Zaintzailea zaintza eske

Bizkaiko zahar etxeetako zaintzaileek sektore publikoko langileen lan baldintza berak exijitu dituzte. Ratioak handitzeko eta gaixoaldiak lehen egunetik betetzeko eskatu dute, Bilbon.

ELAko langileek Arriagatik abiatu zuten manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Jesarri gara, eta altxatzea kostatu zaigu». Bizkaiko zahar etxeetako LABeko langileek Bilboko Hurtado Amezaga kalea ebaki dute. Esaldi horrekin azaldu du Izortze Iturain Eguzkizak zahar etxeetako langile asko nola dauden fisikoki. 2004tik ari da zahar etxeetan, eta «egoerarekin kantsatuta» dagoelako irten da kalera. Azken urteetan lan karga asko handitu dela salatu du, eta pandemiaren ondorioak asko nabaritu dituztela. «Azken hilabetean psikologikoki eta fisikoki igarri dugu intzidentzia tasa igo dela. Kasuen igoerak esfortzu fisiko askoz handiagoa eskatzen du», adierazi du, «gaixoaldi asko ez direlako betetzen». Iturain Eguzkizaren arabera, mutualitateak askotan ez dizkie lan istripu moduan onartzen lanak eragindako lesioak. Berezkoa dutela esaten diete, eta ez dela lanaren ondorio. «Esaten digute txarto eginda gaudela».

Bigarren greba eguna dute hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik, baina, LABen arabera, patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute mugimendurik egin. Gainera, salatu dute patronala negoziazioak blokeatzen ari dela oraindik. Lau sindikatuak irten dira kalera. ELA eta LAB bakoitza bere aldetik, eta CCOO eta UGT, biak batera.

«%0ko igoera eskaini digute aurten. Hori ezin da sinatu», esan du Iturain Eguzkizak. Eusko Jaurlaritzak ezarritako %100eko gutxieneko zerbitzuak ere deitoratu ditu: «Gutxieneko zerbitzuak %100ekoak badira, esan nahi du egunero gaudela gutxieneko zerbitzuetan». Gizarte osoak altxatu behar du, langilearen ustez: «Familietako askok ere kalera irten beharko lukete, haien senideak gutxieneko zerbitzuek zaintzen dituztelako».

LABekoek hamar bat minutuz ebaki dute kalea. Aldundiari eskatu diote sektore pribatuko langileen baldintzak sektore publikokoenekin parekatzeko, eta ratioak handitzeko. «Gaurkoa aldundiarentzako abisu bat da, eta altxatu egingo gara espaloira, baina, hurrengoan, geratu egingo gara», hitzeman du LABeko ordezkari batek bozgorailutik.

Eredu berri baten beharra

ELAk Arriagatik abiatu du manifestazioa, lapikoen soinuarekin lagunduta. «Guk zaindu egiten ditugu; zuek ostu egiten diezue», oihukatu diote patronalari. Salatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak negozio eredu baten alde egiten duela, «pertsonen lepotik», eta «emakumeen kontura». Eredu berri baten beharra azpimarratu dute, eta gaixoaldiak lehen egunetik betetzeko eskatu. «Zaintzaileak, erizainak, medikuak, fisioterapeutak eta sukaldariak falta ditugu», azaldu du ELAren pankartaren ondoan Ruben Blazquezek. Lan karga «jasanezina» dela esan du, eta sindikatuak egindako ikerketa bat hartu du aipagai. «Egunean 60 minutu dauzkagu erabiltzaile bakoitzarentzat».

Iritzi berekoa da Elena, zeina sindikatuaren banderarekin joan den: «Esku bakarra daukagu aulki askorentzat». Hogei urtez lan egin du zahar etxeetan, eta bederatzi urtez gaueko txandan. Esan duenez, bi profesional bakarrik egoten dira haren txandan, eta ehun erabiltzaile baino gehiago jagon behar dituzte, mediku eta erizain barik. «Gauean norbait gaixotzen bada edo hiltzen bada, hankaz gora ipintzen zaigu txanda». Askotan lana goizeko langileei utzi behar izaten dietela azaldu du, eta asko igarri duela aldaketa sektorean hasi zenetik hona, lehen lana «eroangarriagoa» zelako. Langileak asko igarri du lantokian azken hilabeteotakoCOVID-19 kasuen gorakada. Batetik, haien lan kargan eragiten dute langileen artean izaten diren kasuek. Bestetik, erabiltzaileen arteko kutsatzeek ere lana biderkatzen dute. «Denbora askoz gehiago behar dugu, pertsona bakoitzarekin erabilera bakarreko babes jantzi berri bat ipini behar dugulako», esan du. LABeko Monica Rojok kexa berbera adierazi du, eta, babes jantzi gutxiegi dauzkatela salatzeaz gain, lan erritmoa «jasanezin» bihurtu dela esan du.

Baldintza onen onurak

ELAren eta LABen manifestazioetan egon da Babestu senideen elkartea. Taldeko kide Iraide Urrizek esan du langileekin bat egin dutela haien baldintzak hobetu ditzatela eskatzeko. «Haien baldintzak hobetzen badira, gure senideenak ere hobetuko dira», azaldu du. Urrizentzat, kalera ateratzea da konponbidea, eta, haren aburuz, gizarte osoak mobilizatu beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.