zien, haurren artean gertatzen diren kutsatzeak kasu guztien%1 eta %2ren artean daudela argudiatuz, eta eskoletan haurrak «modu duin eta gizatiarrago batean» tratatu ditzatela eskatuz. Azpimarratu zuten Hego Euskal Herriko bi administrazioek ikasturte hasiera antolatzeko egin duten «ahalegina» eskertu egiten dutela, baina hobetu daitezkeen alderdiak daudela: hain zuzen ere, horiek aldatzeko proposamenak helarazi dizkiete.

Aire zabalean ahalik eta denbora gehien pasatzea eta Lehen eta Haur Hezkuntzako ikasleek hamaiketakoa kanpoaldean jan ahal izatea eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, hain justu. Izan ere, espazio zabaletan COVID-19a zein beste edozein gaixotasun biriko kutsatzeko aukerak txikiagoak dira. Aranberrik gaineratu du neurri horiek buruko osasunarentzat ere hobeak direla: «Aire zabalean birusa ez da hain kutsakorra; beraz, gizarteak antolatu beharko du aire zabaleko espazio hori hain beharrezkoa den hezkuntza sistema ahalbidetzeko. Izan ere, haurrei ezarri zaizkien mugek hiperbigilantzia sentsazioa sorrarazi diete, gauzak oker egiten ari diren sentsazioa; eta, ondorioz, ez dira hain eraginkorrak hezkuntza sisteman; arreta ezin dute ondo mantendu. Beraz, eskolak aire zabalean antolatzea onuragarria da, eta birus kutsagarri bat dagoen heinean, beharrezkoa». Ateraldi horiek modu seguruan egiteko irakasleak horien kargu jartzea ere eskatu dute, eta, irakasle nahikorik egon ezean, gurasoen parte hartzeko modua jartzea proposatu dute.

Maskaren erabileraren gaineko erregulazioa ere landu dute: Gorputz Hezkuntzako saioetan maskarak ez erabiltzeko eskatu dute, eta 6 eta 12 urte arteko haurrek jolas orduetan maskara derrigorrean ez erabili behar izatea. «Umeak asko mugitzen dira, korrika egiten dute. Helduek kirola egiten dutenean aukera badute maskara kentzeko, eta ume batek parkean dagoenean kirola egiten duen heldu batek egiten duen esfortzu berbera egiten du. Orduan, zergatik izan behar du maskara umeak, egoera berean helduak ez badu izan behar?», galdetu Aranberrik. Gainera, taldeak argudiatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak 12 urtetik beherako haurrentzat maskararik ez duela gomendatzen.

Aspaldiko borrokak

Oraingoa ez da izan taldeak administrazioekin izan duen lehen harremana, baina ez dute oso esperientzia ona izan orain arte. «Hitzordua eskatu genien, baina ez ziguten erantzun. Baina gizarte mailan jendea saretzea lortu dugu, eta, gauza txiki batzuk badira ere, zerbait lortu dugu», azaldu Maider Aizpurua elkartearen sortzaileetako batek.

Lortu zuten zenbait udalerritan haur parkeak itxi eta gero berriz zabaltzea. Udalek hartutako erabaki hori «ebidentzia zientifikoaren aurka» doala argudiatu zuten, eta azpimarratu haurren garapenerako parkeak oso garrantzitsuak direla. Lekeition (Bizkaia) eta Andoainen (Gipuzkoa) egin zuten protesta, eta lehenengoan zabalik dago berriz parkea.

Gizartearen babesa bai, baina administrazioena oraindik izan ez duten arren, Aizpuruak esperantza du oraingoan Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak taldearen eskaerei kasu egingo dietela, eta laguntza eskatu dio gizarteari mezua zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.