Koronabirusa

Maskarak herritarrentzat

Ipar Euskal Herriko herritar bakoitzari bina maskara emanen dizkio Euskal Elkargoak, konfinamendutik ateratzeko babes neurri gisa. Baitezpadakoak izanen dira garraio publikoan.

Maskarak ekoizten ari da Baionako Le Beret Français enpresa. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Asteburu honetatik aitzina, COVID-19 birusaren hedapena saihesteko maskara bana izanen dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritar guziek. Maiatzaren 11tik aitzina, konfinamendutik ateratzen hasiko da Ipar Euskal Herria, eta Euskal Elkargoak bermatu nahi izan du herritar bakoitzak bere babesa izatea. Afnor normako maskarak dira, garbitzeko modukoak eta berrerabilgarriak. Herriko etxeek segurtatuko dute banaketa, astelehena heldu aitzin. Urririk banatuko dituzte.

Elkargoko komunikazio zerbitzuek azaldu dute 600.000 maskara Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin batera erosi dituztela; oihalezko beste 50.000 Ipar Euskal Herriko enpresa eta sortzaileei erosi dizkiete, «tokiko enpresen ekoizpena sostengatzeko». Maiatzaren 11rako, 300.000 maskara banatuko dituzte, eta ondoren, 100.000 astero, herritar bakoitzak bina maskara eskuratu arte.

Halaber, beste 200.000 maskara kirurgiko manatu dituzte herrietako eta elkargoko langileei banatzeko, eta FFP2 motako 40.000 maskara artatzaileei emateko. Orotara, kasik bi milioi euroko kostua izanen du Euskal Elkargoarentzat.

Lehengo astean aurkeztu zuen Frantziako Gobernuak maiatzaren 11tik aitzina konfinamendutik ateratzeko plana. Lana etxetik egitea lehenetsi badute ere, enpresa anitz ohiko jarduerara itzuliko dira, eta eskolak ere irekitzen hasiko dira, pixkanaka.

Frantziako Gobernuak erabakitako neurrien arabera, maskara eramatea baitezpadakoa izanen da zenbait espaziotan, garraio publikoan adibidez. Claude Olive Euskal Elkargoko mugikortasun lehendakariordeak atzo adierazi zuen Ipar Euskal Herrian garraio publikoko sarearen %80 irekiko dutela heldu den astelehenetik aitzina. Horretarako, neurri bereziak hartu dituzte: bi eserlekutik bat ez da erabilgarri izanen, autobusak erregularki desinfektatuko dituzte, eta gidariak babesteko neurri bereziak hartuko dituzte. Maskararik ez dutenak ibilgailuetara sartzen ez uzteko kontrolak eginen dituzte.

PCR testak, aztergai

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak azaldu duenez, «badu asteak» Ipar Euskal Herrian PCR testak egiteko lanean ari direla, eta erran du espero duela hemendik gutxira horri buruzko adierazpen bat egitea. Testak masiboki egin nahiko lituzkete, medikuaren aginduarekin eta gizarte segurantzak ordainduta. «Administratiboki biziki konplikatua da, ARS Eskual- deko Osasun Agentziaren baimena behar dugu». Etxegarai lehendakariak esplikatu du Baionako Ospitaleak egin litzakeela halako testak, baina ez dutela gaitasun materialik masiboki egin ahal izateko. Haren hitzetan, beste leku bat balukete, baina «arazo nagusia prozedura da».

Euskal Herriko Unibertsitatearekin partaidetza bat egiteko aukerei buruz eskatuta, aitortu du ez dutela aukera hori aztertu: «Oraindik muga bat badugu, maluruski. Erregimen juridiko eta administratiboak desberdinak ditugu. Gaur egun, ez naiz gai errateko posible litzatekeen».

Hornikuntza sare propioa

Ipar Euskal Herrian banakako babes ekipamenduen hornikuntza sare propioa osatu nahi duela jakinarazi du MIG Merkataritza eta Industria Ganberak ohar batean. «Frantzia mailako autonomiarik ezean, besteak beste, maskaren fabrikazioan, lurralde bakoitza bere aldetik antolatzera behartu du». MIGen arabera, gaur egun, Afnor normak betetzen dituzten maskaren fabrikazioa Ipar Euskal Herriak dituen beharrak betetzera heltzear da.

Gainerakoan, azken asteetan enpresa batek baino gehiagok bere fabrikazioa halako materiala ekoiztera bideratu izana txalotu du MIGek. Bere webgunean erreferentziatu ditu denak, eta dei egin die enpresei, hornikuntza sarean parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.