Ekainaren 10eko giza katea. GEDen mugarriak

Zimendu sendoak erabakitzeko

Igandeko giza katea mugarri garrantzitsua izango da erabakitzeko eskubidearen alde. Ez da bakarra izango, ordea. Bost urte igaro dira Gure Esku Dago herri dinamika sortu zenetik, eta bidean hainbat zutoin paratu ditu erabakitzearen alde, askotariko erronkei aurre eginez.
Durangotik Iruñera dauden 123 kilometroak batu zituen giza kateak 2014ko ekainaren 8an.
Durangotik Iruñera dauden 123 kilometroak batu zituen giza kateak 2014ko ekainaren 8an. JON URBE / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko ekainak 5
Bost urteko bidean, zazpi mugarri. Eta zazpi mugarriek helburu bakarra: erabakitzea. 2013ko ekainaren 8an jaio zen, eta, ordutik, Gure Esku Dago dinamikak (GED) geldialdirik gabeko bidea egin du, herritarrak aktibatuz eta ahaldunduz, eta «kultura politiko berria» sortuz erabakitzeko eskubidearen inguruan. Pausoz pauso egin du. Hainbat erronkari aurre eginez. Erabakitzeko eskubidearen aldeko zimendu sendoak paratuz.

Mugarri handiena, seguru asko, dinamika bera sortzea izan zen. Kimua landatzea. Goierrin (Gipuzkoa) ernatu zen dinamikaren hazia, 2012ko udazken eta 2013ko udaberri artean. Gure Esku Dago-k gerora hartuko zituen printzipioen gainean izenpetu zuten adierazpena eskualdeko zenbait pertsona ezagunek, eta han egindakoa Euskal Herri osora zabaltzeko pausoak ematen hasi ziren, gero.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren lehen geltokia 2013ko ekainaren 8an izan zen. Egun hartan, Gure Esku Dago herri dinamika aurkeztu zuten Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa), eta bertan egin zuten Europan martxan zegoen erabakiaren trenera igotzeko deia.

Ordurako, herri eta eskualdeetan piztuta zeuden Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldeko talde eta ekinaldiak. Horietako batean zegoen Andoni Mikelarena beasaindarra. Mikelarenak Gure Esku Dago-ren hazia jartzen lagundu zuen Nazioen Mundua herri egitasmoan parte hartu zuen 2007an, eta gogoan dauka proiektu hark Goierri eskualdean sortutako «freskotasuna» eta piztutako «ilusioa». Dioenez, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika horrek antolatutako egitasmoak «koloretsuak» eta «irudimentsuak» ziren oso, eta eskualdeko sektore askorekin konektatzea lortu zuen, «baita politizatuta ez zeudenekin ere».

Gauzak egiteko modu berri horrek erakarrita jarraitu zuen dinamikan murgilduta, eta horren ondorioz jarraitu zuen gero Gure Esku Dago-rekin elkarlanean. Ordutik, esparru askotan ibili da, dela eskualdean herri galdeketak antolatzen, dela komunikazio alorrean. «Gure Esku Dago eskola bat izan da niretzat», azpimarratu du.

Mikelarenak gogora dakar GEDek Durango eta Iruñea batuko zituen giza katea osatzeko lehen erronka bota zuenean «ilusio handia» piztu zuela Besaingo herritarren artean. Haren ustez, dinamikaren balio handienetako bat izan zen askotariko jendea elkartzea eta helburu baten alde elkarrekin pausoak ematea: «Politika urrun sentitzen zuen jende asko batu zuen, eta, aldi berean, erabakitzeko eskubidearen kontzeptua herritarrengana hurbildu zuen».

Jendeak hasieran zituen «errezeloak» gaindituta, inor gutxik imajina zezakeena lortu zen: erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu indartsu bat sortzea. Harro mintzo da Mikelarena: «Batzuetan ahaztu egiten dugu nondik gatozen. Duela bost urte, Ficoban GED sortu zenean, pentsaezina zen gero etorriko zena. Baina gertatu da».

Aurreikuspenak gaindituta

Eta gertatu zen. Herritarrak dinamikarekin bat egiten hasi ziren, ahalduntzen. Hainbat hilabetez herrietako dinamikak sustatzen eta motorrak berotzen aritu ondoren, beste mugarri bat ezarri zuten 2014ko ekainaren 8an: milaka lagunek eskua eman zioten elkarri Durangotik Iruñera osatutako 123 kilometroko giza katean. Dinamikakoek esan zuten 50.000 lagun behar zirela, eta askok pentsatu zuten ez zirela iritsiko. Ordea, erronkaren tamainaren neurriko indarra jarri zuten herritar ugarik, eta elkarrekin antolatu, elkarlana sustatu, konplizitateak sortu eta zubiak eraikita lortu zen. Baita aurreikuspen guztiak gainditu ere. Azkenean, 150.000 pertsonak hartu zuten parte giza katean, eta, herritarren babesa ez ezik, eragile politiko eta sozial ugariren atxikimendua ere lortu zuen.

Gero, Gure Esku Dago dinamikak aldarrikapen hutsetik harago joan nahi izan zuen, eta, 2015ean, gogoeta prozesu baten ostean, jarraitu beharreko hiru faseak zehaztu zituen: ehuntzea, adostea eta erabakitzea. Bide-orri horren lehen pausoa 2015eko ekainaren 21ean burutu zen, bost hiriburutan hautetsontzi erraldoiak eraikita. Giza katearekin eskuak lotzetik, borondateak josi eta plazak eta estadioak betetzera pasatu zen. Apustu ausarta egin zuten urtebete lehenago giza katean egindako planteamendua gainditu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera Euskal Herriko gizartean orokortzeko. Bost hiriburuak aldarrikapen berearen epizentro bihurtu zituzten egun hartan. Oihal zatien bidez, herritarren borondatea batu nahi zutela irudikatu nahi zuten. Hautetsontzi bat, eskuz esku, oihal zatiz egina, «berandu baino lehen herri honek erabaki ahal izateko». Hori izango zen egin beharreko hurrengo urratsa.

Ekitaldi horiek bete-betean zabaldu zizkioten ateak herri galdeketen aroari. Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) egin zituzten estatus politikoari buruzko lehen bi herri galdeketak, 2014an, eta, handik bi urtera, galdeketen lehen olatua 34 herritara iritsi zen.

2014an Etxarri Aranatzen eta 2016an Bakaikun egin ondoren, Nafarroara 2017ko ekainaren 19an heldu zen estatus politikoari buruzko aurreneko galdeketa sorta. Miriam Mendikute Lakuntzako (Nafarroa) herri galdeketaren antolakuntza lanetan ibili zen, eta gogora dakar oso esperientzia «polita» izan zela, askotariko jendea batu eta elkarlanean aritzeko parada eman zuelako: «Ikasi genuen jende ezberdinen arteko harremanak josten eta aurreiritziak alboratzen. Herriko jende askok ezagutu zuen elkar, eta bide berriak irekitzea ahalbidetu zuen». Horren lekuko izan zen, haren esanetan, Lakuntzako bi alkate ohi aritu zirela galdeketa prestatzeko lanetan, haien arteko desberdintasun politikoak alboratuta. «Gure Esku Dago-ren filosofia horixe bera da», dio.

2014ko lehen herri galdeketek askatutako indarrek segida izan zuten gero beste hainbat herritan: jada Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 203 udalerritan egin dira galdeketak, eta ia 200.000 lagunek hartu dute hitza euren etorkizunari buruz. Mendikutek uste du galdeketen «benetako balioa» dela herriari hitza ematea, baina horrek, zeharka, adostea ere badakarrela. Galdeketatako galdera hitzartzeak duen garrantzia nabarmendu du: «Hasiera puntu bat da. Adosteko ohitura demokratiko hori hartzen badugu, ondorioak izango ditu».

Galdeketak Euskal Herriko biztanleen herena bizi den eremuetara iritsi dira jadanik, eta, horiei esker, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida normaltasunez ari da zabaltzen. Aurtengo azaroaren 19an izango da hurrengo olatu handia, Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) egingo baitituzte estatus politikoari buruzko galdeketak.

Edukiz bete dute

Azken urteotan, erabakitzeko ariketak martxan egon diren bitartean, Eskoziako eta Kataluniako galdeketen haizeak ere iritsi dira Euskal Herrira, eta Gure Esku Dago-k elkartasun keinu ugari egin dizkie herrialde horiei. Hala, estaturik gabeko nazioetako eragileekin elkarlanean, erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoak sustatu ditu, eta hainbat bilkura eta bi manifestazio jendetsu antolatu ditu Bilbon, besteak beste, Kataluniako herriari babesa adierazteko.

Baina Gure Esku Dago-k uste du ezinbestekoa dela, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko borondatea azaldu ez ezik, eskubide hori edukiz betetzea ere. Hori lortzeko, beste mugarri bat jarri du bidean: Herritarron Ituna. Euskal herritarrek erabakitzeko dituzten milaka arrazoiak bilduko ditu itun horrek. Herriz herri jaso dituzte arlo desberdinetako ekarpenak. Ekainaren 10ean plazaratuko dute dokumentua.

«Ariketa honek balio du erakusteko herritarrok parte hartu behar dugula gure etorkizunaren eraikuntzan». Karmele Olabarrieta Gure Esku Dago-ko kideak bertatik bertara ezagutzen du Herritarron Ituna lantzeko prozesua. 2015ean hasi ziren itun hori mamitzen, herrietako eztabaidekin, eta prozesua «pausoz pauso» egin dute, herritarren ahalik eta ekarpen gehien bilduta. Zergatik, zertarako eta zertaz erabaki. Hiru galdera horien bueltan lau mahai inguru antolatu dituzte aurten: Ongizatea, Kultura, Gure Lurra eta Herritartasuna; eta horietan bildutako arrazoiekin zein herrietan jasotakoekin landu dute Herritarron Ituna.

Guztira, 2019 arrazoi bildu dituzte itunean, 2019. urtea gakoa izango delako estatus politikoaren gainean erabakitzeko. «2019an, ziklo berria irekiko da, eta baldintzak izango dira erabakitzeko eskubidearen egikaritzean aurrerapausoak emateko», azaldu du Olabarrietak.

Datorren igandean mugarri berria jarriko du Gure Esku Dago-k, Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko giza katearekin. 100.000 lagun behar dituzte 201,9 kilometro osatzeko. Olabarrieta ziur da Euskal herritarrek erantzun egingo diotela erronkari, gizartean badagoelako «nahikoa gihar». «Giza kapital izugarria dugu, eta kapital hori martxan jartzen denean herri hau geldiezina da».

Bidea ez da igandeko giza katearekin amaituko; giza katea ez da izango azken mugarria. «Azken helburua da herri honek erabaki ahal izateko tresnak eskuratzea». Baina Olabarrietak dio urratsak egiten jarraitu behar dela hori lortzeko: «Poliki-poliki, baina gelditu gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna