Ekainaren 10eko giza katea. Antolakuntza

Katebegiei azken zertzeladak

Igandeko giza kateak amaiera emango dio hilabeteetako lanari. Ehunka lagunek hartu dute parte antolaketan, eta igandean milaka izango dira boluntarioak. Azken xehetasunak adosteko, ordea, talde txiki bat bildu da Bergaran, egun eta gau giza kateari begira lanean.

Gure Esku Dago plataformako kideak, azken xehetasunak adosteko lanetan, Bergarako Lamaino Etxeberri landetxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Bergara
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Ekainaren 10eko giza katea iristear da. Egun gutxi batzuk besterik ez da falta, baina oraindik ere badira argitu beharreko xehetasun batzuk: ibilbidea, boluntarioen arteko koordinazioa, baita parte hartzeko azken deiak ere. Horretarako, Gure Esku Dago-ko kide talde bat bildu da Bergaran (Gipuzkoa), Lamaino Etxeberri landetxean, hirietako distrakzioetatik urrunduta. Hilabeteetako lanari behar bezalako amaiera ematea dute asmo, herriz herri lanean jarraitzen dutenekin batera. Orain arteko lana jada arrakastatsua izan dela azpimarratu dute, sarea indartu delako. Halere, lan hori Euskal Herrira eta mundura zabaltzeko azken zertzeladak prestatzen ari dira.

2014an, 123 kilometroko giza kate batek Durango eta Iruñea lotu zituen. Igandekoa, beraz, bigarrena izango da. Andoni Mikelarena GEDeko kideak azpimarratu du, ordea, batzuentzat ez dela bigarrena: «Helburua hiri handietara iristea da, eta, horko biztanle askorentzat, lehenengoa da. Besteak beste, Donostia, Bilbo eta Gasteizko jende askorengana lehen giza katea ez zen iritsi, eta, iritsi bazen, egunean bertan izan zen; telebistako irudi baten gainean». Hori dela eta, jende horrengana iristea izan da plataformaren kanpaina komunikatiboaren oinarrietako bat. «Nabaria da, abestia entzunda edo iragarkia ikusita. Gaztelerazko iragarkia ere badugu».

Halere, bigarren aldiz parte hartuko dutenak ere ez dituzte albo batera utzi nahi. Horiek lotzeko argazki berriak lortu nahi izan dituzte. Horien artean, 200 alkatek eta hautetsik Gernikan ateratako argazkia, ekainaren 10ean parte hartzera dei eginez. «Azken urteetan, hautetsi eta alkateek ez dute halako agerraldi espliziturik egin erabakitze eskubidearen alde. Agian, ez du izan guk nahiko genukeen eragina, baina bazen argazki berri bat», azaldu du Mikelarenak.

Bigarren katea izango duten horien «ilusioa» handiagoa edo txikiagoa den ez du baloratu nahi Alex Zenarruzabeitiak. Argi du GEDek alde emozionaletik jo izan duela, baina arrazoiaren bidea jorratu nahi du. «Erabakitze eskubidearen eta autogobernu lantaldearen inguruko eztabaidetan eragiteko, eta, Espainiatik datozen diskurtso zentralisten aurrean, herritarrek inoiz baino arrazoi gehiago ditugu mobilizatzeko», azaldu du.

Ilusioa emozioekin lotzen da. GEDek, ordea, emozionaletik arrazionalera igarotzeko pausoa eman duela adierazi du GEDeko kide Jone Amonarrizek, Herritarron Itunaren bitartez. «Eskubideen defentsan» zentratu dute kanpaina, eta hortik harago: «Gure etorkizunarekin zer egin nahi dugun». Kideek azpimarratu dute GED ez dela plataforma independentista bat, eta, Amonarrizen esanetan, «orube bat» eratzea da euren helburua, «horren gainean erabaki ahal izateko». Horrela, arazo sozialak erabakimenarekin lotu beharra adierazi du: «Eguneroko gauza ia denek erabakitze eskubidearen auzia dute muinean».

Lanaren fruitua

Bide horri jarraipena emanez iritsiko da igandeko giza katea ere. Horretarako, ordea, oraindik lan ugari dute aurrean. Zenarruzabeitiak azaldu du «ahokatzea» falta zaiela, kilometroen, autobusen eta herritarren kokalekuen inguruko xehetasunak nagusiki. Alde horretatik, 2014ko ekitaldiko «tik» batzuk berriz ere igartzen ari dira, eta ez dute zalantzarik azken egunak «zoramena» izango direla.

Buruhauste nagusia autobusak izango dituzte. «Hainbeste autobus antolatu eta tetris hori osatzea», azaldu du Unai Lizasok: «Esaterako, Astigarragan 500 lagun. Asko edo gutxi dira? Ba, hamar autobus; inoiz ez dira ezertarako hainbeste autobus atera handik». Jexux Olaziregiren ustez, jendea ez da mobilizazioren tamainaz kontziente izaten azken unera arte, eta gogoratu du Euskal Herri osoari eragingo dion zerbait dela, 1.200 autobus inguru mugitzea espero baita, eta auto pila. Alde horretatik, autobusa erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute: «Hura da ziur zure kilometroan utziko zaituen garraio bakarra». Horiek egin beharreko bidea ere prestatu dute. Batzuetan bide motzena ez den arren, gutxien eragozten duena. Azaldu dute herrietan askotan zail egiten dela erabaki horiek ulertzea, baina esplikatzen zaie hori dela onena arazoak saihesteko. «Adibidez, hainbat bidetan ezin dira bi autobus gurutzatu», azaldu du Zenarruzabeitiak.

Esperientzia badutela azaldu dute kideek, baina inoizko handiena izango da aurtengoa. Horretarako «aurrerapauso kualitatibo bat» eman dutela azaldu du Olaziregik, eta ezinbestekoa izan dute boluntarioen lana. Izan ere, aurrekontu berarekin, giza kate askoz luzeagoa egingo da.

Aurrerapausoa, ordea, ez da eman barrura begira soilik. Nazioarteari ere mezu bat bidaltzeko asmoa du egitasmoak, «eztabaida hori sortzen ari den une batean», azpimarratu du Mikelarenak. Horretarako, giza katea grabatu eta zuzenean eskainiko du GEDek, baita satelitez eskaintzeko aukera eman ere. Mikelarenaren esanetan, horrek guztiak agerian uzten du Gure Esku Dago-ren profesionaltasuna: «Aurreko giza katean iritsi ez ginen lekuetara iristeko, errepidean sortzen den energia hori transmititzeko».

Horretarako guztirako, ezinbesteko izan dute boluntarioen lana: 3.000tik gora dira. Egunean bertan, kilometro bakoitzak bi arduradun izango ditu, «hartzailea» eta «bisitaria». Lehena herrikoa izango da, eta giza katea osatzea izango du ardura. Bigarrena, berriz, kilometro hori egokitu zaien herrikideak bertara eramateaz arduratuko da. Autobus bakoitzak ere bere arduraduna izango du. Horiez gain, komunikazio arduradun bat eta argazkilari bat ere egongo dira, gertatzen denaren berri emateko. Horien guztien arteko koordinazio lana izango da azken egunetan konpondu beharreko xehetasunetako bat.

Igandea iritsi aurretik ere ahalik eta boluntario gehien biltzeko asmoa du GEDek. Amonarrizen hitzetan, «magia berezi bat» sortzen da denak halako une estresagarrietan biltzean. Zenarruzabeitiak azaldu du eurak egun osoz ari direla lanean, baina herrietakoa ikaragarritzat jo du: «Gu 24 ordu gaude; haiek, 24 ordu, eta euren lanetan ere bai». Izan ere, Olaziregik azpimarratu du zer den GEDen gauza handiena: «Kapital humanoa». «Sentsibilitate ezberdinetako jendea elkarlanean aritzea, gatazkan egon direnak harreman horiek saneatzen egotea, elkarlan esparruak sortzen», gehitu du Amonarrizek.

Gizartearen parte hartzeari dagokionez, errealitateari begiratu beharra azpimarratu du Amonarrizek, eta bi alde bereizi ditu. Batetik, antolakuntzak aurreikuspenak egiteko duen «presa» —izen emateak, autobusak...—. Bestetik, gizartearen erritmoa, «askok azken unerako uzten baitute izen ematea». Horregatik, azken aste eta egunak erabakigarrik direla azpimarratu du. «Noiz hartzen da parte hartzeko erabakia mobilizazio askotan?», galdetu du Lizasok, eta berak erantzun: «Azken egunetan». Halere, uste du jende asko ez dela jabetzen zer lanketa dagoen giza katea antolatzearen atzean, eta horregatik egin dute gonbita ahalik eta azkarren izena emateko.

Lizasoren beraren esanetan, ordea, eginiko lana jada «arrakasta» izan da, halako apustu bati eman zaion erantzunagatik: «Talde berriak sortu dira, eta ahulduta zeudenak, indartu». Kanpo eragileen babesarekin ere «harrituta» geratu direla azaldu du. Horixe pentsatzen du Miren Aiesua lankideak ere: «Ez dut uste Euskal Herrian halako beste mugimendurik dagoenik». Azpimarratu dute inoizko egiturarik «sendoena eta eraginkorrena» lortu dutela, eta hori jendeari transmititzea dela orain gakoa.

Prozesu luzea

Igandeko mobilizazioaren diseinua duela hilabete batzuk hasi ziren prestatzen, iazko azaroan, Gure Esku Dago-ren batzar nazionalaren ostean. Olaziregik azaldu du Herritarron Ituna dinamika aurten egin beharreko mobilizazioarekin uztartu nahi zutela, eta horretarako zerbait prestatu beharra zegoela: «Hura [Ituna] lauso gera zitekeela ikusi genuen, eta mobilizazio batekin indartsu gizarteratu nahi genuen. Herria berriro aktibatzeko beharra ikusi genuen». «Fase berri baten atarian» dago Gure Esku Dago, eta hori irudikatzea zuten helburua.

Amonarrizen esanetan, bi helburu nagusi zeuden: jende gehien bizi den eremuetara iristea, eta herritarrak aktibatzea. Horretarako, parte hartzea erraztu nahi izan zuten, jendea ahalik eta gutxien mugitu behar izateko: «2014ko katea ia inor bizi ez den lekuetatik igaro zen, eta jende asko mugitu egin behar izan zen». Hala sortu zen Donostia, Bilbo eta Gasteiz batzeko ideia. Lizasoren esanetan, ekinaldia pertsonengan zentratzen da era horretan: «Giza katean, pertsona bakoitza da ezinbestekoa. Denok gara inportanteak».

Ibilbidea aukeratzea ere ez da lan erraza izan: autobiderik igaro gabe, hiru hiriburuak lotzea. Irizpideak finkatuta, geolokalizazio enpresa bati pasatu zizkioten datuak, eta hark ibilbide posible batzuk eman. Horietako bat aukeratu, eta hortik aurrera moldatuz joan dira, herrietako taldeen proposamenak entzunez batzuetan, beste aukerarik ez dagoelako bestetan. «Egun ibilbidea ia behin betikoa da, baina benetan behin betikoa ekainaren 10ekoa izango da», azaldu du Olaziregik: «Kontrolatu ezin diren mila gauzarengatik».

Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu giza kateak. Ez, ordea, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Bi lurralde horietan ere giza kate bana egiteko ideia mahai gainean izan zuten, «hiru erabakiguneekin lotzeko», baina beste bide bat hartu zuen egitasmoak. «Nafarroako Gure Esku Dago-ko taldeek adierazi zuten giza katea ekimen nazional gisa ikusten zutela, eta, horrez gain, euren ekimen propioa egin nahi zuten». Era horretan sortu zuten Iruñean eginiko giza armarriaren ideia, eta ehunka pertsonak osatu zuten. Katean ere izango dira nafarrak. Era horretan, GEDek uste du Nafarroara egokitu dela. Iparraldean, errealitatea bestelakoa da. Egun, Gure Esku Dago-k ez du talderik han. «Bere garaian egon zen martxan, baina, Euskal Elkargoaren kontua hastean, horretan jarri zituzten indarrak», azaldu du Amonarrizek. Izan ere, GEDeko kidearen ustez, ez du zentzurik Baionan zerbait egiteko esateak, Baiona Hegoaldeko herritarrek betetzeko bada.

Errealitate ezberdinak dituzte EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak, eta horietara egokitu nahi du plataformak. «Eztabaida politiko bat martxan dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta uste dugu hor eragin behar dugula. Horrek bere fruituak emango ditu beste bi lurraldeetan», azaldu dute. Horri guztiari katearen luzera ere gehitu behar zaio: 201,9 kilometro. «Guretzat idealena izango litzateke Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzea, eta espero dugu egunen batean iritsiko dela». Baina, gaurkoz, ekainaren 10eko giza katea «erronka handia» iruditzen zaio Amonarrizi, 2014koa baino 80 kilometro luzeagoa baita.

Katea ez da etengo

Ekainaren 10ean ere ez da dena amaituko. Ondoren, «hausnarketa egitea» tokatuko zaie. Donostiako eta Irungo herri galdeketak dituzte hurrengo erronka handiak, eta 2019an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako galdeketa fasea amaitzean, Gure Esku Dago-k bost urteko ibilbidea biribilduko duela azaldu dute, aurrera begirako bidea jorratzen hasteko.

Horren aurretik, ordea, igandekoa mugimenduarentzat «klik» egiten duen momentua izatea nahi dute, erabakitzeko eskubidearen alde aurrerapauso garrantzitsu bat emateko, gaia pil-pilean den une honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.